Arraunketa modernoaren aroan ezinbesteko izena da Paco Prietorena (Pasai Donibane, 1940). Pasai Donibane-Koxtape Arraun Elkartearen garairik onenean taldeko entrenatzaile eta presidente izan zen Prieto. Ordea, garai zailak ere pasatu zituen, 1990eko hamarkadaren hasieran Pasai Donibanen gertatu zen zatiketan protagonistetako bat izan baitzen. Dena dela, Kontxako lau bandera irabazi ditu —1986, 1988, 1990 eta 1999koak—, eta Kantauri itsasoan egin diren estropada ia denetan garaipenak lortutakoa da entrenatzaile modura. 2009an utzi zion Pasai Donibane-Koxtapeko presidente izateari; aurretik alboratuak zituen entrenatzaile lanak.
Baina Prietok ez du galdu arraunarekin duen lotura. Erretiratuta dago —Caravanas Oiartzun saltokiko arduraduna izan zen—, baina bere bihotzeko herriko arraunaren alde lanean jarraitzen du. Batetik, Pasai Donibanen egiten ari diren eraikin balioaniztunaren sustatzaileetakoa da —bertan izango du egoitza San Juan arraun taldeak, besteak beste—. “Herriko arraun taldearen zuzendaritza berriak eskatu zidan gai horren gainean lanean jarraitzeko. Aurretik eraikin horren azpian aparkalekua egin genuen, eta orain, eraikina altxatzen ari dira. Nahi baino gehiago iraun dute eraikina egiteko kudeaketa lanek, baina 2012aren bukaerarako prest egotea espero dut”. Bestetik, San Juango Haur Mailako entrenatzailea laguntzen ibili da Prieto, eta estropadak dauden asteburuetan taldea laguntzen eta babesten ibiltzen da. “Baserrian ere lan egiten dut!”, zehaztu du.
Atletismotik arraunera
Donibane Atletismo Taldearekin hasi zen kirolean Prieto. Koxtape izeneko pistan entrenatzen zuten talde horretako kirolariek. Gaur egun Iberdrolaren zentral termikoa dago pista izandako horren orubean; “1960an-edo izan zen hori”. Geroago, eta atletismoak indarra galdu ahala, arraunean hasi ziren bertan ibili ziren kirolariak. Orduan sortu zen Pasai Donibane-Koxtape Arraun Elkartea; 1965eko azaroan, hain zuzen. “Ni ez nintzen egon hasiera horietan, baina gerora lanean hasi nintzen”.
Arraunketa olinpikoarekin hasi ziren, eta gero, Yola elkartearekin elkarlanean, herriko trainerua indartzen. “Orduan herriko tosta finkoko taldea ez zebilen ondo, arrazoi asko tarteko”, oroitu du Prietok.
Horren ondoren, pixkanaka, traineruen lehietan pizten hasi ziren arrosak. “1978an, Kontxan bigarren egin genuen. Bilboko lehen jaitsiera ere irabazi genuen urte hartan: nire lehen bandera izan zen hura”. Geroztik, haziz joan zen arrosen tokia Kantauriko estropadetan, 1980ko hamarkadaren erdialdera arte: 1985ean gutxigatik ez zuten Kontxa irabazi, eta handik aurrera, Donostiako lau bandera irabazi zituen Pasai-Donibane Koxtapek. “Garai horietan arraunlari asko ginen, eta talde ona egin genuen. Tosta mugikorrean ere lan ona egiten ari ginen. Arraunaren gainean genituen ideiak emaitzak ematen hasi ziren. Arraunkeran aldaketak egin genituen: sorbaldekin lan hobea egiten hasi ginen, eta arraunlarien gorputzen pisua baliatzen hasi ginen arraun egiteko. Arraunketa luzeagoa egiten hasi ginen. Horrek emaitza onak eman zizkigun”.
1986ko, 1988ko eta 1990eko Kontxak irabazi ondoren, haustura gertatu zen Pasai Donibaneko arraunean. Hortik sortu zen Donibaneko Arraunlariak taldea; Pasai Donibane-Koxtape arraunlari gazteekin hasi zen lanean, eta 1999ko Kontxa irabaztea lortu zuten.
Aro berria
1999tik 2003ra, eta Kantabriako traineruei irabaztea lan nekeza zen arren, Euskal Herriko arraun talderik onena izan zen Pasai Donibane-Koxtape. Garai hartan sortu zuten Prietok eta beste hainbatek Traineru Kluben Elkartea (TKE). Egun, TKEk antolatzen duen liga Kantauriko indartsuena da. 2006an, baina, arraunaren bigarren mailara jaitsi zen Pasai Donibane-Koxtape; 2009an berreskuratu zuen kategoria, eta iaz eta aurten oso txukun ibili dira arrosak arraunaren elitean.
2009ko abenduan, presidente kargua utzi zuen Prietok. “Jende gaztea dabil egun lanean, baina ez dute lan erraza. Ondo dabiltza. Lagundu egin behar zaie”.