“Pentsatu genuen jendeari kultura jarduera berri bat eskaintzeko aukera zela”

Operarekiko eta, oro har, kantuarekiko eta musikarekiko zaletasunak bultzatu ditu Manu Gallardo (Eibar, 1964) eta beste zenbait kide Ozenki elkartea sortzera. Arrasateko kultura eskaintza aberasteaz gain, opera eskuragarri izatea ere sustatu nahi dute.

Zein helbururekin sortu duzue Ozenki elkartea?

Ozenki elkartean, musika, opera, lirika… alegia, musikarekin eta kantuarekin lotutako guztia izugarri gustatzen zaigun pertsona talde txiki bat batu gara. Beti izan dugu zerbait egiteko gogoa; ez da bat-batean sortu den zerbait izan. Tarteka, bidaiak egiten ditugu opera ikusteko. Behin, Flauta magikoa opera ikusi genuen, eta ikaragarri gustatu zitzaigun. Bagenekien konpainia horrek berak, Opera 2001 enpresak, La Bohéme antzeztuko zuela, eta horrek bultzatu gintuen erabakia hartzera.

Gainera, uste dugu Arrasatek musika kultura oso ona duela, eta badugu zarzuelen konpainia egonkor bat, kantua gustuko gauza da herrian… eta pentsatu genuen bazegoela tarte bat eta aukera bat zela Arrasateko jendeari kultura jarduera berri bat eskaintzeko.

Martxoaren 1ean, La Bohéme operaren emanaldia izango da, Amaia antzokian. Konpainia Arrasatera ekartzeak lana emango zuen, ezta?

Konpainiari behin eta berriro eskatu genion Arrasatera etortzeko, eta azkenean esan ziguten prest zeudela. Oztopo ekonomikoak gainditu beharra zegoen, ordea. Baina bidean jende oso jatorrarekin egin dugu topo, laguntzaile eta babesle onekin, eta horiek gauzak asko erraztu dizkigute. Arrasateko Udala oso ongi portatu da, baita Kutxa eta Euskadiko Kutxa ere. Eta emaitza da, azkenean, La Bohéme Arrasaten izango dela.

Ekonomia krisia gaina hartzen ari den honetan, apustua egin duzue.

Garaiotan pentsatzen genuen kulturak ez zuela zertan galtzen irten. Askoz gehiago balio du antzerki, musika edo opera izan daitekeen ikuskizun batean egoteak, azkenaldian guztiok inbaditzen gaituzten albiste horiek guztiak entzuteak baino.

Sarrerak salgai daude jadanik. Zer moduzko harrera ari da izaten?

Ehun sarrera inguru geratzen dira saltzeko, eta, orotara, 700 eserleku ditu auditoriumak. Oso erantzun ona izan dugu, ez bakarrik Arrasaten, baita eskualdeko eta inguruko herrietan ere. Eta baita kanpoan ere. Ondarroa, Lasarte eta Mendarotik sarrerak eskatu dizkigute, esaterako. Eta Eibartik ere jende mordo bat etorriko da.

Gipuzkoan ba al dago antzerako beste elkarterik?

Gipuzkoan opera urtean behin edo bitan entzun daiteke, Donostiako Musika Hamabostaldian. Gero, badago Luis Mariano elkarte lirikoa, Irunen. Eta elkarte horrek urtean bizpahiru opera programatzen ditu. Gainerakoa Bilborako geratzen da, ABAOrako.

Urtean bi ekitaldi egiteko asmoa duzue.

Bai. Urtean behin Arrasatera opera profesional bat ekartzeko ahalegina egingo dugu. Eta, batez ere, gehien gustatzen zaiguna esparru ez-profesionala da. Arrasateko Musika Eskolarekin eta inguruko musika eskolekin lankidetzan aritzea, kantua eta musika lantzen dutenek espazio bat ere izan dezaten parte hartzeko. Funtsean, eurekin ikuskizun bat prestatzea litzateke. Eurekin bakarrik, edo jende profesionalaren lanarekin uztartuta.

Maila sozial altuarekin eta diruarekin lotu ohi da opera. Zer du egiatik pentsaera horrek?

Uste dut egiatik eta gezurretik zati bana duen topikoa dela. Hemen, Euskal Herrian, adibidez, ABAO da erreferentzia, eta hango ekoizpenak garestiak dira, futbolean Real Madrilek eta Bartzelonak elkarren aurka jokatuko balute bezala. Gutxieneko sarrerek 40-60 euro balio dute, eta batez bestekoak 90-100 euro. Eta gazteak 15-18 urtekoak agian ez dituzu ikusiko, baina 25-40 urte bitartekoak bai. Asko, gainera. Horregatik saiatu gara babesleak bilatzen ere, sarrerak oso garestiak izan ez daitezen. 25 eurotan jarri ditugu sarrerak salgai, eta aretoa bete egingo da.