Donostiako Udalak geltokiaren proiektua aurkeztu du

Donostiako Udal Gobernuak atzo aurkeztu zuen Loiolako Erriberako Oroimenaren Lorategian eraikitzea aurreikusten duen geltoki intermodalaren proiektua. Hala, proiektua urtea amaitu baino lehen aurkeztuta, PPk proiektuaren alde egiteko jarritako baldintzetako bati erantzun dio udalak: alegia, egitasmoa bera 2011. urtea amaitzerako aurkeztua izatea. Bestalde, udalak egin duen planteamenduarekin, proiektua lehenago gauzatuko litzateke; 24 hilabetean egin ordez, 20 hilabetean. Horren ondorioz, 2015. urtea amaitu baino lehen bukatuko lirateke eraikuntza lanak. Hain justu, horixe zen PPk ezarritako bigarren baldintza: 2016rako geltokia eraikita egotea. “Geltoki intermodalaren arazoa jada konponduta egon daiteke”, adierazi du Jon Albizu Donostiako Mugikortasun zinegotziak.

Udalak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzarekin izandako negoziazioek ez dute “inolako fruiturik” eman. Eztabaidaren erdigunean baitago Donostialdeko metroaren afera ere. Eusko Jaurlaritzarekin adostasunik lortu ez duenez gero, Donostiako Udal obernuak erabaki du geltokia Oroimenaren Lorategian kokatzea. Izan ere, lur sail hori udalarena berarena da.

Proiektuaren kostua Atotxakoarena baino bi milioi euro merkeagoa izango da, gainera, udalaren arabera: 26.800.000 milioi euro. Atotxako obra esleituta zuen ABEE enpresari eman beharreko kalte-ordaina gehituta ere, kostu osoa merkeagoa litzatekeela adierazi du udalak.

Udalak nabarmendu du, gainera, proiektuak teknikarien oniritzia duela, “Atotxakoak ez bezala”.