“Udalak jabekuntza prozesu batean murgilduko du herritarra”

“Udalak jabekuntza prozesu batean murgilduko du herritarra”

I. Zarate

Errenteriako Udalak EHUko ikerlariak izango ditu bidelagun Helburuetan Oinarritutako Aurrekontuaren proiektuan. Horietako bat izango da Agustin Erkizia (Aizarnazabal, 1963).

Lan asko egin da arlo teorikoan, baina, orain arte, halakorik ez da eraman praktikara. Zer esanahi dauka zuentzat?

Ikerketan dihardugunoi maiz leporatzen zaigu burbuila batean gaudela, errealitatetik urrun. Baina errealitatearekin bat egin eta gizartearen beharretara egokitzeko ikerketan egiten ditugun ahaleginen adibide dira horrelako kasuak. Guretzat erronka da, teoriak edo paperak dena onartzen duelako, baina gero errealitatera eramateko garaian sortzen direlako benetako arazoak. EHUn ahalegina egiten ari gara ahal dugun neurrian gizarteak dituen beharrei erantzuteko, eta adibide ona da kasu hau, teoria hutsetik praktikara jauzi egingo dugulako. Oso erronka polita da.

Sistema berriarekin zertan aldatuko da kudeaketa eredua Errenteriako Udalean?

Orain arte, ekonomikoki eskatutako betebeharrak legearen ikuspuntutik betetzen ziren edo ez hartzen zuten oinarri gisa kudeatzaileek. Kontuak aurkezteko ere hori zen oinarria, ikuspuntu juridikoa. Edozein udaletara joan, errealitatearen berri izaten hasi, arlo ekonomikora jo, eta informazio ulergaitzarekin topo egiten dugu sarri. Bazirudien kaleratutako informazio hori espresuki horretarako egina zegoela: ez ulertzeko. Buelta eman behar zaio horri; jendeak ulertzeko moduko gauzak egin behar dira, eta bere horretan apustua da hori, maiz aipatzen den gardentasunaren ildotik doan zerbait. Badakigu ez dela erraza, baina Errenteriako Udalaren apustuak argi erakusten du udalak are gehiago gerturatu nahi duela herritarrengana; udalak herriari erakutsi eta aukera eman nahi dio bere dirua zertarako erabiltzen den jakin dezan. Hori guztia, gainera, ulertzeko era erraz eta erosoan azalduko du. Hori da erronka.

Errenteriako Udalaren erronka ausarta dela esan zenuen proiektua aurkeztean.

Eta hala da. Udalak jabekuntza prozesu batean murgilduko du herritarra. Herritarren zerbitzura egonez gero, udalak herritarren informazio hobea jasotzeko aukera izango da. Arriskua ere badu horrek: herritarrei ematen diezun informazioa zenbat eta gardenagoa eta ulerterrazagoa izan, aholkuak emateko erraztasun handiagoa izango dute eurek, momentu bakoitzeko errealitatearen jabe izango direlako. Ez nuke mendekotasuna esango, baina herritarren gomendioak kontuan hartzeko obligazioa dauka udalak. Kudeatzailearen askatasuna galtzeko arriskua dago, baina arrisku horrek merezi duela uste dut. Sistema honekin, herriak dituen beharrei erantzuteko bideratzen dira indarrak, eta hor dago gakoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.