Euskaran ahalduntzera saltoa

Euskaran ahalduntzera saltoa

Ane Olaizola

Gazteak euskaldun gisa sentsibilizatu, kontzientziatu, aktibatu eta ahaldundu nahian, orain arte landu gabeko esparruetara jauzi egin du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Euskararen arnasguneei buruzko proiektuarekin jarraituz, hezkuntza ez-arautuan eragin nahi dute orain, eta, lehenengo aldiz, udalerri euskaldunetako gazteen topaketak antolatu dituzte. Urriaren 20tik 22ra egingo dituzte, Orion, eta urriaren 9ra bitartean eman daiteke izena.

Udalerri euskaldunetako herritarren artean gutxituz doa euskararen erabilera, eta, hain zuzen ere, administrazioa bera euskalduntzen ari den bitartean, azken urteotan hori izan da Uemaren kezka nagusietakoa. Euskararen erabileraren joera beheranzkoa zela ikusita, eta datuak “oso kezkagarriak” zirela ohartuta, udal elkarteak proiektu estrategiko bat jarri zuen abian duela bi urte: Euskararen Arnasguneei Buruzko Hezkuntza Proiektua. Ordutik, hizkuntza ekologiak eta arnasguneek duten garrantzia helarazten diete Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleei. Proiektua ematen ari den fruituen “balorazio positiboa” egin badute ere, harago joan nahi dute orain. “Eskola egituratuta dagoen moduan, mugak ditu hezkuntza proiektuak. Gainera, askok ikasketekin eta autoritatearekin lotzen dute gaia. Horrek erreparoa sortzen du gazteengan. Bestetik, gure erronka da aurrez gaiarekin sentsibilizatuta dagoen gaztearengana ere iristea”, adierazi du Maddi Gallastegi topaketetako koordinatzaileak. Hori hala, hezkuntza arloko proiektua osatzeko eta gazteak euskal hiztun bezala ahalduntzeko Gazte Topaketak antolatu dituzte, Salto lelopean. “Esperientzia positibo eta erakargarria” eskaini nahi izan dute. “Norbanakotik komunitatera” salto egin dezaten; “arrotzetik etxekora”; “inertziatik kontzientziara”; “arnasestuetatik arnasgunera”.

Tresnak, hautuak egiteko

15 eta 18 urte bitarteko gazteentzat da ekimena, antolatzaileak jakitun baitira adin tarte horretan gazteak harreman sareak zabalduz joaten direla eta emozioetatik arrazoirako bidea hartzen hasten direla. “Geure burua kokatzen hasteko gaitasuna izaten dugu orduan”. Gallastegiren arabera, adin tarte horretako datu soziolinguistikoak “oso kezkagarriak” dira euskararen erabilerari dagokionez. “Herriz herri aldatu egiten dira datuak. Hainbat lekutan, %2 inguru hazi da euskararen erabilera, baina salbuespena da hori. Herri askotan sekulako beherakada izan du”. Uemako kidearen arabera, adin tarte “konplexua” da nerabezaroa, besteak beste, bakoitza “bere lekua bilatzen” aritzen delako. Hizkuntzari dagokionez, bide horretan haiei baliabideak ematea da topaketen funtzioa. “Nerabezaroan, taldearen onarpenaren fasean gaudenean, hautu batzuk egiten dira, eta horietako bat hizkuntzarena izaten da. Beraz, garrantzitsua da hautuak egin ahal izateko tresnak eskaintzea, eta, ondoren, nahi duen erabakia hartuko du bakoitzak”.

Era berean, euskararen inguruko kontzientzia izateak efektu biderkatzailea duela azpimarratu du Gallastegik, eta hori da topaketen beste helburuetako bat: “Arnasguneek badute antena funtzio bat. Hau da, gazte bat, inertziaz, euskaraz bizi bada, eta inertziatik kontzientziara igaro eta jarrera aktiboa hartzen badu, erabilera handituz joango da”.

Finean, euskararen lurgunea hedatzen jarraitu eta “gazte sare euskaltzalea” sortu nahi du Uemak. Hori guztia aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau “erakargarriarekin” egingo dute gazte topaketetan. Hango koordinatzaileak aurreratu du ez duela egitarau akademikoa izango; “oso ludikoa eta parte hartzailea izango da guztia”. Egitaraua oraindik ez dago guztiz itxita, baina, besteak beste, ginkanak, jolasak, kantaldiak, txangoak, parranda eta bisita eta kontzertu sorpresak izango dituzte.

Uemako kide diren udalerrien artean Orio erdigunean egonik, hango Itxaspe baserrian igaroko dute asteburua, eta elkar ezagutzeko aukera izango dute udalerri euskaldunetako gazteek. Izan ere, hezkuntza arloko arnasguneen proiektuan gertatu bezala, udalerri euskaldunetako gazteei zuzendu dizkiete topaketak, “gazteek kontzientzia har dezaten errealitate soziolinguistiko berezi batean bizi direla eta horrek aukerak ematen dizkietela”.

Kopurua, mugatua

Aurreko astetik zabalik da izena emateko epea, eta lau modutara egin daiteke —30 euro balio du—: www.uema.eus webgunean; Uemaren sare sozialetan; 943-81 66 99 telefonoan; edo eskuorrietako datuak bete eta Enparan kalea 1, 2 a. 20730 Azpeitia edo hezkuntza@uema.eus helbideetara bidalita. Kopurua mugatua izango da, 45 lagun ingurukoa. Kopurua gainditzen bada, berriz, lurraldetasunaren eta generoaren irizpideak bermatuko dituzte, eta izena eman dutenen ordena hartuko dute kontuan.

Lehenengo topaketak izanik, aurtengoa “proba” izango da, eta ateak irekita utziko dituzte aurrera begira. “Erreferentziarik ez daukagunez, probatzeko esperientzia izango da. Etorkizunean ez dakigu zein egitura izango duen, baina oraingoa, behintzat, ongi pasatzeko eta gozatzeko asteburua izango da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.