Krisian hasi da 2012a; soiltasuna izan da urte berriko asmoei buruz gehien aipatutako hitza. Aurrekontuetan gastuak haziz eta diru sarrerak txikituz doaz, eta, apurka, zabaltzen ari da orain arteko garapen ereduaren aurkako jarrera: datozen urteetan ez dira posible izango hainbeste inbertsio eta eraikuntza berri.
Murrizketa eta erreformek orain arteko erritmoa apaltzea helburu duten arren, krisiaren aurretik erabakitako hainbat proiektu handik aurrera jarraitzen dute Gipuzkoan. Lurraldea obretan dago, eta, planifikatutako azpiegiturak gauzatzen badira, hala jarraituko du urte batzuetan; soiltasunaren diskurtsoak ez du balio garapena jokoan baldin badago. Azpiegitura handi horietako askok, ordea, etorkizun lausoa dute oso; horietara bideratutako baliabideen inguruko zalantzek eta ingurumenari egin diezaioketen kalteek herritar askoren errezeloa piztu dute.
Urtetik urtera, diru gehiago
Presa handia du Eusko Jaurlaritzak AHT abiadura handiko trena Gipuzkoara ekartzeko: aurtengo aurrekontuetatik 350 milioi euro gorde ditu Gipuzkoatik igaroko den zatiko lanetarako, iaz baino %27 gehiago. Urtetik urtera, handitzen joan da kopuru hori; iaz 275 milioi bideratu zituen, eta 2010ean, 225 milioi.
Guztira, 76 kilometroko ibilbidea egingo du AHTak Gipuzkoan. Horietako hamahiru zatitan jada ari dira lanean; Ordiziatik Itsasondorako zatiko eta Beasain ekialdeko eraikuntza lanak martxorako amaitzeko asmoa daukate. Beste hiru zatitan aurki hasiko dira obretan: Ezkiokoan, Hernani eta Astigarraga artekoan, eta Zizurkil eta Andoain artekoan.
Gainontzeko zatietako lanak esleitu dituzte jada; Hernialdetik Zizurkilera doan 5,8 kilometroko tartea izan da azkena esleitzen. Hala eta guztiz ere, oraindik erabakitzeko dago nola sartuko den trena Donostiara eta Irunera.
Gipuzkoarren %65entzat
Donostiako eta inguruko herritarren garraio ohiturak “goitik behera” aldatzera dator Donostia aldeko metroa, ETS Eusko Trenbide Saretik adierazi dutenez. Euskotrenek gaur egun hirian egiten duen ibilbidea oinarri hartuta, maizago ibiliko den lur azpiko trena egitea da asmoa. ETSko ordezkariek emandako datuen arabera, Gipuzkoan bizi diren pertsonen %65i emango die zerbitzua metroak, Donostia inguruko beste zenbait herritara ere helduko delako; besteak beste, trenaren Lasartera-Oriarako linea luzatuko dute.
Guztira, hamazazpi geltoki izango ditu metroak hiriburuan: erdialdeko auzoetara ezezik, Morlans, Loiola, Intxaurrondo, Herrera eta Altzara ere helduko da. Bestalde, Errekalde eta Añorgako tren geltokiak berritu nahi dituzte, eta Pasaian, Errenterian, Irunen eta Hondarribian ere egingo dituzte geltokiak.Oraintxe, hiru zatitako lanak daude hasita: Lasartetik Errekalderakoak, Errekaldetik Añorgarakoak eta Loiolatik Herrerarakoak.
Egitasmoak 750 milioi euroko gastua izango du. Kopuru hori Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailarekin erdibana ordaintzea adostu zuen aurreko foru gobernuak; aldundi berriak, ordea, metroaren finantzaketan parte ez hartzea erabaki du. ETSk oraindik ez du azaldu zein irtenbide emango dioten finantzazioaren auziari.
Sei hilabetez, etenda
Lur mugimenduak hasita dauden arren, zalantza handiak daude Zubietan eraiki nahi duten errauste plantaren etorkizunaren inguruan. Hainbat herri mugimenduk egitasmo horren aurka egin duten arren, berez, hasita daude azpiegitura eraikitzeko lanen kontratazioak. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko administrazio kontseiluan gehiengoa duen Bilduk, ordea, proiektuaren aurkako jarrera azaldu izan du. Abenduan, 38 alkatek hondakinak biltzeko beste sistema batzuk ezartzeko asmoa azaldu zioten partzuergoari; administrazio kontseiluak erabaki zuen horrek errauste plantaren bideragarritasun ekonomikoa zalantzan jar zezakeela, eta eraikuntza lanak sei hilabetez geldiarazteko eskatu zion partzuergoko batzarrari. Aldundiko 2012ko aurrekontuen negoziazioetan, hura onartzea erabaki zuten Bilduk eta EAJk.
Orain, ekainaren 30era arteko tartea daukate hondakinen arazoa berriz aztertzeko eta irtenbideak bilatzeko. Tarte horretan ez dute errauste plantari buruzko erabakirik hartuko, eta ez dute kontratua eteteagatik kalte-ordainik ordaindu beharko, agiriak berak ematen baitu halako etenaldi baterako aukera.
Helegiteak aztertzeko txanda
Aste honetan amaitu da Pasaiako portuko ingurumen iraunkortasun txostenari helegiteak jartzeko epea. Portu Agintaritzak osatutako bigarren bertsioa da, lehenak ez baitzuen batere harrera onik izan, ez herritarren aldetik, ez eta instituzioen aldetik ere. Espainiako Ingurumen Ministerioak ere ohartarazi izan du kaia kanpora eramateak ingurumenean kalte larriak eragin ditzakeela, eta beste aukerak aztertzeko eskatu zion Portu Agintaritzari 2010ean.
Hark alde batera utzi ditu beste aukerak, eta, itsaso bidezko trafikoaren gorakadari erantzuteko modurik onena kanpoko kaia dela iritzita, ingurumeneko txostenari aldaketa batzuk egin dizkio. Orain, helegiteak aintzat hartu eta jasotako proposamenekin memoria txostena osatu behar du erakundeko administrazio kontseiluak. Azken hitza, ordea, Espainiako Ingurumen Ministerioak du; hark plana onartutakoan hasiko lirateke proiektua idazten. Cesar Salvador Portu Agintaritzako planifikazio eta ustiaketa buruak esan du urtea bukatu aurretik espero dutela ministerioaren erantzuna.
504 ziega, 28 hektareatan
Zubietan, errauste plantaren ondoan, egin nahi dute Martuteneko kartzela ordezkatuko duen Norte III espetxea; beste zenbait azpiegitura ere egin nahi dituzte gune horretan, eta oraingoz, lur mugimenduak egiten hasi dira. SIEP Presondegietako Hornikuntza eta Azpiegituretako Espainiako Elkartetik adierazi dutenez, azarorako amaitu nahi dituzte mugimenduok; ez dute zehaztu noizko hasi nahi duten obrekin.
Guztira, 28 hektarea izango ditu Zubietako kartzelak; horietatik hemezortzi hesiz inguratuta egongo dira. Iruñean aurki irekiko duten presondegiaren berdina izango da; hark bezalaxe, 504 ziega eta 120 gela osagarri izango ditu.