E. Goenaga Lizaso
Herenegun egin zuten Irurako Ikastolaren Haur Hezkuntzako (HH) eraikin berriaren inaugurazio ofiziala, baina umeek jada hiru hilabete daramatzate eraikin horretan. Bertan irakasle dira Ainhoa Artola eta Izaskun Gaztañaga, eta, ume zein gurasoak bezala, ezin gusturago daude eraikin berriarekin. “Badira pare bat urte irakasleak hasi ginela konfiantzaren pedagogiaren gaia lantzen, Arizmendi ikastolakoen eskutik formazioa jasotzen, beste ikastetxe batzuk bisitatzen eta aldaketa pedagogikoaren beharrari erantzuteko lanean. Ikasturte honetan hasi gara sarrera ordutegi malguarekin, baina umeak hiru eraikinetan banatuta zeuden, eta zaila zen pauso gehiago ematea”, azaldu du Artolak.
Irurako Ikastolan 2 urteko gelarekin hasten da HHko zikloa, eta 3, 4 eta 5 urteko gela bana dago. 09:00etan, txirrina jotzearekin batera, arrapaladan sartzen dira ume zein gurasoak. Baina ez denak. 10:00ak arte sarrera librea dute. Berdin, 14:30etik 15:00etara. Artolaren esanetan, hori da ikasturte honetan egindako urratsetako bat; umeen zirkulazio librea da bestea. “Lehen ere saiatzen ginen umeak mugitzen, adin ezberdinetakoak elkartzen, baina, eraikin ezberdinetan egonda, ez zen zirkulazio librea. Orain, goizeko zein arratsaldeko lehen orduan, librea da zirkulazioa, umea nahi duen tokian ibil daiteke”.
14:45ean joan da kazetaria ikastolara, eta halako anabasa lasai bat aurkitu du. Umeak daude nonahi: korridorean ipinitako jolasekin dabiltza asko, haien tamainara egokitutako sofa eta etzaulkietan eserita edo erdi etzanda beste batzuk; lurrean etzanda dago taldetxo bat, tenperekin artegintza abstraktua lantzen; 2 urtekoei siesta errespetatzen zaie, eta ume batzuk lo daude… “Hasieran eman dezake umeak horrela ibilita zalaparta handiagoa dela, baina umeak lasaiago daude; hori da hiru hilabeteotan antzeman duguna”, dio Artolak.
Gelara sartzeko aterik ez dago, hormek mugatzen dute nolabait espazioa. Margotzen ari dira, eskulanetan, hondarrarekin jolasean, kamioi eta autoekin ere bai, animaliekin, eraikuntza tresnekin, sukaldean… Adin ezberdinetako umeak dabiltza elkarrekin, txikiak handien gelan, handiak txikien gelan, nor bere gelan ere bai. “Mikroespazio asko jarri ditugu, eta umea nahi duen tokian dabil. Berak hautatzen du gehien gustatzen zaion jarduera, seguru sentitzen den tokia… Erreferentziazko gela bat eta irakasle bat ditu; baina, gelaz mugitzen denean, erreferentziazko irakaslea gela horretan dagoena da, eta, horretarako, umeak konfiantza eta segurtasuna sentitu behar ditu irakasle horrekin. Batzuek azkarrago ematen dute pausoa, beste batzuei gehiago kostatzen zaie”, gehitu du Gaztañagak.
Gelatik gelara badago ate handi bat. Irekita dago zirkulazio librea denean, baina itxi ere egiten dutela esan du Gaztañagak. “Orduan hasten da gela bakoitza bere lanak egiten. Izan ere, pausoz pauso ari gara; halako aldaketa pedagogiko bat ezin da bat-batean eman, eta oraindik ere jarraitzen dugu fitxak egiten, ipuinak lantzen…”.
Hasi berriak dira bidea egiten, bai eraikin berrian eta bai Ikastolen Elkarteak Haur Hezkuntzarako planteatzen duen proiektu propioaren lanketan. “Erabaki asko daude hartzeko, eta horretan ari gara, irakasleok batetik, baina baita gurasoekin ere. Paperezko ikasmaterialen gaia hor dago, txikienen egokitzapena nola egokitu, mantalaren erabilera… aztertu egin behar ditugu, eta egoki ikusten den moduan aplikatuz joango gara”, dio Artolak.
Eraikin berriak koloretako leihoz beterik du alde bat, eta barrualdeak itxura berezia hartzen du eguzkiak jotzean. Umeak korridore luze batetik sartzen dira, baina gela bakoitzak irteera zuzena du patiora. Alde horretan, hormarik ez dago, beirate handi bat baizik; argitasuna ez ezik, kanpora irteteko bide zuzena ematen die horrek. “Ate hau zenbaitetan irekita egoten da, kanpoko espazioari erabilera emanez: ipuin irakurketak, esperimentazio saioak, margoketa… Zirkulazio libreari begira, beti irekita edukitzea litzateke helburua, baina horretan ere pausoz pauso joango gara bidea egiten”, dio Gaztañagak.
Eraikin berriak bere mugak ere badituela onartu du, halere, irakasleak. “Ikastola asko ikusi ditugu, eraikin zoragarriak, gela barruan hiru dimentsiotako egitura ikusgarriak dituztenak, batere hormarik gabeak… Eta eraikin honen diseinuan saiatu gara haiengandik edan eta konfiantzaren pedagogiaren irizpideak txertatzen, baina betiere gure errealitateari, baliabideei eta mugei begiratuta”.
Leave a Reply