Euskararen mosaiko birtuala

Euskararen mosaiko birtuala

Imanol Saiz

Orain zazpi urte sortu zuten Oarsoarrak komunitatea, 2010ean, Oiartzun, Pasaia, Errenteria eta Lezoko euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Eskualdeko euskararen erabilera datuak ez zirela oso onak azaldu zuen Soziolinguistika Klusterrak azken ikerketan. “Tamalez, guk nahiko genukeen baino dezente apalagoa da erabilera”. Hala aitortu zuen Joxe Luis Agirretxe Oarsoaldea garapen agentziako euskara arduradunak.

Oiartzualdeko euskara komunitatea buru-belarri ari da lanean egoera horri buelta ematen hasi eta euskara lau udalerrietako kaleetara zabaltzeko. Horretarako, biziberritu egin dute Oarsoarrak euskara komunitatea, eta, Bat eta bat, ez gara bi! leloarekin, kanpaina bat martxan izango dute datozen hilabeteetan. Euskararen aldeko mosaiko birtual erraldoia osatzeko Juanba Berasategiren marrazkiak baliatu ohi zituzten orain arte, baina pertsonaia errealak erabiliko dituzte aurrerantzean; Oarsoarrak komunitateak beste hasiera bat izan dezan nahi dute arduradunek. Herenegun egin zuten komunitate berriaren aurkezpena, Errenterian bertan, eta, besteak beste, han izan ziren Oiartzualdeko lau udalerrietako ordezkariak.

Oarsoarrak komunitatea “indartu, berritu eta eraldatu” egin dutela azaldu du Agirretxek. “Jendeak benetako konpromisoa hartu eta gizartea aktibatzen hasteko” aldaketa baliagarria izango dela uste du euskara arduradunak. Oiartzualdeko herritarrak irudikatzea da proiektuaren lehen pausoa, eta egun lau herrietan bizi diren kolektibo guztiek euskararekiko duten konpromisoa irudikatzea izango da ondorengo lana. “Gizarteko arlo guztiek dutelako nolabaiteko zerikusia euskararekin”.

Agirretxeren esanetan, balizko euskarazko komunitate bat “indartzea, saretzea eta trinkotzea” izan da azken urteotako erronka. Bide horretan, joan den apirilean Errenterian egindako Aste BatZuk egitasmoa gogoratu du euskara arduradunak. Lasarte-Orian eta Hernanin ere gauzatu zuten egitasmo hori. Agirretxeren hitzetan, “benetan euskararen komunitate izan nahi duen giza taldea” irudikatzen du Oiartzualdeak, “askotarikoa”. Irekia da komunitatea. “Euskararekin erabateko konpromisoa dutenei nahiz erdaretatik euskarara jauzia egiteko interesa dutenei bideratuta dago”. Eusko Jaurlaritza eta Euskaltzaleen Topagunea ere hurrengo urterako tankera horretako ekimenak egiteko prest azaldu direla gogoratu du Oarsoarrak komunitateko kideak.

Norbanako euskaldunez osatutako komunitate berri hori sortuz doan heinean, www.oarsoarrak.eus webgunean mosaiko gisa irudikatuko dute komunitatea. Hasiak dira mosaikoetako bat irudikatzen. Lau udalerrietako bakoitzetik hogei pertsona aukeratu dituzte, eta euren argazkiekin mosaikoa diseinatuta daukate jada. Komunitatea handitu ahala, herritarrek aukera izango dute euren argazkia mosaikoaren parte izateko.

Horretarako, inprimaki baten moduko bat jarriko dute webgunean, izen-abizenez eta argazkiaz gain, euskararekiko bakoitzak izan dezakeen konpromisoa adierazteko. Zalantza izanez gero, hainbat arlotako konpromisoak hautatzeko aukera izango da. Behin datuak eta argazkiak sartuta, norberaren argazkia automatikoki batuko zaio webgunean dagoen mosaikoari.

Berrikuntza prozesuan komunitateak duen xedea azaltzen du Oarsoarrak komunitatearen leloak berak —Bat eta bat, ez gara bi!—, ahalik eta herritar gehien batzeko helburuarekin. “Komunitatean parte hartzen duten guztiei beste lagun bat erakartzeko eskatuko diegu”, zehaztu du Agirretxek. “Efektu biderkatzailearen irudia islatu nahi dugu, lagun bakoitzeko bik parte hartuko balute kopurua gero eta handiagoa izango litzatekeelako”.

Herritar guztiei gonbita

Komunitatearen parte izateko gonbita egin diete Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteriako herritarrei, “ahalik eta mosaikorik handiena” lortzeko. Mezu hori “etengabe” zabaltzeko intentzioa dute Oarsoarrak komunitatean, “egunero, astero eta hilabetero kide berri bat komunitatean sar dadin saiatzeko”.

Komunitatea nahi bezain indartsua denean, egitasmoa Eusko Jaurlaritzaren eta Topagunearen 365 egunez euskaraz egitasmora batzeko asmoa dute Oiartzualdeko lau udalerriek, euskara urte osoan eskualdeko txoko guztietan presente egon dadin. Gaiaren inguruan mugimendua sortze aldera, hainbat zozketa egingo dituzte aurrerantzean. Lau udalerri izanik, lau zenbakiarekin jokatu nahi izan dute. Lau zenbakiaren multiploak erabiliko dituzte izena ematen duten pertsona jakin batzuek saria jaso dezaten.

Komunitatea berritzeaz gain, beste pauso bat ere eman nahi dute ordezkariek. “Oiartzuarrak batuko dituen festa bat ari gara prestatzen”, azaldu du euskara arduradunak. Mosaikoaren parte diren norbanako guztiak elkartuko dituen “euskararen inguruko egun handia” antolatu nahi dute urtean behin. Horri Oarsoarrak Euskararen Saria gehituko diote urtero. “Euskararen inguruan nabarmendu den gizabanako edo talderen baten lanari prestigioa emateko saria izango da”.

Martxan da komunitate berria. 80 bat kiderekin ekin dote ibilbideari, baina bidean ehunka lagunekin topo egingo duten itxaropena daukate. Oiartzualdeko euskararen mosaikoa tamaina txikikoa izan beharrean erraldoia izatea da komunitatearen erronka.

Leave a Reply

Your email address will not be published.