Haur lapurtuen auzian, hari bakoitzetik tiraka, sare oso bat zabaltzen da; Gipuzkoan 130 kasu daude epaitegietan, eta bi familiak hutsik topatu dute ustez euren umea hilobiratuta zegoen hilkutxa. 1977an jaiotako haurrak dira Gipuzkoako biak, baina lapurretak 1940ko hamarkadatik hasi eta 1990eko hamarkadara arte egin zituztela uste dute horiek salatzen diharduten elkarteek. Derion (Bizkaian) ere izan da antzeko gertaera bat, eta, kasu horretan, haurra 1993an jaiotakoa da.
Guztira, 700 familia jarri dira orain arte SOS Haur Lapurtuak taldearekin harremanetan; elkarteko kideen ustez, milatik gora izan litezke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lapurtutako umeak. Iban Ugarte (Donostia, 1985) elkarteko abokatua da; udaz geroztik dihardu boluntario gisa: “Zuzenbidea ikasten dugunok beti daukagu mundu justuago bat lortzeko nahia. Hori bokazio bezala hartuta, zaila izango da hau baino kausa justuagorik topatzea”.
Familia batek zuengana jotzen duenean, zein prozedura jarraitzen duzue?
Lehenbizi, salaketa jartzen da polizia etxe batean, fiskaltzan edo epaitegian bertan. Guk, normalean, fiskaltzara jotzen dugu, fiskalak berak badaukalako hasierako ikerketa batzuk egiteko eskumena. Fiskalak ikusten badu badaudela delitu zantzuak, epaitegira igortzen du kasua, eta ikerketa judiziala hasten da.
Nolako kasuak izaten dira?
Ez dago esaterik; kasu bakoitzak du bere nortasuna. Badaude patroi batzuk gehienetan errepikatzen direnak: irregulartasunak datetan eta dokumentazioan; paperak eskuratzeko zailtasunak; ume jaioberria ez ikusi izana, edo ikusteko baimena ukatu izana… Baina kasu bakoitza desberdina da.
Frankismo garaian gertatutako kasuak direla aipatzen da maiz. Ez dituzue lapurretak errepresio politikorako tresna gisa ikusten?
Guk frankismoa gehiago erabiltzen dugu erreferentzia historiko gisa, ulertzeko garai hartan nola funtzionatzen zuten: burokrazia handia zegoen, eta ez zen guztiz garbia. Baina ez bakarrik ume lapurtuen auzian; edozein kasutarako, paper kontuak orain baino askoz ilunagoak ziren. 1980ko hamarkadan izandako hamarnaka kasuak kontuan hartuta, momentuz ez daukagu nahikoa daturik esateko hau guztia frankismoko kontu bat denik.
Dena den, auzi honek gogorarazten ditu Argentinan diktadura garaian gertatutako lapurreta kasuak.
Bai, zalantzarik gabe; dagoeneko harremanetan gaude Argentinako erakundeekin, euren esperientziaren berri izateko eta ikasteko zein ate jo ditzakegun. Gainera, ez da nazioarteko politikari buruz asko jakin behar ikusteko badaudela antzekotasunak Argentinako kasuen eta geureen artean.
Hala ere, nola ulertu liteke 1980 eta 1990eko hamarkadetan ere ustez lapurretak gertatu izana?
Hamarkada horietan gertatu izana gogorra da, baina burokrazia aldetik, lotura handia daukate: ordenagailuak oraindik ez zeuden erabat zabalduta, eta jaiotza agiriak eskuz idazten ziren; ez zeuden erregistro informatizatu batean. 1995eko kasu bat harrapatzea zailagoa da, eta horretan lanean dihardugu; baina, burokrazia aldetik, ez zait iruditzen 1970etik 1980ra halako desberdintasuna dagoenik.
Oihartzun handia izaten ari dira lapurreta kasuak azkenaldian, baina urte luzez apenas eman da susmo horien berri.
Lehenbiziko kasuak atera arte, susmoa askoz pertsonalagoa eta intimoagoa zen. Ama bat etxera bueltatzen zen haurrik gabe, eta esaten zuen: “Zer edo zer arraroa ikusi dut ba”, baina ez zekien zer pasatu zen. Horrez gain, kontuan hartu behar da zein prestigio eta botere sozial zeukaten medikuek; 1980ko hamarkadan ondo sartu arte, inori ez zitzaion burutik pasatu ere egiten mediku baten diagnostikoa zalantzan jartzea. 2000ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, kasuak agertzen joan dira, guraso haiek hiltzen hasi direnean. Umeek irregulartasunez betetako paperak topatu dituzte: adopzio txostenak, dokumentazio medikua… Eta sare sozial eta komunikabideetan ohartu dira ez direla bi edo hiru, jende gehiago dagoela oso egoera antzekoan.
Elkartera jo aurretik, euren kabuz kliniketan informatzen saiatzen dira gehienak. Zer moduzko erantzuna jasotzen dute?
Denetarik dago; batzuek ez dute inongo informaziorik jaso. Are gehiago, badaude kasuak haurdun egon zirela justifikatu ere ezin dutenak. Beste batzuek jaso dituzte euren agiriak, eta orain horien irregulartasunak aztertzen ari dira.
Elkarteari zer moduzko harrera egin diote ospitaleek?
Egiari so eginez, orain arte ez dugu laguntza handirik jaso, baina badirudi orain perspektiba aldatu dutela eta ari direla ikusten euren izena garbitzeko izugarrizko aukera dela. Gu ez goaz instituzio baten aurka; esaten duguna da hor egon zela medikuren bat, ziurrenik lagunduta, lapurretak egiten zituena.
Zentro guztietan egon dira kasuak?
Ez dizut esango guztietan daudenik, asko daudelako, eta egon direlako. Arazoa hortxe daukagu: klinika gehienak dagoeneko desagertu dira. Orain aktibo jarraitzen dutenak gutxi dira; baina horrek ez du esan nahi bilatzen ari garen medikuek euren jardunean jarraitzen ez dutenik.