Danel Agirre
Atzerriko azoketan sagardoa partitzeko furgoneta vintage-a tuneatu eta Cider truck izen xelebrea ipintzea bezalako ateraldiekin, gure turismo bulegoek ingelesez egindako beste bihurrikeria bat oharkabean pasatzea lortu izan dute. Donostiak eta Bilbok urteak daramatzate liburuxka eta webguneetan bere burua gay friendly moduan aurkezten. Hiriok ezagutzeko gonbita egin, eta oasi toleranteekin amets eginarazten diete LGTB komunitateko bidaiari kanpotarrei. Turista kapazak (Busturialdean horrela esaten diete gayei, ez al da jeniala?) nahikoa du arratsalde pare batez bikotekidearekin eskutik goxo-goxo Kontxatik paseatzea, ordea, begirada eta keinu inkisidore gabeko egonaldia hitzematea euririk gabeko oporrak bermatu nahi izatea bezain irreala dela antzemateko. Gay friendly eslogana gurean erabiltzea publizitate iruzurtia da, eta egiaztatzeko metodorik onena, nazionalismoa sendatzeko espezialista onenek gomendatzen duten berbera: bidaiatzea.
Madril, Bartzelona, Londres, Berlin edo New Yorken hilabete batzuk egin, eta saihetsezina da euskal gayaspora-ko ordezkari mordoa han eta hemen topatzea. Arnasa bila ailegatu berriak batzuk, benetan gay friendly-agoa —LGTB friendly-agoa— zen hiriburu batera duela hamarkadak mugitu eta dagoeneko itzultzeko gogo gutxi dutenak beste asko. Behin eta berriz entzun dudan kontakizuna da: “Herritik Bilbora joan nintzen. Hasieran arindua hartu nuen, baina hura ere auzo bat da, eta itogarri bihurtu zitzaidan azkenean”. Istorio ezezagun horiek guztiak osatuz joan, eta euskal gayaspora-ren historia ezkutukoa (edo istorio ezkutuko sorta bat behintzat) kontatzeke dago oraindik, Nevadako artzainekin edo 36ko gerrako erbesteratuekin egin den gisara.
Libre geratzen zaigun beste eskuarekin, etxean geratutako LGTB komunitatearen errelatoa idazten ere hasi beharko genuke. Ez dago premia faltarik. Indarkeriarik sekula erabili ez, eta Inkisizioaren garaitik honantz txakurkeriak baino pairatu ez dituen gizataldea da hori. Duela hamarkada pare bat, hiesa zela-eta belaunaldi baten puska handia modu ankerrean galdu eta gizartearen isilunea eta errezeloa baino jaso ez zuena.
Auzotik irten ezin, eta alkoholizatuta hil diren lesbiana eta gayek merezi dituzte bere Patriak (normal idatzitako Patriak, esan nahi da, ez Corin Telladoren folletoia dirudien horrenbeste famatutako gatazka politikoari buruzko nobela bezalakoak). Errelatoarekin hasi, eta inork egin beharko du nortasuna erreprimitu, burua galdu, eta apaiz sartutako kapazenak ere bai (kapaza ez den apaizik geratuko ote da Euskal Herrian?).
Lan astuna irudituko zaizu historialari lanetan ipini beharra. Are astunagoa Euskal Herria gay friendly bihurtzearen ataza. Baina ezusteko onurak baino ez dizkizu eragingo honek guztiak, imajinatu ere ezin dituzun alorretan. Adibidez, nik ezagutzen ditudan lehendakarigai on bakarrak gayaspora-ko kideak dira. Sinetsidazu, horiek ere etxean behar dituzu.
Leave a Reply