Maialen Etxaniz
Ez da ohikoa instrumentu bakar bat jotzen duten musikariak elkartzea eta horren bueltan jaialdi bat antolatzea. Arraroa izanagatik ere, burutazio hari forma eman zioten Azpeitian elkartu ziren hainbat tubazalek duela zortzi urte. Hala, 2009an I. Tuba Jaialdia iritsi zen Azpeitira. Orduz geroztik, pixkanaka-pixkanaka garatuz joan da egitasmoa. Zortzigarren urtez antolatuko dute aurten, eta ate joka daukate jada. Joan den asteazkenean zabaldu zuten iazko jaialdian hartutako irudiekin osatutako erakusketa, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Urriaren 17ra arte iraungo dute jaialdiaren barruan antolatu dituzten ekintzek. Aurten, gainera, Azpeititik irten eta Hernanira nahiz Lekeitiora (Bizkaia) iritsiko dira tuba hotsak.
Elkartean afaldu ostean sortzen diren elkarrizketa horietako batetik sortu zen Tuba Jaialdia. Hala gogoratu du Agustin Jimenezek (Azpeitia, 1974), antolatzaileetako batek: “Elkarrekin hizketan ari ginela aipatu genuen ederra izango zela inguruko tuba jotzaileen topaketa bat egitea. Izan ere, gutxi gara tuba jotzen dugunak, musika banda bakoitzean bi edo hiru”. Helburu gisa jarri zuten tuba eta bonbardinoa jotzen duten maila eta adin guztietako musikariak elkartzea. Ideia bota, eta hari forma ematen hasi ziren. Aurreneko harremanak eginda, sarea sortu zuten ondoren. Gaur egun, Euskal Herriko hainbat txokotako tuba jotzaile eta tubazaleak aritzen dira antolatzaile lanetan, baina, Jimenezek azaldu duenez, Metal Boskoteak eta Azpeitiko Musika Bandak ere asko laguntzen dute. “Jaialdiak jende asko dauka atzean”.
Azken urteotan asko garatu da jaialdia, eta “xume” hasi zena “erreferente” bihurtu dela uste dute antolatzaileek: “Asmoa ez da gero eta musikari gehiago ekartzea, etortzen direnek gozatzea baizik. Euskal Herrian egiten den tuba jaialdi bakarra da, eta gure partiturak jo izan dituzte Akizen ere, Okzitanian. Era berean, duela lau urte inguru, Espainiako Tuba Elkartea sortu zuten Espainian, eta haiekin ere harreman ona dugu. Profesional eta maisu asko ezagutzeko aukera eman digu jaialdiak”. Azken urteotan, Danimarkatik edo Herbehereetatik ere iritsi izan dira tuba jotzaile batzuk Azpeitira.
Jaialdiarekin batera garatu dira bertan parte hartu duten musikariak, eta hori “pozgarria” dela uste du Jimenezek. “Horregatik, gaur egun ere nahi dugu gaztetxoek jaialdian parte hartzea. Ez dugu nahi musikari onak soilik etortzea, maila apalagoko musikarientzat ere bada jaialdia. Guztiok batera ondo pasatzea da helburua”.
Gastronomia amu
Gastronomiak beti du lekua Tuba Jaialdian, baina tarte zabalagoa egin diote aurten. Izan ere, berezitasun bezala, kontzertu gastronomikoa izango da Sanagustin kulturgunean. Jimenezek azaldu duenez, “zaila” da jendea musika klasikoa entzutera animatzea, eta “amu” gisa antolatu dute sukaldaritza eta musika uztartuko dituen zuzenekoa.
“Badakigu zenbat lan dagoen goi mailako musikari baten atzean, eta pena da jende gutxi joatea kontzertuetara. Horregatik, jendea musika klasikora gerturatzeko amu gisa erabili dugu gastronomia, Euskadi Brasseko lagunekin batera”. Hainbat herrialdetako kantak joko dituzte kontzertuan, eta, horiek oinarri hartuta, hainbat jaki prestatuko ditu Zigor Iturrieta Txoriene ETB1eko telebista saioko sukaldariak. Kontzertu berezi hori amaitutakoan, pintxo guztiak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. “Ikusle eta zaleengana gerturatu nahi ditugu musikariak. Izan ere, musikariek disfruta dezaten antolatzen dugu jaialdi hau, baina baita entzuleek goza dezaten ere. Horregatik, saiatzen gara entzuteko erraza eta ezaguna den musika eskaintzen”.
Kontzertu guztietan protagonismo berezia izango dute tubek eta bonbardinoek, eta jaialdian musika tresna horiek hobeto ezagutzeko “aukera aparta” izango dela azaldu du Jimenezek. “Ezezaguna da tubaren mundua, eta ezagutzen ez dena ez da estimatzen. Musika beste dimentsio batean ezagut dezan animatuko nuke jendea Tuba Jaialdira joatera. Mimo handiarekin egindako jaialdia da”. Jasotzen dituzten diru laguntzek baldintzatzen dute urte horretako eskaintza, baina Jimenezek argi du: “Era batera edo bestera, ahalik eta modu duinenean eta hankak lurrean jarrita, aurrerantzean ere saiatuko gara jaialdia antolatzen”.
Leave a Reply