Jon Miranda
Villabonak XIII. mende erdialdean dauka jatorria, Oria ibaiaren ertzeko beste hainbat herrirekin gertatzen den bezala. Abagune historiko egokia zen hura. Batetik, garai hartan pil-pilean zegoen Gipuzkoa alderik alde zeharkatzen zuen merkataritza, eta, bestetik, Oria ibaia komunikabide ezin hobea zen garraio hura guztia bideratzeko. Lehenagokoa da, ordea, Amasaren inguruko lehen aipamena. 1025. urteko agiri batean agertzen da, besteak beste, Saiazko haraneko herrixka moduan.
Urte askoan, Villabona izan da udalerriaren izen ofiziala, nahiz eta Maite Izagirre alkateak dioen bezala, “Amasak duen herri nortasunari erreparatuta”, Villabona-Amasa izena erabiltzen hasi ziren ofizialak ez ziren gainerako inprimaki guztietarako. Udal taldean azken hilabeteetan ahalegina egin dute Amasari daukan garrantzia emateko, eta, urtaroa aldatzen den aldiro, kultur ekitaldiak antolatzen dituzte bertan. Udazkenaren etorrera ospatzeko, adibidez, Xabier Lizaso piano jotzaileak eta Andoni Egaña bertsolariak Bi arreba emanaldia eskainiko dute bihar, 19:30ean, San Martin elizan.
Udalerrian herritar gutxi bizi dira lehen sektoretik, Amasan gehienak. Udal ordezkariek kezka dute, helduak direlako geratzen diren baserritarrak eta jardunarekin jarraitzeko erreleborik ez delako antzematen. Izagirreren ustez, “eskumen gutxi” ditu udalak egoerari buelta emateko, baina, besteak beste, arautu egin nahi dute baserritarrek euren jarduerarako erabiltzen duten Amasamendi jabetza publikoko mendiaren erabilera. Horretarako, azken hilabeteotan parte hartze prozesua jarri dute martxan Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta mendia erabiltzen duten eragileak eta gai horretan aditu direnak bildu dira bertan. Aste honetako udal bilkuran eman diote hasierako onarpena kudeaketa planari eta jendaurrean erakutsiko dute orain, interesa dutenek ekarpenak egin ahal izan ditzaten.
Hazkundea, bere horretan
Urte gutxian hazkunde handia izan zuen Villabona-Amasak. 1960an, 2.712 biztanle bizi ziren herrian, eta, hogei urte geroago, 5.228. Oriamendi auzunean egin zituzten lehen etxebizitzak, duela 50 urte, eta gerora iritsi ziren Txermin nahiz Arroaren gisako auzoak. Neurri batean, Legarreta auzoko lantegiei esker gertatu zen hazkundea. Krisi ekonomikoaren eraginez, ordea, itxi egin behar izan dituzte fabrika horietako asko, eta, alkatearen esanetan, “ez aurrera, ez atzera” geratu da herria.
Debekatuta daukate industrialdea zegoen eremua berriz erabiltzea, urpean gelditzeko arriskua baitauka. Ura agentziak Zubimusu zubia zabaldu du duela gutxi, eta uholdeen aurkako harri lubeta bat jarri du Oria ibaiaren eskuineko aldean. Arriskua gutxitu da, baina ez da nahikoa oraindik. “Horrek asko mugatu du lur horien erabilera, bai industriarako eta bai beste edozein jardueratarako”.
Izan ere, estua da Villabona-Amasa, eta hazteko lur gutxi du. Izagirreren ustez, datozen urteotan ez dute egingo etxebizitza gehiago. Amasan, oraintxe bertan, hamabi etxebizitza eraikitzen ari dira, eta bertako hainbat bizilagunek euren lurretan etxeak egiteko gogoa agertu dute, herriari bizia eman eta bertako gazteak Amasan gera daitezen. Udala hasia da, jada, auzotarrekin batera gaia lantzen.
Alkateak “urrezko aro” gisa izendatu du 1960ko hamarkadaren ondorengoa: “Petit Paris deitzen zioten [Paris txikia], eta mugimendu handia zegoen herrian. Bertatik igarotzen zen errepidea, eta horrek bizitasuna ematen zion inguruneari”. Gaur egun, aldatuta daude gauzak. Oinezkoena da Kale Nagusia, eta, N-1 errepideko saihesbidea egin zenetik, ibilgailu gutxiago pasatzen da herriaren erditik. Alkatearen hitzetan, hala ere, jendea kexu da aparkaleku faltagatik: “Herriaren sarreran badugu toki nahikoa autoak uzteko, baina urruti dagoela esaten du jendeak. Bertatik bertara ibili nahi izaten dugu gaur egun, autoa oso urruti utzi gabe”.
Kezka horixe bera daukate merkatariek, eta, lehengoaren aldean, herriko saltokietan jende gutxiago ibiltzen dela sumatuta daude. “Aldameneko herrietakoek ere nahiago izaten dute merkataritza zentro handietara joan”. Azterketa sakon bat egin, eta Oria merkatari elkartearekin batera bezeroak fidelizatzeko kanpaina bultzatu asmo dute.
Udal taldeak kezka nagusitzat du herritarrei arreta egokia bermatzea, eta horregatik jarri du martxan Herritarren Arreta Zerbitzua. Aurretik Udaltzaingoak erabiltzen zuen gunea egokitzen ari dira bulego berria egiteko, eta azarorako zabaltzea espero dute. “Hori izango da udalak aurten gauzatuko duen egitasmo nagusia”, azaldu du alkateak.
Berrikuntza gehiago ere izan dituzte azken hilabeteotan. Oraintsu bukatu dira Gurea zinema berritzeko lanak. “25 urte pasatxo zituen, eta urte hauetan ez da berritu. Butakak aldatu ditugu, zoru berezia jarri dugu, eta baita paretak margotu ere. Itxura aldaketa nabarmena izango du zinemak”. Urriaren 7tik aurrera eskainiko dituzte emanaldiak, eta helduentzako eta haurrentzako ikuskizun banarekin egingo dute hasierako ekitaldia. Larunbatean, urriaren 21ean, Uhinak musika eta dantza saioa izango da ikusgai, eta, igandean, urriaren 22an, Go!azen telesailaren lehen kapitulua ikusi ahal izango da areto berrituan.
Errebotea ikur
Gaur egun jokatzen diren pilota jokoen artean zaharrenetakoa da errebotea. Jokamolde luzeko pilota jokoa da; bi talde aurrez aurre jartzen dira plazan, eta alde batetik bestera jaurtitzen dute pilota. Eskuarekin egin ohi da sakea, eta xisterarekin jotzen da gero pilota. Plaza handi eta luzeak behar izaten dira jokatzeko, eta horietako gutxi geratzen dira Hego Euskal Herrian. Zubietakoarekin batera, Villabona-Amasako Errebote plaza da horietako bat. Pilota jokamolde horrek indar handia du herrian, azken urteetan besteak beste Behar Zana elkarteak egin duen lanari esker. Alkateak onartu du elkartea lan izugarria egiten ari dela zaletasun hori gazteen artean zabaltzeko.
Bere mugetatik kanpo, erreboteari eta Oinkari dantza taldeari esker da ezaguna Villabona-Amasa. 1975eko azaroaren 20an sortu zen dantza taldea, Franco hil zen egun berean. “Talde txiki bat zenak izugarrizko sona du orain, bereziki pertsona batzuek egin duten lan ikaragarriari esker”. Kulturaren aldeko apustua egiten jarraitu nahi du Villabona-Amasako Udalak, herriko taldeak lagunduz.
Leave a Reply