Landa eremuko herritarrak, baserritar ekoizleak eta gainerako negozioak Internet sarera konektatzea eta Internetez haien berri ematea. Horixe da Dinamizatic proiektuaren helburu nagusia. Eusko Jaurlaritzaren ekimenaren barruan Gipuzkoako eskualde guztiak daude sartuta, eta, nor bere erritmoan bada ere, martxan dira denak. Aurreratuen hiru eskualde daude: Urola Kosta, Debagoiena eta Donostialdea-Bidasoa, hain zuzen ere. Gipuzkoan, Urkome Urola Kostako landa garapeneko elkartea izan da aitzindaria, iaz probako proiektuan parte hartuz. Aurten gehitu zaizkio beste bi eskualdeak.
Proiektuak hainbat zati ditu: alde batetik, webgune batean eskualdeko turismoari eta zerbitzuei buruzko informazioa ematea eta baserritarren ekoizpenak eskaintzea; bestetik, Interneteko konexioa landa eremura hedatzea eta herritarrei Interneteko ikastaroak eskaintzea, besteak beste.
Urola Kostan azarotik martxan da www.urolakostaonline.com webgunea, eta beste bi eskualdeetan urtarrilean jarriko dituzte abian. Eskualde bakoitzak bere beharren eta errealitatearen arabera moldatu du sareko tresna, baina ezinbestean atal berberak izango dituzte denek: Turismoa, Zerbitzuak eta Denda Birtuala. Hain zuzen ere, azken atal horrek hartu du “indar berezia” Urola Kosta eskualdearen kasuan, Urkomeko kudeatzaile Yurre Peñagarikanoren arabera. Donostialdea-Bidasoko Behemendi elkarteko webgunean, berriz, Turismo atala sustatuko dute bereziki. Elkarteko teknikari Mikel Zendoiak jakinarazi duenez, “helburua turismoa landa eremura erakartzea da”. Izan ere, haren ustez, oraindik “ezezaguna da eremu hori bai kanpotarrentzat, bai bertako askorentzat ere”. Hala, Donostiarural deituko den webgunearen bidez, “landa eremuko negozioei eta baserritarrei sarean egoteko aukera emango zaie”. Webgunea alde batera utzita, proiektuaren barruan Interneteko konexioa landa eremu guztira iristeko lanean ere ari da Behemendi, Oiartzungo Udalarekin elkarlanean.
Debagoienean, auzoak indartuz
Debagoiena eskualdeko Deba-Garaia elkartea ere webgunea prestatzen ari da, eta arreta berezia jarriko du auzoetan: “70 auzotik gora ditugu eskualdean, eta herriei bainoago, auzoei emango diegu garrantzia webgunean”, azaldu du proiektuko dinamizatzaile Itziar Urizarbarrenak. Hala, auzoei buruz askotariko informazioa emango dute sarean, “haien arteko elkarlana ere bultzatuz”.
Denda Birtualari forma eman gabe daude oraingoz Behemendi eta Deba-Garaia. Azken horretan, urtarrilean ekoizleekin egoteko asmoa dute; Behemendin, gaia aztertzen ari dira, “dauden plataformak aprobetxatzeko”.