Urteroko moduan, santa eskean aterako da bihar arratsaldean Hernaniko Ohitura Zaharrak abesbatza; aurten, ordea, Santa Ageda bezpera berezia izango da abesbatzako kideentzat, 50 urte beteko baitira taldea lehenengoz kalera kantuan atera zenetik.
Tiburtzio Odriozola Patxi-ren ekimenez hasi ziren 1962an usadio hori berritzen, haren seme Jonek azaldu duenez: “Bi laguni proposatu zien kale buelta bat egitea; herriko beste gazte batzuk ere batu zitzaizkien, eta urtero kalera irteten hasi ziren”. 1936ko gerraren aurretik bazen usadio hori Hernanin; ez, ordea, frankismoan. “Diktadura garaian zeuden”, azaldu du Jon Odriozolak. “Euskara bultzatzeko eta herrian alaitasun pixka bat zabaltzeko asmoz egindako ekintza bat izan zen”.
Gaur egun, ikastetxeen eraginez, aski zabalduta daude Santa Ageda bezperako koplak, baina garai hartan “ausardia pixka bat baino gehiago” behar izan zuten kantuan kalera irteteko, Odriozolaren hitzetan. Orduan, Santa Ageda bezperako kuadrilla gisa ezagutzen zuten herrian taldea; San Joan bezperan eta Urtezahar egunean ere kalera ateratzen hasi zirenetik, ordea, Hernaniko Ohitura Zaharrak izena hartu zuen abesbatzak.
Urteurreneko ekitaldiak
Betiko ibilbidea egingo dute bihar ere: zaharren egoitzatik hasi eta alde zaharrean barrena joango dira, taberna eta elkarte gastronomiko batzuetan geldialdiak eginez. Txistulariak eta bertsolariak ere izango dituzte bidelagun.
Urteurrena ospatzeko, abesbatzako kide ohiak ere gonbidatuko dituzte kantura; “denek elkarri egindako omenaldia” izango da, Odriozolaren arabera. Datorren urterako, berriz, abesbatzaren historiari buruzko erakusketa bat antolatu nahian dabiltza.