Miren Osa Galdona
Eguraldi txarra izan ezean, bateratzeko nekezak izaten dira udara eta zinema. Areto itxi eta ilunak albo batera utziz, Errepidez Errepide zikloak road movie-aren inguruko zazpi pelikula eskainiko ditu aire zabalean, Tabakalerako Ud-ha programaren barruan. Gaurtik, ostiralero film bat proiektatuko dute. 22:15ean izango dira, eta abuztuaren 25a arte iraungo du zikloak. Lur Olaizola Lizarralde (Donostia, 1988) Tabakalerako ikus-entzunezko programaren koordinatzailearen esanetan, jendeak udan zinemaz goza dezan nahi dute, “zinemarik onena eskainiz”.
Iaz ere antolatu zuten udako zinema zikloa, gai nagusitzat film musikalak hartuta. Aurten, Chiara Marañon programatzaile eta zinemagileari eman diote programa osatzeko ardura. “Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean eta Kubako San Antonio de los Baños zinema eskolan ikasi zuen. Gaur egun, MUBI online dagoen zinema plataformako —Netlflix-en antzekoa— programatzailea da, eta oso ideia interesgarriak lantzen dituela uste dugu; gustu handiz aritzen da”, azpimarratu du Olaizolak Marañonen ibilbideaz.
Proposamenaren aurrean ezin ezetzik esan, eta zazpi filmeko sorta osatu du: guztiek, modu batera edo bestera, errepidea dute ardatz, eta udako zinema ziklo batean oinarrituta daudela kontuan izanik, abiapuntua “egokitzat” jo du Olaizolak: “Road movie-ak bidaiekin, autoekin eta bide amaigabeekin lotzen ditugu. Nolabait, udararekin, eteten den denborarekin”.
Errepidea da film horiek duten ezaugarri komun bakarra. Izan ere, genero zinematografikoari begiratuz gero, gustu guztiak asetzeko lanak aurki daitezke. Olaizolak nabarmendu du guztiei eskainitako zikloa dela eta kontuan izan dutela udan Tabakalerara biltzen den jendearen profil askotarikoa: “Gainontzeko urte sasoietan, ikusleen irizpideak gehiago izaten ditugu kontuan; baina, orain, mota askotako filmak eskainiz, uste dugu publikoak film batekin ez bada bestearekin konektatuko duela”. Hala ere, Olaizolak pentsatzen du izango dela zuzendariaren izenagatik edo, bereziki, genero bat gustatzen zaiolako bilduko denik ere.
Errepidea bidelagun duten zazpi filmetatik batzuk nabarmentzeko orduan, euren artean zerikusik ez duten hiru lan aipatu ditu Olaizolak: Starman, Don’t Look Back eta Taste of Cherry. 1980ko hamarkadako filma da lehena. Garai hartako zinema gustatzen zaien ikusleak bilduko dituela dio Olaizolak: “John Carpenter zuzendaria kultuko zinemagilea da, eta, haren lanak beldurrezko filmen barruan sailkatzen diren arren, zientzia fikzioko komedia erromantiko bat da hau.” Film bizia da, eta ohikoa ez den Amerika itxaropentsu batetik barrena egiten du bidaia. E.T. filmaren antza hartzen diote hainbat zinema kritikarik. Don’t Look Back, berriz, proposamen guztiz ezberdina da: Bob Dylan abeslariak 1965ean Ingalaterran egin zuen bira kontatzen du. Artistaren alderik pertsonalena islatzen saiatzen da Donn Alan Pennebaker zuzendaria. Azken proposamena Abbas Kiarostami zuzendariak dakar: Taste of Cherry (Gerezien zaporea); Cannesen Urrezko Palmorria irabazi zuen 1997an. Funtsean, gizon batek bere buruaz beste egin nahi du, eta lurperatuko duen norbaiten bila hasiko da.
Jatorrizko bertsioan
Hizkuntzari dagokionez, Olaizolak gogorarazi du, Tabakaleran urte osoan egin ohi duten bezala, filmak jatorrizko bertsioan emango dituztela. Halaber, azpidatziak izango dituzte: Taste of Cherry izango da euskarazko azpidatzidun film bakarra. Beste filmak gaztelaniazko azpidatziekin emango dituzte.
Leave a Reply