Aitziber Arzallus
Mende laurdenetik gorako ibilbideak eman dion eskarmentuarekin, etapa berri baten hastapenetan da Galtzaundi Euskara Taldea. Duela ia 27 urte Tolosaldeko euskaldunak biltzeko tresna gisa sortu zuten arren, orain artean, praktikan, batez ere Tolosara mugatu du jarduna. Urteotan, eskualdean euskarak duen egoera eta herriek dituzten beharrak aldatu egin dira, ordea. Eta, horri erantzuteko helburuarekin, Galtzaundi Tolosalde guztira hedatzeko prozesua abiarazi dute.
“Beti esan izan da eta oraindik ere esaten da Tolosaldea euskararen arnasguneetako bat dela, eta, horrekin, badirudi salbu gaudela. Egia da euskaldunen indizea %79koa dela eskualdean, baina, datuak aztertzen hasiz gero, 1991tik 2011ra eskualdeko herri gehienetan jaitsi egin da euskararen ezagutza indizea; 28 herrietatik bostetan bakarrik egin du gora”, dio Maialen Urretabizkaiak (Ikaztegieta, 1994). Galtzaundik azken hilabeteotan egin duen ekarpenetako bat da Urretabizkaiarena, eta dagoeneko lekua du zuzendaritza taldean. Elkarteak, besteak beste, talde hori handitzea erabaki baitu. Hala, aurrerantzean, zenbait kide berri eseriko dira urteetako esperientzia dutenen alboan.
Eskualdeko herri guztietan eragin nahi du Galtzaundik, beharra ikusi duelako. “Adibidez, Amezketa bezalako herri txiki euskaldun batera joan eta haurrak parkean gazteleraz entzuten dituzunean, konturatzen zara hemen zerbait pasatzen ari dela; zer pentsatua ematen du”, hasi du azalpena Urretabizkaiak. “Esaten duzu, Tolosaldea euskararen arnasgunea izango da, bai, baina ez gaude salbu”. Eskualdean bazen errealitate horren jakitun zenik. Hain zuzen, gazte batzuk elkarrekin harremanetan jartzen hasiak ziren, denek ere antzerako kezkak zituztelako. 2015eko abenduan, Kike Amonarrizek eta Jasone Mendizabalek Tolosako kultur etxean Berrikasi eta Berrikusi dokumentua aurkezteko egin zuten ekitaldian izan ziren gazte haiek, eta, galderen txanda iristean, antzerako kezkak agertu zituzten. Han, garbi ikusi zuten zerbait egin beharra zegoela.
Galtzaundi, berriz, elkartearen oinarriak birplanteatzeko hausnarketa prozesu batean murgilduta zebilen garai hartan. Euskaltzaleen Foroa sortu zuten, taldearen misioa, helburua, balioak eta funtzioak definitzeko. Izan ere, Urretabizkaiak azaldu duenez, 27 urteko ibilbidean taldeak “gorabeherak” izan ditu. “Eta, azkenaldian, apalduta zegoen; hortik aurrera begirako planteamendu bat osatzeko beharra”.
Kultur etxeko ekitaldi hartatik egun batzuetara, Alegian bilera egin zuten euskararen egoeraz kezkatutako Tolosaldeko hainbat gaztek. Galtzaundiko kideren bat edo beste ere izan zen bilera hartan; ez euskara taldeko kide gisa, euskaltzale moduan baizik. Ondorio argi batera iritsi ziren: ezinezkoa zela herri bakoitzean txukun funtzionatuko zuen talde bana egituratzea.
Galtzaundiko koordinatzaileak Euskaltzaleen Forora gonbidatu zituen gazte haiek, eta, aldi berean, elkarteko zuzendaritzarekin harremanetan ere jarri ziren. Hausnarketa prozesuaren amaieran, Galtzaundiren eragin eremua Tolosaldera zabaltzea beharrezkoa dela ondorioztatu du foroak, eta, horrekin batera, zuzendaritza taldea handitzea erabaki du, eskualdeko euskaltzaleei leku handiagoa emateko.
Taldearen lan ildoak finkatu dituztela azaldu du Urretabizkaiak: “Batetik, eskualdeko euskaltzaleak aktibatu behar ditugu; hori ezinbestekoa da oinarri soziala duen gizarte mugimendu batentzat. Bestetik, euskaltzaleen mahai bat osatu behar dugu, euskararen inguruan lanean ari diren eragile guztiak bilduko dituena, bakoitzaren funtzioak definitzeko eta sinergiez baliatzeko, bakoitzak bere aldetik ezer gutxi lortuko baitugu”. Eta Galtzaundiren “eragin esparruak definitu beharra” ere azpimarratu du. “Esparru bakoitzeko eragileekin mahaiak sortu behar ditugu, beharrak definitzeko eta haiei erantzuteko egitasmoak martxan jartzeko”.
Hitzetatik, ekintzetara
Horraino iritsi dira, baina oraindik asko dute egiteko. Eskualdetzeko erabakia gizarteratzea dute lehenengo lana, euskaltzaleen sarea osatuz joateko. “Poliki-poliki” egin beharreko lanketa deritzo Xabier Saizar Galtzaundiko lehendakariak (Elduain, 1967). “Gure asmoa da eskualde azpiko taldetxoak sortzea, lanak banatu ahal izateko, bakoitzak bere inguruko egoera hobeto ezagutzen duelako”. “Jende egokia, lanerako gogoa duen jendea” nahi dutela nabarmendu du Saizarrek, eta prest dagoen orok zabalik dituela elkarteko ateak. Saizar beteranoetakoa da elkartean; ia hamar urte daramatza zuzendaritza taldean, azkenekoak lehendakari gisa. Gutxienez beste urtebetez jarraituko du karguan.
Etapa berriaren hasiera irudikatze aldera, maiatzaren 27an Arnastu euskara lipdub-a egin zuten eskualdeko hainbat eragilek, Galtzaundik sustatuta. Dena dela, eskualdetze prozesuari baino gehiago, protagonismoa Galtzaundiri berari eman nahi izan ziotela azaldu du Urretabizkaiak. “Azkenaldian galdua zuelako garai bateko erreferentzialtasuna”. Hala ere, lipdub-aren prestaketak euskaltzaleen sare hori josten hasteko balio izan die, eragile batzuekin lehendik zituen harremanak indartzeko eta beste batzuekin harremanak sortzen hasteko aukera eman dielako.
Gauza bera egin beharko dute orain, baina eskualdeko euskaltzaleekin. Lanketa hori presarik gabe egin beharrekoa dela deritzo Saizarrek, eta ez dio epe jakinik jarri nahi izan. “Prozesu hau guztia berria da guretzat, eta aurrez pentsatu gabeko kontu asko sortzen ari zaizkigu; unean uneko erabaki asko hartzea tokatzen ari zaigu. Hortaz, ezin jakin hemendik aurrerako bidean zein gorabehera sortuko zaizkigun eta zenbat denbora beharko dugun haiek gainditzeko. Dena dela, gustatuko litzaiguke aurtengoa trantsizio urtea izatea, eta 2018tik aurrera eskualdeko egituratxo bat osatua izatea. Polita izango litzateke”.
Neurketak, abian
Saizarren irudiko, asko ikasiko dute sarea osatzeko prozesu horretan. “Herri bakoitzak bere berezitasunak ditu, arazo eta errealitate propioak. Denbora aurrera doan neurrian eta sarea osatuz goazen heinean, argiago ikusiko dugu Galtzaundi nola egituratu Tolosaldean; errealitateak berak markatuko digu norabidea”.
Euskararen kale erabileraren neurketen emaitzek erakutsiko dute errealitate horren argazkietako bat. “Orain ari gara neurketak egiten, eta laster jakingo dugu zehazki nolakoa den euskararen egoera Tolosaldean”. Euskalgintzako eragileen arteko elkarlana bultzatuz, Uema eta Galtzaundi elkarrekin ari dira horretan. “Kontua da Uemak neurketak egiteko asmoa zuela, baina soilik euskararen mankomunitateko kide diren hamalau herrietan. Galtzaundiko zuzendaritzak Tolosaldeko beste herrietan gauza bera egiteko konpromisoa hartu du. Horrela, eskualdeko herri guztien diagnosia egin nahiko genuke udazkenerako”.
Neurketek erakusten badute euskararen erabilera jaitsi egin dela, azken urteotako joera baieztatuko litzateke. Saizarren irudiko, eskualdeko herri handienetan erabilera zertxobait jaistea “ulergarria” izan daiteke. “Azken urteetan kanpoko jende asko etorri delako”. Herri txikietan, ordea, beste faktore batzuk ere kontuan izan behar direla dio. “Nik uste dut azken urteetan kaleko jendea igo dela herri txikietara, etxeak-eta merkeago zeudelako. Neurketak, askotan, herriko plaza inguruan-eta egiten dira, jendea dabilen lekuan, eta jende hori askotan kanpotarra izaten da, normalean erdaldun petoa”. Gainera, herri horietako askotan euskara teknikaririk ere ez dutela nabarmendu du. “Eta euskara politikarik ez da egin euskara teknikaririk ez dagoen lekuan”. Neurketen emaitzak ikusi ostean, zenbait udalek jarrera alda dezaketela iradoki du Saizarrek. “Iruditzen zait zer pentsatua, behintzat, emango diela”.
Hain zuzen, euskara taldeko lehendakariarentzat, horregatik da garrantzitsua Galtzaundik eskualdeko herri guztietako jendea biltzea, bakoitzak bere herriko ikuspegia daukalako, eta gauzak nola aldatzen ari diren bertatik bertara ikusten dutelako, neurketen emaitzen zain egon beharrik gabe. “Askotan, ez dago erdaldun kopuru handia egon beharrik herriko giroa erabat aldatzeko. Erdalduna den hori erreferentziazko pertsona bihurtzea nahikoa da haren ingurukoek euskara baztertzeko eta erdaraz hitz egiten hasteko”. Eta, horrelakoetan, zenbat eta lehenago jabetu arazoaz, orduan eta azkarrago eman dakioke irtenbidea.
Egitasmoak bi modutara abiarazi ahal izango dira. “Batzuk Galtzaundik sortuko ditu; eta besteak herrietatik proposatuko dituzte”. Hain zuzen, eskualdetze prozesua, hein batean, herrien behar horretatik jaio baita. “Tolosan lanketa zehatz bat egin beharra dagoenean, Galtzaundik hartzen du ardura hori eta kito. Beharra beste herri batean sortzen denean, ordea, zailagoa da, ez daukatelako nora jo. Horregatik da beharrezkoa egitura zabaltzea”.
Uemarekin ez ezik, Soziolinguistika Klusterrarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere elkarlanean ari da Galtzaundi. Urretabizkaiak azaldu duenez, “proiektu pilotutzat” hartu dute eurena. “Eta eskualdeko euskaltzaleak aktibatzeko prozesuan laguntzeko konpromisoa hartu dute”. Erakunde horiekin batera prozesua nola garatu aztertzen ari dira orain. “Baina oraindik ez daukagu egutegirik”.
Saizarren ustez, euskararen inguruan “sentsibilitatea duen edonork” ikusiko du proiektua eredugarria dela. “Beharrezkoa. Eta, praktikan balioa hartzen duenean, beste hainbat lekutara esportatzeko modukoa. Horregatik da garrantzitsua egin nahi duguna ondo egitea”.
Leave a Reply