Urtarrila abila da gure patriken isila ozendu eta ixten urteen zikloen biribila. Iraganaren hurbila ahaztu eta promesen espiral kiribila birarazten, etorkizunaren bila. Bilbon topa zitezkeen borborka mila aldarrikapen mota, garrasiek notaz nota etsaiaren urguilua jota urratsa eman genuen soka guztiak nahian apurtu, eta espetxeak bota. Axota gorriz biribilduta greba ere izan genuen koloka zeuden ongizate eta baldintza duinak medio, lege antisozialen kontra.
Otsaila hasi eta urteak hartu zuen abaila, Santa Eskean eskatuz igotzeko gure bizi maila, muxu edo zaplaztekotarako presta liteke masaila, baina gutxienekoa eskatzea gehienontzat da zaila. Salatzeko tortura gordetzeko ohitura eta beldurraren kultura eguna ez-ospatu genuen behar zen modura, gezurrak izan ez dezan egi itxura eta kamerak sar daitezen komisaldegien barrura, malkoz bete ez dadin baineratako ura, poltsarik ez inguratzeko burura eta testigantzarik lor ez dezaten mehatxuen kontura.
Martxoa udaberriarekin lazoa, inauterietako suaren soa, eta Intxixuaren lausoa, sekula ezin da ikusi osoa, mozorroa, xomorrotxoa, urte guztian egiten duguna egun bakarrean zentratzeko ohitura kuriosoa. Ez da goxoa, sexu-indarkeriaren eta zapalkuntzaren arazoa, martxoaren zortziko enpatxoa, urte guztira zabaltzea kostatzen zaigun pausoa, kolpez kolpe, gora bihotzak, eta burua jasoa. Zuhaitzak oztopa ez dakigun ikustea basoa.
Apirilean aste santua, Mattinsaltoen kantua, eta udaberri ukatua, herri debekatua izatearen bekatua oroitarazten digun data markatua. Baigorrin eta Gernikan herri bat batua, ez erregela eta kartaboiz puskatua, karratua, Gernikako koadroan azaltzen ez diren txakurra eta katua, gatazka gisa irudikatua, ez alde bakarreko paktua, eta subjekturik gabeko predikatua. Aberri eguna, aberritu aurretik ospatua, amestea delitua bai, baina ez delako bekatua.
Maiatza heldu eta hartu zuen iragarki antza, bildu ginen elkarrenganantza eta sozialisten arrosari atera zitzaion arantza, hautestontzietan botoen dantza eta ukigarria bihurtu zen esperantza, indar latza hartu eta aurrerantza, oraindik egiteke dagoenaren norantza segiz, galdu gabe esperantza. Eta etxerantza Ordoxelai eta Estanixen arnasa, Oiartzunek ez zuen horrelako udaberririk aspaldi pasa.
Ekaina ekain eta aireak hartu zuen nahiko errauts usain, San Juan suaren sutan erreta milaka irain, iraganeko orbain, ahaztu atzo eta bihar, soilik orain, eta errautsetatik birsortzen den Fenix-a bezala, zain. Krisiaren ondorioz batzuk ez izanagatik, erretzeko lain.
Uztailean txankletak, saskidun bizikletak eta errusiar erruletak diren epaiketak. Jaietan zezenketak eta Madrilerako bueltak, Oarsoaldeko sarekaden papiroflexiazko ikerketak, sabeleko tximeletak, eta irribarre erdiz baino ospa ezin litezkeen festak. Inpotentziazko hasperen protestak.
Abuztua heldu eta patrikak ubeldu, garagardoari heldu, eta mingaina moteldu, garagardoa epeldu eta aparraren euforian epel gu. Xanistebanetan guztia baimendu, oporretara joateko krisiari garrantzia kendu, eta hari-fin baten gainean balantzan oreka mantendu. Hegoak janztera ausartzen garenean denborak hegan egiten du.
Irailean estropadak, eta Kontxan haize boladak, arraunlarientzat trabak, eta itsasoan urte osoan ikusezinak diren ilarak. Batzuen inpotentzia eta besteen algarak, astelehen kiratsezko igande gabak. Eta eskilarak sormenez eraikiz ilargira eramaten gaitu azken paradak, eta handik jaitsarazi zuten Kukutza, Errekalderen bihotza eta gorputza, hobe baitago hutsa, mugimenduan baitago aldaketaren funtsa, Azkunak ez baitu kulturaren hizkuntza, sorkuntza.
Urrian herria korapiloz beteta eztarria, abiatu zen garai berria, eta itsasoa edatea bezalakoa bihurtu da, askatasun egarria. Irria esperantzaren aroa zabaltzeko amets baten ahoa zela heldu zen azaroa, eta Amaiurren marea urdinak frogatu zuen herri hau ez dela naufragoa, denok garela Nafarroa, eta urdinetik-urdinera aldea dagoela, batzuk nahi baino handiagoa.
Eta alde bakarreko treguaren atzetik igaroa da azaroa eta heldua abendua, eraman gabe zain daudenen sufrimendua. Urte berriak itzul diezagula urte txarrek kendua, eta Zea Maysek etorkizuneko egutegi guztiak erreta, kanta dezala, betirako joan dela negua.