Astotxo Egunean Enkarterrietako astoen lehiaketa eta erakusketa egiten dira Lazkaon, Antsoategi kultur elkarteak eta Gipuzkoako Astozale Elkarteak (Giasel) antolatuta. Igande goizean ehun asto baino gehiago egongo dira Euskadi enparantzan. 12:00etan Gipuzkoako XIII. Lehiaketa egingo da, asto ar eta eme onenak aukeratu, eta 300na eurorekin saritzeko.
Horrez gain, bigarren aldiz, Enkarterri astoen kalifikazio ofiziala ere egingo da, 11:00etan. Arrazaren berezko ezaugarri morfologikoak eta fisikoak dituzten buruei ziurtagiri ofiziala emango diete.
Enkarterrietako astoa tamainaz ez da handia, baina proportzionatuak behar ditu hankak, gorputza eta burua. Kolorea uniformea, beltzetik gorriztara bidekoa. Buruak oso handia ez du izan behar, belarriek ere ez oso luzeak, begiak aurpegiaren pare eduki behar ditu, eta beheko ezpaina goratua; begi inguruak eta sabel azpia zuriak, baina zuritasuna hanketara jaitsi gabe. Isatsa, iletsua. “Alaitasuna” adierazi behar du astoak parez pare begiratutakoan.