Imanol Garcia Landa
Gipuzkoako herririk txikienetakoa da Orendain, baina ezin da ukatu oso dinamikoa dela. Herritarren parte hartzeari ematen zaion garrantzia nabarmendu du Gorka Egia alkateak (Orendain, 1978): “Aurreko legealdia hasi genuenean argi geneukan bideren bat aurkitu beharra geneukala herrian hartuko genituen erabakiak herritarren gehiengoaren iritziaren araberakoak izateko. Bost urteren ondoren, lasai esan dezakegu gaur egun herritar guztien araberakoak direla Orendainen hartzen diren erabakiak”.
Urtero martxan egoten diren parte-hartze prozesuetan herritarren %85-90ek parte hartzen dutela zehaztu du Egiak. Etxeetara banatzeko galdetegi bat prestatzen dute, hainbat atalekin. Lehenengoan, herritarrek aurretik baiezkoa emandako proiektuak daude, eta jendeak horien artean lehenetsi behar izaten du. Udala lehentasun horien arabera saiatzen da proiektuak gauzatzen. Aurreko urtean proposatutako proiektu berrien zerrenda egoten da bigarren zatian, horiei onespena eman edo ez bozkatzeko. Bestalde, proposamen berriak jasotzeko aukera ere izaten da.
Beste atal bat ere nabarmendu du Egiak: auzolanarena. “Galdetegiaren bidez erabakitzen dugu udaleko diruarekin zer egingo dugun, baina gure ahaleginarekin herrian zer egin dezakegun ere erabaki nahi dugu. Horrela, oreka sortu nahi dugu eskubideen eta betebeharren artean”.
Herri batzarra egiten dute bigarren fasean; abenduan, normalean. Galdetegian jasotako erantzunen berri ematen dute bertan, eta herriko kontuen berri “zehatza” ere ematen dute, “gardentasunean sakontzeko asmoz”. Alkateak dio badela zer hobetu parte-hartze prozesu horretan: “Hausnarketarako tartea ireki nahi dugu aurten, denon artean aukeratu ditugun proiektuen inguruan eztabaidatzeko, eta benetan garrantzitsuak diren ala ez ikusteko”.
Energiarena da udalaren agendan egun mahai gainean dagoen gai nagusietako bat. “Energiaren gaiari heldu behar geniola azaldu izan dute herritarrek parte-hartze prozesuetan”. Urte eta erdi daramate lanketa horrekin. “Oso konplexua da gaia; benetako arazoa da. Eta ez Orendainen bakarrik, mundu guztiko arazo nagusietako bat da. Baina nola erantzun behar diogu herritik arazo global bati?”.
Energia berriztagarria
Hiru lan ildo aurreikusi dituzte energiaren gaian. Egiak azaldu duenez, lehenengoa da teknologia erabiliz energiaren arazoa gainditzen saiatzea. “Helburu nagusia da Orendainen kontsumitzen den ahalik eta energia gehiena herrian bertan sortzea”. Horretarako, energia kontsumoa murriztea izango da lehen pausoa. “Zenbat produzitu nahi dugun jakiteko”.
Kontsumoa murriztera bideratuko dituzte aurtengo inbertsioak. “Kobrea bota eta sare bat sortu nahi dugu hurrengo urtean, eraikin publiko guztiak eta argiteria lotzeko. Eguzki plakak jarriko ditugu pilotalekuaren gainean, eta horiek sortuko dute aurretik kalkulatuta daukagun eta behar dugun energia kopurua”, zehaztu du Egiak. Bateria batzuetan gordeko dute energia hori, eta horietatik joango da elektrizitatea eraikin publikoetara zein udal argiteriara. Elektrikoa izango da udal ibilgailua, eta gasolioak ez, plaken bidez sortutako elektrizitateak hornituko du.
Berokuntzari dagokionez, geotermia dute erabilera askoko eraikin berrian, eta pellet makina bat jarriko dute ondoan, ostatua eta udaletxea sistema horrekin berotzeko —gasolioz hornitzen dituzte egun—. “Pelleta ez da herrian sortutakoa izango, baina bai gertukoa, 0 kilometro filosofiarekin bat egiteko asmoz. Azken finean, Orendain %100 energia berriztagarriz hornituko den herria izatea da helburua”.
Udaleko eredua herritarrek euren egitea da energia gaiaren beste lan ildoa. “Gizartea aktibatu nahi dugu. Bere garaian harremanetan jarri ginen beste energia eredu batzuetan oinarritutako herriak sustatzen dituen Transition Towns mugimenduarekin”. Aurrera begirako asmoa da herrian bertan talde bat sortzea energiaren gaiari buruz hausnartzeko eta proposamenak egiteko. “Bestalde, mugimendu horri Euskal Herrian hauspoa izaten lagundu nahi diogu hemendik”.
Fiskalitatearena da hirugarren lan ildoa. “Galdera bat egin genuen: udaletik nola eragin dezakegu etxeko ohituretan? Praktika onak saritzea pentsatu genuen; adibidez, garraio publikoa erabiltzen duenari diru laguntzak ematea”.
Beste hainbat egitasmo ere bultzatu dituzte edo sustatzen ari dira gaur egun Orendainen. Adibidez, Guztion Onerako Ekonomia mugimenduko kide da herria, Euskal Herriko lehenengo Zero Zabor Herria izan da, herrian baso eskola bat jarri nahi dute martxan, eta Internetera konektatzeko azpiegitura publikoak jarri dituzte, gero edozein konpainiak bere zerbitzua eskaini ahal izateko bertan.
Leave a Reply