Jon Miranda
Herriko festetan kalez kale dabilen musika taldeari esaten zaio txaranga. Hamar bat lagunekoa izaten da normalean: aurrean, perkusioa (bonboa, txindatak eta kaxa); atzetik, tronboia eta bonbardinoa; pixka bat atzerago, tronpetak; eta saxofoiek eta helikoiak osatzen dute azkeneko ilara. Txarangak ohikoak dira Euskal Herriko hainbat festatan, eta protagonismo berezia hartzen dute, adibidez, Iruñeko sanferminetan. Tolosako inauteriak ere nekez uler daitezke txarangarik gabe, eta horregatik daude hainbeste herrian. Hogeitik gora daude gaur egun.
Txaranga horietako batzuek, ordea, Tolosako inauterietan aritzeaz gain, emanaldiak eskaintzen dituzte Euskal Herriko beste hainbat herritan. Iraunkorrak txarangak, esate baterako, 25 urte daramatza bazterrak alaitzen. Igor Arostegi (Tolosa, 1990) duela dozena bat urte sartu zen txaranga taldean, artean oso gaztea zela: “Txinparta elkarteko txaranga zuzentzen zuen aitak, eta zortzi urte neuzkala hara eraman ninduen; berehala gustatu zitzaidan”. Gerora, Josu Artutxarekin batera (Tolosa, 1996) aritu izan da Arostegi Tolosako Musika Bandan, perkusio atalean. Artutxak berak ere inauterien bueltan izan zuen lehen hartu-emana txarangekin, bederatzi bat urte zituela, Kabila taldean: “Umetan lotura sortzen dela uste dut txaranga kalean pasatzen ikusita, eta gehienok orduan ematen dugu izena musika eskolan, gerora instrumenturen bat jotzeko itxaropenarekin”.
Bi tolosarrek haratago eraman dute afizioa, gaur egun herriko musika bandako kide baitira. Arostegiren kasuan, gainera, bizibide hartu du musika. Irungo kontserbatorioan irakasle dabil, eta Euskadiko zein Bilboko Orkestra Sinfonikoekin aritzen da; beste hainbat musika proiektutan ere egiten ditu kolaborazioak. “Nire lanbidearen arlo bat da txaranga, baina zaletasun gisa hartzen dut nik, ondo pasatzeko helburuarekin”.
Ane Lorence ere (Villabona, 1997) asmo horrekin sartu zen txaranga munduan, baina aitortu du lan handia dagoela emanaldi bakoitzaren atzean. “Gure txaranga, adibidez, ez da aritzen inauterietan soilik, eta astero bizpahiru orduko entseguak egiten ditugu errepertorioa ondo prestatzeko”. Artutxarekin batera, The Jones Brothers txarangan hasi zen Lorence, oso gaztetan, eta Kalean txarangan ari da gaur egun, dozena bat lagunekin. Bera da neska bakarra. “Tokatu izan zait beste neskaren batekin aritzea, baina bakarra izaten naiz gehienetan. Ohituta nago, eta ez diot garrantzirik ematen. Lagun talde bat osatzen dugu, eta ez zait gehiegi inporta alboan mutila edo neska edukitzea”.
Lorencek saxoa jotzen du txarangan, eta, aipatu duenez, neskek instrumentu hori jotzen dute gehien. “Zailagoa da tronpeta edo tronboia jotzen duten neskak aurkitzea, eta helikoia jotzen duenik, adibidez, ez dut ezagutzen”. Artutxak eta Arostegik ere onartu dute emakumeek “presentzia txikia” dutela txarangetan, eta, Lorenceren ustez, askok “mutilentzat balitz bezala” ulertzen dute kaleko giroa. “Horrek aldatuz joan behar du pixkanaka”.
Izan ere, garai berrietara moldatu beharra dago irauteko. Arostegik “bilakaera” sumatu du errepertorioetan. “Azken urteotan bertsioak egin izan ditugu guk, jendea erakarri ahal izateko”. Iraunkorrak txarangak, esaterako, Huntzaren Aldapan gora kantuaren bertsioa egin du aurten, eta Jainekin txarangak, berriz, Berri Txarrak taldearen Ikusi arte kantuaren moldaketa ere egin du. The Jones Brothers eta Kaleanen ibili ondoren, Artutxak bertan eman ditu azkeneko bi urteak.
Donostia, Berastegi…
Jainekin txarangako kideek, besteak beste, Igor Agirre Topi eta Mikel Zelaia Mirri-rengana jo izan dute moldaketa eske, eta Joakin Ortega Canario Incansables txaranga taldeko kidearenak ere erabili izan dituzte. Inauterietako eta Tolosako sanjoanetako hitzorduez gain, urtero izaten dira Donostiako danborradan eta Berastegiko jaietan. Iraunkorrak txaranga taldeko kideek, berriz, 25 urte daramatzate sanferminetan Iruñera joanez; Oberena peñakoekin ibiltzen dira. “Oso esperientzia polita da; zezenetako igoera eta jaitsiera egiten dugu egunero, eta 23:00ak arte aritzen gara jotzen. Pare bat egunetan goizez eta gauez ere aritzen gara”, aipatu du Arostegik. Eta ez dute aldatzekoa urtero Agoitzeko festetara egiten duten bisita ere.
Kalean txarangako kideak urtero joaten dira Parentis-en-Born herrira (Landak, Frantzia), hango txaranga batek gonbidatuta, eta Lorencek “oso gustukoa” du topaketa hori. “Beste txarangekin harremana egiteko modua izaten dugu”. Tolosako txarangek elkarren artean ere badute harreman hori. “Konpromisoren bat dela tarteko taldea osatu ezinik gabiltzanean, herriko beste txarangei hots egiten diegu, eta beti baiezkoa ematen digute txapuzarako“, azaldu du Artutxak. Tolosako txarangetan ibiltzen diren gazteek horrela esaten diote emanaldi bakoitzari.
Hiru bat orduko emanaldiak izaten dira, batez beste; bazkaldu aurreko eta osteko tarteak hartzen dituzte gehienetan. “Jendea parrandan dabilen bitartean, giroa jartzea izaten da gure eginbeharra”, esan du Arostegik. Euskal Herri osora zabaldu nahi dute Tolosan inauterietan izaten duten giroa, eta ari dira lortzen. Ez dira alferrik entzuten Batasuna, Ero Etxe edo Ortzadar elkarteetako kalejirak Euskal Herriko, Espainiako nahiz Frantziako festetan. Babarrunak ez ezik, tolosarrek badakite txapuzak ere egiten.
Leave a Reply