Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012ko aurrekontuak aurrera atera ahal izango ditu, Bilduk eta EAJk lortu duten akordioari esker. Iragan igande arratsaldean lortu zuten akordioa bi aldeek, eta, EAJren taldeko eledun Markel Olanok jakinarazi duenez, akordioa erdietsi ahal izateko “bi baldintza” jarri zizkion EAJk aldundiari: krisiari aurre egiteko, enpresei 10 milioi euroren laguntzak ematea, eta Zubietako errauste plantaren inguruko edozein erabaki sei hilabetez atzeratzea. Hain justu, puntu horrek zalantzak sortu ditu errauste plantaren etorkizunaz, eta bi aldeek, gaiaren inguruan hartuko duten jarreraz. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, bestalde, ez du edukien inguruan ezer aurreratu nahi izan. Edonola ere, Garitanoren arabera, “gauzak aldatzen hasteko urrats bat” da akordioa. Hala, krisi ekonomikoaren erdian gisa horretako adostasun bat lortzea “oso garrantzitsua” dela adierazi du. Akordioak bai Bilduren eta bai EAJren printzipioak “errespetatzen” dituela ere adierazi du Garitanok. Gaur zortzi, abenduaren 23an egingo dute bozketa.
Erreakzioak
PSE-EEko Rafaela Romero bozeramaile sozialistak akordioa gogor kritikatu du, eta itunak Bilduren arazoak besterik ez dituela konpontzen adierazi. EAJri, Bilduk Gipuzkoan eragingo duen “hondamendiaren” erantzule izatea ere egotzi dio. PPren bozeramaile Juan Carlos Canok ere akordioa gaitzetsi du, eta, aurrekontuak “onak” ez direla iritzita. Aralarren, ustez, berriz “oso pobreak” dira foru gobernuak aurkeztutako aurrekontuak.