Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako lehendakariordea da Teresa del Valle (Donostia, 1937), eta Joxemartin Apalategiren lankidea eta laguna. Ataundarrak antropologiaren alorrera egindako ekarpenak ekarri ditu gogora.
Zein izan dira Joxemartin Apalategik antropologiaren alorrera egin dituen ekarpenak?
Nik esango nuke landa lanarekin maiteminduta zegoela, eta landa lana gizarte antropologiaren bereizgarri bat da. Lekuetan egotea, gauzak bizitzea, gauza horiek lekuan-lekuan esaten ziren moduan jasotzea, eta horiek denak beste batzuei ezagutaraztea desio zuen beti. Bere tesia ere herri literaturaren inguruan egin zuen, txikitatik ingurukoek kontatu zizkioten ipuinen eta kontakizunen inguruan. Tradizioaz ulertzen zuen; horren inguruko ikerketa sakona egiten zuen, kontatzen zen inguruan kontatzen zen bezala jasota, hori dena gal ez zedin.
Euskal gizartea aztertzea izan al zen haren lanetako bat?
Bai, hala da. Adibidez, interes handia adierazi zuen euskal emakumearen inguruan egin genuen ikerketa batean. Euskal emakumeak aztertu genituen, nekazari eremuan, herri gunean, eta kostaldean. Lan horretan, Kontalariak deitzen zituenak definitu zituen, eta oso lan garrantzitsua izan zen, eguneroko bizitzako narratzaileak bildu baitzituen. Ikerketa hartako emaitzak 1985ean Mujer vasca, imagen y realidad (Euskal emakumea, irudia eta errealitatea) liburuan bildu genituen.
Hiria ere oso interesgarri zitzaion Apalategiri.
Bilbo asko gustatzen zitzaion, eta hiriaren inguruan ikerketa ere egin zuen. Hiria zeharkatu zuen, hiriak esaten ziona eta hiriak transmititzen ziona jasoz. Beste dimentsio bateko lana izan zen hura.
Euskal Herriko Unibertsitatean, Antropologiako lehen irakaslea ere izan zen.
Niri egokitu zitzaidan EHUn Antropologiako ikasketak abiaraztea, eta bera izan zen lanerako hartu genuen lehen irakaslea. Nik esango nuke gizarte antropologia euskaraz irakasten hasteko giltzarria izan zela Joxemartin [Apalategi].
Apalategiren omenez egindako jardunaldian esandakoak liburuan bildu ditu Eusko Ikaskuntzak. Helburua zein da: berak egindakoa gorde eta beste ikertzaile batzuen esku jartzea?
Joxemartin Apalategiren obra ezagutarazteko liburua da, prozesu kulturaletara eta ezagutzara egin dituen ekarpenak jendarteak eskura izan ditzan. Berak jasotakoa eta ikertutakoa beste batzuen esku egongo da orain, ezagutza horiek zabaltzeko, eztabaidatzeko, ordura arte landu ez diren ikuspegiak lantzeko eta beste izaera batekin aztertzeko. Hori da antropologiaren helburua eta oinarria: norberak ikasitakoa besteei erakustea, haiek beste batzuei erakusteko.
Lankide izateaz gain, laguna ere bazenuen Apalategi.
Oso oroitzapen onak ditut Joxemartinen inguruan. Askotan lan egin genuen elkarrekin eta Ataunera ere etortzen ginen Joxemiel Barandiaran ikustera. Barandiaranek kontatutako bi kontakizun analizatu ditut, eta oso gustuko lana izan da. Ataun ezagutzeko aukera ere izan dut, eta Ataun, niretzat, Joxemartinekin dago lotuta. Haren begietatik ezagutu ditut Apalategi familia eta Joxemiel Barandiaran.