Eider Goenaga Lizaso
Uda heldu da, eta, udarekin batera, herrietako jaiak, eta, herrietako jaiekin batera, emakumeen kontrako sexu erasoen inguruko albisteak eta salaketak. Azken egunetan Zarautzen gertatutako bi sexu erasoren berri zabaldu da, eta beste bat izan zen Eibarren. Erasoen ostean, udalek gaitzespen irmoa egin dute, eta mobilizazioak izan dira. Zarauzko Berdintasun zinegotzi Gloria Vazquez pozik dago herritarren erantzunarekin. “Jende asko mugitu da, eta, zorionez, uste dut gizartea gero eta sentsibilizatuago dagoela. Dena den, sentsibilizazioarekin jarraitu behar da, eta gizarteak ulertu behar du berdintasuna dela hori amaitzeko bidea”.
Vazquezen arabera, gizartearen aktibazioa garrantzitsua da, bai erasoak gertatzen direnean erantzuteko, baina baita eraso posible bat edo portaera sexistak saihesteko ere. “Baina, hau oso kontzeptu berria da, orain dela gutxi arte bortxaketa baten biktima ia-ia kriminalizatu egiten baitzen, errua biktimari egozten zitzaion; zertan zebilen kalean ordu txikietan, nola jantzita zegoen, edan egin zuela… Zorionez ari gara horri buelta ematen”.
Hitza-k Zarautz, Donostia eta Errenteriako Berdintasun zinegotziekin hitz egin du, udal horietan herriko jaietan hartzen diren neurri eta protokoloak ezagutzeko. Zarauzko Udalak indarkeria matxistaren kontra eta berdintasunaren alde egiten duen lana “harro egoteko modukoa” dela esan du Vazquezek. “Neurri zehatzak ditugu indarkeria matxistaren kontra, baina gure esfortzua, batik bat, berdintasuna lortzera bideratzen da, sinesten baitugu gizon eta emakumeen berdintasunak lortuko duela indarkeria amaitzea”.
Indarkeria kasuak gertatzen direnerako erakundeen arteko protokolo bat eta mahai bat dute Zarautzen, eta gauza bera gertatzen da Errenterian eta Donostian ere. “Egun dugun tresna nagusietako bat erakundeen arteko mahaia da”, adierazi du Garazi Lopez de Etxezarreta Errenteriako Berdintasun zinegotziak. “Mahai horretan Osakidetza, Ertzaintza, Udaltzaingoa eta udaletxeko hainbat sail gaude, eta protokolo bat adostu dugu, emakumeak eraso bat sufritzen duenean eskaintzen zaion arreta hobetu eta instituzioen aldetik beste biktimizazio bat sufri ez dezan”.
Aurreko lana
Erasoa gertatu arte itxaron gabe, baina, aurrez lan egin behar dela nabarmendu du Vazquezek. “Herriko tabernariekin lanean ari gara, eta jada prest dugu sentsibilizazio kanpaina bat. Tabernetako eskuzapietan indarkeria matxistaren eta erasoen kontrako leloak jarri ditugu, eta komunetan itsasgarriak jarriko dira, telefonoekin; eraso bat sufritzen baduzu nora dei dezakezun, edo zerbait ikusten baduzu nora deitu behar duzun… Bi nesken kontrako erasoak gertatu aurretik amaitzear genuen dena, baina orain aterako ditugu”.
25 tabernatik gora ari dira udalarekin elkarlanean, eta Vazquezek dio gero eta gehiago ari zaizkiela batzen. “Elkarlana ezinbestekoa da, denon parte hartzea behar da: tabernariak, gazte taldeak, gaztetxea, txosnak… Horietan jende asko mugitzen da, eta garrantzitsua da haietan prebentzio neurriak jartzea; gainera, borondatea erabatekoa da”. Taberna eta txosnekin lan egitea garrantzitsua dela dio Duñike Agirrezabalaga Donostiako Berdintasun zinegotziak ere, “askotan beraiek direlako erasotik eta erasoa jasandakoarengandik gertuen daudenak”.
Errenterian ere aurrez lanketa bat egiten da taberna eta txosnaguneekin. “Informazioa eta eskuorriak ematen zaizkie, eraso bat gertatzen bada nola jokatu azaltzeko, eta hori mugimendu feministarekin elkarlanean egiten dugu. Udalak errespetuzko harremanetan oinarritutako jaien aldeko afixak eta hainbat telefono agertzen diren itsasgarriak banatzen dizkie; baina erasoa sufritu duen emakumeari nolako arreta eskaini behar zaion ere azaltzen zaie: errespetatu behar dugula, jakin behar dugula entzuten eta ulertzen zer nahi duen eta nola sentitzen den, eta gero zein telefonotara deitu eta zein zerbitzu dauden azaltzen zaie, oinarrizko erantzun hori eman ahal izateko”.
Udalak eraso baten berri izan orduko mugimendu feministari jakinarazten diola eta mugimendu feministak gauza bera egiten duela dio Lopez de Etxezarretak. “Guk arreta eta zerbitzuak kudeatzen ditugu; eta mugimendu feministak, beti egin duen bezala, gizartearen erantzun soziala artikulatzen du. Izan ere, mugimendu feministari beti hor egon dela aitortu behar zaio, arlo honetan aitzindaria dela”.
Mugimendu feministak protokolo propioa duela azaldu du Errenteriako zinegotziak, eta oso zehaztuta dagoela eraso baten aurrean zer egin. “Zerbait gertatu dela jakiten dutenean, automatikoki, hurrengo goizean, jaietan parte hartzen duten eragile eta talde guztiak deitzen dituzte Arenalera, 12:00etan, prentsa agerraldi batera. Gertatutakoaren berri eman, salatu, eta 20:00etarako mobilizazio deialdia egiten dute”. Era berean, adostua dute egun horretako ekitaldi guztiak bost minutu geroago hastea. “Bost minutu horietan, jai batzordeko taldeek konpromisoa hartua dute erasoaren berri eman eta gertatutakoa bildutakoen aurrean salatzeko. Oso inportantea da jai batzordeko eragileen inplikazioa, horien bidez lortzen delako salaketa soziala zabaltzea”.
Donostian, kanpaina zabala
Sentsibilizazio kanpaina berezia dute Donostiako Udalean Aste Nagusi, San Tomas, Kontxako Bandera, San Sebastian eguna eta abarretarako. “Erasoak gertatzen direnerako protokoloa badugu, baina prebentzioan jartzen dugu azpimarra”, dio Agirrezabalagak. Ildo horretan, aurtengo Aste Nagusiko egun guztietan informazio puntu finko bat jarriko dutela azaldu du: “Lehen ere jartzen zen, baina aurten festek irauten duten egun guztietan egongo da. Erasoa sentitu dena, salatu nahi duena, zerbait ikusi duena bertaratu daiteke, eta arreta eta egin dezakeenari buruzko informazioa eskainiko zaizkio bertan”. Horrez gain, jai guneetan gai honetan espezializatutako hainbat lagunek informazioa zabaldu eta 20.000 kit banatuko dituzte. Arretarako telefono zenbakiak, eta festetan denak ez duela balio ohartarazten duten mezuak eta aholkuak jasotzen ditu kit horrek, eta baita sexu erasoen kontrako pin bat ere. Halaber, udalak 80.000 eskuorri banatuko ditu postaz. “Zerbitzuen gida bat da, familiek ere jakin dezaten zer egin dezaketen norbait erasoa baldin bada, nola jokatu behar duten, non eta nola aurkeztu salaketa…”.
Prebentzioaren alorrean, iaz bezala aurten ere taxilariekin lan egin dutela azaldu du Donostiako zinegotziak. “Taxilariak, gauez zein egunez, festa guneen inguruan ibiltzen dira, eta eragile garrantzitsuak izan daitezke, bai erasoa izan den neska bati laguntzeko, bai lekuko posible gisa… Erne egoteko eskatu diegu”.
Poliziaren presentzia
Zarautzen izan diren bi erasoen ostean, udalak Poliziaren presentzia areagotzeko erabakia hartu du. Vazquezen arabera, beti ibili dira udaltzain eta ertzainak jai eremuetan, baina “beharrezko” jo du presentzia hori indartzea. “Emakumeak seguru sentitu behar du; gainera, aldi berean, Polizia bertan egotea garrantzitsua da erantzun azkar bat emateko”. Agirrezabalagak ere bat egiten du puntu horretan: “Garrantzitsua da Poliziaren presentzia indartzea, eta, batez ere, indar ezberdinak koordinatzea. Horrelako eraso batean, erantzun azkar batek ondorengo ikerketa eta diligentzien arrakasta berma dezake”.
Udalek eta bestelako erakundeek hartzen dituzten neurrien beharrik izango ez den egunarekin amesten dute hiru udal ordezkariek. “Emakumeok kalean libre ibili nahi dugu, askatasunez, beldurrik gabe, nahi dugun orduan… hori aldarrikatu behar da, hori da helburua”, esan du Vazquezek. Bidea oraindik luzea dela uste du, ordea, Agirrezabalagak: “Gustatuko litzaiguke esatea ez dagoela segurtasunik gabeko espazio eta ordurik, baina, tamalez, %100eko segurtasuna ezin da bermatu. Mezu positibo batekin amaitzearren, esango nuke gero eta jende gehiago dagoela erne eta adi, eta kontzientzia gero eta handiagoa dela”.
Leave a Reply