Gipuzkoako ezker abertzaleak dio “eskandalua” dela Bidegiko desfasea

“Apurka-apurka” agerian ari dira geratzen EAJk, Gipuzkoako Foru Aldundian egon den urteetan, egindako kudeaketa “txarraren” ondorioak. Hala uste du Gipuzkoako ezker abertzaleak. Bidegin izandako desfasearen harira, asteazkenean, prentsaurrekoa eman zuten Idoia Aiastui eta Iñigo Balda ezker abertzaleko kideek eta, besteak beste, Bidegiko desfasea “eskandalua” izan dela adierazi zuten, eta horretan EAJk “erantzukizun politikoa” duela: “Itzela den eskandalu baten aurrean gaude eta honek irakurketa sakonago bat eskatzen du”. Areago, “Europa osoan” halako tamaina duen desfaserik ez da ikusi ezker abertzalearen irudiko. Beraz, “%65 arteko desfasea nola onartu daitekeen” azaltzeko eskatu diote EAJri.

Eredu ekonomiko desegokia garatzeaz gain, EAJri arreta “desbideratzen” saiatu izana ere egotzi diote. “Dirudienez, ez dute herritarrek zer gertatu den jakiterik nahi”. Ildo beretik, PPk eta PSE-EEk hartutako jarrera ere salatu dute: “Beste une batzuetan, edozein gertaeraren aurrean, interpelazioak eta batzorde bereziak eskatzera korrika eta presaka abiatzen diren bitartean, Bidegiren desfasearen kasuan itsu, mutu eta gor daude”.

Bidegirekin gertaturikoa, ordea, eredu kontua da ezker abertzalearen arabera. Hala, EAJrenarekin oso kritiko agertu da. “Eredu horren funtsa eraikitzea eta eraikitzea zen”, adierazi dute ezker abertzaleko ordezkariek.