Akats burokratiko bat dela eta, itxi egin dute Eibarko Errehabilitazio Patronatua

Ia mende erdi batez errehabilitazio zerbitzua ematen aritu ondoren, itxi egin dute Eibarko Patronatua. Akats burokratiko batek Osakidetzarekin zeukan hitzarmena berritzea eragotzi dio errehabilitazio zentro pribatuari, eta, Gizarte Segurantzako gaixorik gabe, ezin diote zerbitzuari eutsi. Horren ondorioz, zazpi langile langabezian gelditu dira; aste honetan agerraldia egin dute, zuzendaritza batzordeari ardura eskatzeko eta jasotako tratua salatzeko.

Patronatuak 1975etik artatu ditu gizarte segurantzako gaixoak; hitzarmena bost urtetik behin berritzen zuen Osakidetzarekin. 2011 amaieran berriro egin behar zuen horretarako eskakizuna patronatuko zuzendariak. Tramitea, ordea, ez zuen behar bezala egin, eta Osakidetzak ukatu egin zion hitzarmena berritzea.

June Aranzeta da kaleratutako langileetako bat; hark azaldu duenez, patronatua kudeatzen zuen zuzendaritza batzordeak azaro erdialdetik zeukan egindako hutsaren berri, eta “oso bizkor eta nahiko txarto” egin du hortik aurrerako kudeaketa: “Guri abenduaren 16an eman ziguten egoeraren berri, baina esan zuten arazotxo bat izan zela eta konponduko zutela. Abenduaren 23an enplegua erregulatzeko espedientea sinatu genuen, eta otsailaren 1ean kaleratze gutuna sinatu dugu”.

Langileen iritziz, zuzendaritza batzordeak ardura gehiagoz jokatu behar zuen, eta zuzendariak egindako tramiteak gainbegiratu, paperak Osakidetzari igorri aurretik: “Hor beste hiru pertsona daude, zuzendariaz gain: kontu pixka bat eduki behar lukete gauza hauekin”.

Gainera, enpresak kalte-ordainak ere ez dituela bere gain hartu nahi salatu dute, eta “zuzenean” Fogasara bidali nahi dituztela, soldatak bermatzeko funtsera. “Denbora gutxien daraman langileak zazpi urte daramatza enpresan lanean, eta gehien daramanak, 30 urte”, adierazi du Aranzetak.

Patronatuak artatzen zituen gaixo guztien %80 Gizarte Segurantzatik joandakoak ziren, Aranzetaren arabera. “Baziren gaixo pribatu batzuk, baina oso gutxi; gehiena Osakidetzarekin egiten genuen. Osakidetza gabe, ez daukagu lanik”.

Helegitea atzera bota zutenetik, konponbiderik ez dagoela uste du Aranzetak, jada ate guztiak jo baitituzte: “Alkatea ere ahalegindu da Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordearekin hitz egiten, baina hark esan dio ezetz, kontua gaizki aurkeztu zutela eta ez dagoela zer eginik; epea amaitu dela eta bost urte barrura arte horrela geldituko dela”. Osakidetzak eta zuzendaritzak ez dute adierazpenik egin nahi izan.

Mende erdiko zerbitzua

1962ko poliomielitis brotearen ondorioz, Eibarko haur asko elbarri gelditu ziren. Errehabilitazio zentro baten beharra zegoen, eta helburu horrekin zabaldu zuten 1964an Eibarko Ongintza Patronatua, Mercedes Kareaga zuzendari zela —1972an hartu zion lekukoa gaur egungo zuzendariak—. Poliomielitis kasuak gutxitu ahala, bestelako errehabilitazio tratamenduak eskaintzen hasi ziren; 1975etik aurrera, helduak ere hasi ziren hara joaten.