“Gure artzainak Euskal Herriko enbaxadorerik onenak izan dira Ameriketan”

M. Luki

Laura Igantziren (Dixon, Kalifornia, 1972) aita artzain joan zen Nafarroatik AEBetara. Nevadara lehenengo eta Kaliforniara ondoren. Lesakara (Nafarroa) itzuli zeneko aldietako batean ezkondu egin zen, eta emaztearekin batera joan zen Kaliforniara bueltan. Igantzik azaldu duenez, andre euskaldun batekin ezkontzea zen hara joandako artzainen ametsa. “Baina mexikarrekin ere ezkondu ziren”. Anjel Igantzik hogei urte egin zituen, guztira, AEBetan. Hiru seme-alaba izan zituzten, eta Laurak bi urte zituenean itzuli ziren Euskal Herrira.

Nolatan izan zenuten hainbesteko grina Euskal Artzainak Ameriketan elkartea sortzeko?

Gure aita omendu egin zuten 2001ean, Legazpin egiten den Gipuzkoako Artzain Egunean, eta, omenaldiaren harira, Arantzazun egin zuten Munduko Artzaintza Kongresura deitu zuten 2005ean. Nafarroatik AEBetara joandako artzain gutxi ikusi genituen kongresu hartan, eta zeharo harritu gintuen. Zergatia galdetu genuenean, joandako artzain gehiagoren berririk ez zutela erantzun ziguten. Lesakatik joandakoen zerrenda egiteko konpromisoa hartu genuen guk. Izan ere, bagenekien baserri bakoitzetik gutxienez gizaseme bat joana zela.

Zerrenda batekin hasi zen dena orduan?

Bai. Elkartzen hasi ginen. Gure gurasoek egindakoari behar beste garrantzi eman gabe geundela konturatu ginen senideok. 2006an egin genuen lehenengo bilkura, eta 500 lagun elkartu genituen hurrengo urtean. Egiteko dagoen lan guztia ikusita, elkartea sortu genuen 2011n.

Zein lan daukazue egiteko?

1830etik 1930era badakigu 100.000 euskaldun inguru joan zirela AEBetara lanera, hara iritsitakoen izenak jaso zituztelako Ellis irlan, New Yorkeko portuan. Baina ez dakigu ondoren joandakoen zenbatekoa eta jatorria. Bizkaian lan asko aurreratu dute jada, Nafarroan lanean ari gara, Arabatik joan zirenen berririk ez dugu eta Ipar Euskal Herriko lana osatzeko dago… Baina Gipuzkoan nabaritu dugu hutsunerik handiena, dokumentazioa oso urria delako. Beste lurraldeekin alderatuta, Gipuzkoatik artzain gutxiago joan zen AEBetara, bertan industria gehiago zegoelako beharbada. Edozein moduz, hori guztia dokumentatzeko dago.

Zenbateko garrantzia dauka dokumentazio lan horrek?

Krisialdi handia nozitu dugu azken urteotan, baina garai batekoek ere izan zituzten antzekoak; oso baldintza gogorretan bizi izan ziren garai hartakoak ere. Lurralde ezezagun batera joan ziren, beste kultura batera, artaldearen beste kontzeptu bat zeukaten han… Ez da nolanahikoa han utzi zuten arrastoa.

Zenbateko arrastoa utzi zuten?

Gure artzainak Euskal Herriko enbaxadorerik onenak izan dira Ameriketan. Hitza betetzen zuten, eta langile finak eta pertsona zintzoak ziren.

Haiek zer ekarri zuten?

Gure ama joan zenean, ordurako argia sartzen hasita zeuden Lesakako baserrietan, baina txundituta geratu zen euskal pikniketan haurrei pixoihalak nola aldatzen zizkieten ikusi zuenean. Hemen ez zegoen halakorik. Nekazaritza makineria eta bestelako aurrerapen batzuk ekarri zituzten, eta dirua, batez ere dirua ekarri zuten.

Dokumentazio lanaz gain, zein da elkartearen xedea?

Artzainen Ibilbidea egin nahiko genuke Donibane Garazitik (Nafarroa Beherea) Gernika-Lumora (Bizkaia). Aurretik, hala ere, dokumentazio lan handia daukagu egiteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.