Jana, edana eta festa

San Tomas eguna

Donostia

Urtero legez, txistor usaina nagusituko da datorren asteazkenean, San Tomas egunez, Donostiako kale eta auzo gehienetan. Izan ere, XIX. mendearen erdialdean jatorria duen ohiturak indar handiz eusten dio Gipuzkoako hiriburuan. Garai hartan, maizter gisara bizi izaten ziren baserritar gehienak, eta urtean behin, San Tomas egunez, Donostiara joaten ziren errentak ordaintzeko. Bide batez, euren produktuak saldu eta baserrietan eta herrietan ekoizten ez zituztenak erosteko ere baliatzen zuten eguna.

Tradizio egun hari jarraituz ailegatu da San Tomas eguna gaur egun dena izatera. Donostiako erdiguneak, eta batik bat Parte Zaharrak, bere itxura erabat aldatu, eta artisau eta ganadu erakusketaz beteko dira kaleak eta plazak. Bertako produktuen salmenta postuek eta euskal musika tradizionalaren doinuek ere Donostiako txoko gehienak girotuko dituzte. Eta horien artean izango dira urteroko bi protagonista nagusiak ere: txistorra eta txerria. Hain justu, Euskadiko Txistorraren 16. Lehiaketa egingo dute aurten Donostian. Horrez gain, datorren asteazkenean, Leitzako (Nafarroa) Arro baserriko Felixi txerria jarriko dute ikusgai Donostiako Konstituzio plazan.

Ohiturari jarraituz, gutxi edo gehiago, Gipuzkoako herri gehienetan ere ospatuko dute San Tomas eguna: Azpeitian eta Errenterian, kasu.