Ikerne Zarate
Ospakizunetan murgilduta dabil Irungo Kunsthal Goi Mailako Diseinu Zentroa. Hogei urte bete berri ditu, eta ibilbide horrek eman ditu jada bere fruituak: 800 diseinatzaile graduatu dira bertan, eta garapen nabarmena izan du Txanaleta plazan egoitza duen zentroak. Diseinu zentro zena goi mailako diseinu zentro bihurtu zen joan den ikasturtean, eta, horri esker, unibertsitateko graduen baliokide diren goi mailako tituluak eskaintzeko aukera du orain Kunsthalek.
Gaizka Zuazok hamar urte daramatza zentroan, eta, ikasturte honetan, hirugarren urtea beteko du zuzendari lanetan. Zuazorentzat, “jauzi handia” izan da Goi Mailako Zentro bihurtu izana, “garapen baten ondorioa”. Haren hitzetan, “naturala” izan da prozesua. “Eta maila bat gora egin dugu horri esker”. Kunsthal erreferentzia da bere eremuan. Goi Mailako Diseinu Eskola Publikoa badago Gasteizen, baina besterik ez da Euskal Herrian. Irungo zentroak, gainera, Espainiako Estatuko diseinu eskola onenaren Habitacola saria jaso zuen duela hamar urte, 2007an.
Hezkuntza eredua moldatuz joan dira urte horietan, eta esperientzietan oinarritutako heziketa humanista baliatzen dute egun: “Ikasketa prozesua proiektuetan oinarrituta egitea gustatzen zaigu, benetakoak diren proiektuekin. Hau da, urte osoan atzean bezeroak edo benetako egoerak dauzkaten proiektuak lantzen ditugu, eta talde lanetan murgiltzen ditugu ikasleak, benetako esperientzietan”. Horrela, ikasketa prozesua aberastu egiten dela azaldu du Zuazok. Izaera kritikoa eta gogoetazkoa sustatzea da zentroaren beste oinarrietako bat. “Oso garrantzitsua da errealitatea eta testuingurua aldatzeko gai diren pertsonak heztea; gai izatea eta gogoa edukitzea”.
Goi mailako zentro bihurtu denetik, goi mailako bi titulu eskaintzen ditu Kunsthalek: barne espazioen diseinua eta diseinu grafikoa. Horrez gain, animazio titulua ere lor daiteke bertan. Irudiak eta mugimendua erabilita, komunikazioa lantzen dute kasu horretan. Zentroak hasiera-hasieratik eskaini izan ditu paisajismo ikasketak, baina, oraingoz, eten egin dute eskaintza hori. Garai berriekin lotuta, berriz, baliokideak diren beste gradu batzuk ere eskaintzea aztertzen ari direla adierazi du Zuazok: “Moda eta industria diseinua lirateke. Ikasturte honetan aztertuko dugu esparru horietan sartzeko bideragarritasunik daukagun edo ez”.
Gaur-gaurkoz, 50 ikasle ditu Kunsthal zentroak, eta diseinu grafikoa ikasten ari dira gehienak. “Zentroak, aldi berean, 180 ikasle eduki izan ditu gehienez, eta, goi mailako eskola bihurtuta, nolabait, hasierara itzuli gara berriz ere. Utzi egin behar izan ditugu aurretik eskaintzen genituen formakuntza zikloak. Trantsizio garaian murgilduta gaude”.
Hasieratik, proiektu ugaritan parte hartu izan du Kunsthalek, eta, adibide gisa, Donibane Lohizunen (Lapurdi) izan ziren orain bi aste. Zuazoren hitzetan, esperientzia “paregabea” izan zuten bertan. “Baina ez da berria, bost urte baitaramatzagu Artha arte jaialdian parte hartzen”. Horren harira, ekintza bat egin zuten Santa Barbarako paisaian.
Gaur eta bihar, berriz, Getxon (Bizkaia) egingo duten Serifalaris diseinu grafikoari buruzko kongresuan parte hartuko du Kunsthalek. Sona handiko hamabost diseinatzailek txostenak plazaratuko dituzte kongresuan, eta masterclass-ak eta haurrentzako diseinu tailerra ere antolatu dituzte jardunaldiaren harira. Berrehun diseinatzailek baino gehiagok parte hartzea espero dute antolatzaileek. Azaroaren 30erako ere lotuta daukate ekitaldi bat: egun horretarako, jardunaldia antolatuko du Irungo Udalarekin batera: “Berrerabilerari eta diseinuari buruzko hitzaldiak eskainiko ditugu, eta irekia izango da jardunaldia”.
Miramar Jauregian, berriz, Nazioarteko I. Arkitektura Bienala egingo dute azaroan, eta bertan izango da Kunsthal: “Diseinu grafikoari eta arkitekturari buruzko tailer txiki bat izango dugu. Aste osoan izango gara han, eta hara eramango dugu eskola”. Bideak urratzeko helburuarekin, ikasturte honetan, lehenengoz, Bidasoa eskubaloi taldearekin elkarlan proiektu bat garatzen ari dira ikasleak. “Eta gure eskolako hainbat ikasle proiektu batean lanean ari dira ikasturte honetako euren programazioa diseinu grafikoaren bidez komunikatzeko”.
Udaberri aldera, festa
Isidro Monzon arkitektoari buruzko erakusketa eta hitzaldia ere antolatuko ditu aurten Kunsthalek, EHUrekin elkarlanean: “Ikerketa txiki bat egin genuen joan den urtean, eta haren arkitektura interesgarria zela ohartu ginen”. Horiekin batera, beste hainbat proiektu txiki ere martxan dauzkate ikasturte honetan. “Pare bat diseinu lehiaketa egingo ditugu Irungo merkatariekin eta Gipuzkoako Barruko Diseinuen Eskola Ofizialarekin”.
Ikasturtea biribiltzeko, zentroko kideek bisita berezia egin nahi dute Bilboko Guggenheim museora —hark ere 20 urte beteko ditu aurten—. Bestela ezin eta, ez da faltako urteurrena ospatzeko festa. Udaberrian antolatuko dute hori: “Bi hamarkada hauetan ikasle eta irakasle izan ditugunak bildu nahi ditugu festara, Kunsthalekin nolabaiteko harremana izan dutenak. Azken batean, gure ikasle izandakoei esker iritsi gara iritsi garen lekura”. Lanik eta gogorik ez zaie falta, eta horrek, zalantzarik gabe, uzta oparoa ekarriko dio, berriz ere, Kunsthali.
Leave a Reply