Unai Zubeldia
Musika zuzenean, edaria guztien eskura, haurrentzako ekintzak… Arte garaikidearen azoka soil bat baino askoz gehiago izango da Donostiartean. Lehen hiru urteak ohiko bidetik egin ondoren, hala nahi duten guztiek gaueko lehen arte azokarekin gozatu ahal izango dute igandera bitartean, Donostiako Kursaal jauregian. “Ezinbestekoa da etengabe berrituz joatea, ezberdina den horrek erakartzen duelako jendea”. Erronka horri segika, arteari ilunabarra eskaini nahi izan dio Madrilgo Gaudi galeriak. “Uda, Donostia, Jazzaldia, arteaz gozatzeko eraikin paregabea… Aukera bikaina sortu zitzaigun parez pare”, azaldu du Marta Scarpellik, Donostiartean egitasmoko antolatzaileak (Madril, 1960).
“Arte garaikidea jendearengana gerturatzea”, horixe da antolatzaileen helburua. “XXI. mendean sartuta ere, artea dirudunentzat bakarrik dela pentsatzen dute batzuek oraindik; baina ez da hala”. Madrildarrak prezioa jarri dio hausnarketa horri. “200-300 euro inguruko eskaintza ekonomikoak izango dira gure azokan, eta, marka ezagunagoak diren neurrian, baita hortik gorakoak ere. Aukeran izango dira artelanak guztientzat”. Arte diziplina askoren “zurruntasuna” hautsita, bestelakorik eskaintzearen alde egin du Scarpelliren taldeak. Adibide gisa, Digital Room edo gela digitalean barrena bidaia egiteko aukera izango dute bisitariek. “Gune horretan, galeria bateko hamar lanekin gozatu ahal izango dute, errealitate birtuala ikusteko betaurreko batzuk jantzita. Esperientzia desberdina izango da”. Olio margolanak, akrilikoak, argazkiak, eskulturak… Denetik ikusgai izango da Kursaalean. “Eta, noski, artelanak erosteko aukera ere izango da. Nik beti esaten dut behin artelan bat erosita eta etxera eramanda, artelan horrek ez daukala preziorik. Euroak ahaztu, eta diruz ordaindu ezin den zoriontasuna ematen dute artelanek”.
Atzo ekin zioten lau eguneko jardunari; gaur eta bihar 18:00etatik 23:30era irekiko dute azoka Kursaalean; eta etzi 17:00etatik 22:00etara bisitatu ahal izango da Donostiartean. Bost euro balio du sarrera arruntak, hiru euro ordaindu beharko dute 65 urtetik gorakoek, eta doan sartu ahal izango dute haurrek. “Edari bat oparituko dugu sarrera bakoitzarekin”, zehaztu du Scarpellik. Iaz, 8.000 lagunek egin zuten sartu-irtena Donostiartean azokan. “Eta, eskaintza zabalduta, kopuru horretatik gora egitea espero dugu aurten”.
Hemengo eta nazioarteko proposamenak eskainiko dituzte 1.500 metro koadrotik gorako eremuan, sei gunetan banatuta. Bertako artistak izenekoa egongo da sartzearekin batera, eta bisitariak ondoren ikusi ahal izango ditu galeriak, gela digitala, C/O espazioa, editorialena, elkargunea eta haurren gunea. Hondarribia, Irun, Getxo, Iruñea, Miarritze, Donostia eta Bilboko artisten erakusmahaiak izango dira Kursaalean, Euskal Herrikoak, alegia; baina baita Alemania, Andorra, Costa Rica, Espainia, Frantzia, Herrialde Katalanak, Italia, Suitza, Iran eta Errusiakoak ere. “Guk egin diegu eskaintza nazioarteko proiektu horiei guztiei, eta 36 erakusmahai osatu ditugu azkenerako”. Antolatzailearen hitzetan, “ordubete ingurukoa” da bisita. Besteren artean, Donostia, Irun eta Hondarribiko udalen, Donostia Turismoaren, Ledvance energia enpresaren, Gipuzkoako merkataritza ganberaren eta Kutxa fundazioaren babesa jaso du Donostiartean ekimenak.
Jazzaldiarekin batera
Marta eta Ignacio Scarpelli anai-arrebek duela 32 urte sortu zuten Gaudi galeria enpresa, Madrilen. “Nazioarteko azoketan parte hartuz ekin genion ibilbideari, Europa, Asia eta Ameriketara bidaiak eginez”. Lehen urrats horiekin ikasi zuten antolatzaileek zer eskatzen zuten eta zein behar zeuzkaten. “Eta guk geuk geure azokak antolatzen hastea erabaki genuen azkenean”. Laugarren urtez etorri dira Donostiara. “Eta apustu horri eutsi nahiko genioke etorkizunean ere”.
Ia, oharkabean, denboran bat egin dute Donostiako Jazzaldiak eta Donostiarte azokak, eta biak uztartu nahiko lituzkete antolatzaileek. “Ostiraletik igandera Jazzaldiko hiru kontzertu izango dira Kursaalean, eta 20:30ean amaituko dira. Hara biltzen direnek aukera ona izango dute ondoren azokatik barrena paseotxo bat eman, eta erakusgai dagoena ikusteko”.
Leave a Reply