Unai Zubeldia
Betidanik idatzi izan dut, txiki-txikitatik, baina inoiz ez dut bidali izan lanik inora”. Bat-batean, ordea, itzaletik argitara atera da Maixa Zugasti (Tolosa, 1973). L.A.A. emakumeen aurkako indarkeriari buruzko eleberriarekin Kutxa Irun Hiria saria irabazi du Hernanin bizi den tolosarrak, euskarazko eleberrien sailean. “Eta hunkituta nago oraindik. Niretzat izugarria da Arantxa Urretabizkaia, Jon Kortazar, Felipe Juaristi… maila horretako idazleek osatutako epaimahaiak saria ematea eta lana argitaratzeko aukera izatea”. 25.000 euro eta garaikurra eskuratzeaz gain, eleberria kaleratzeko aukera izango du orain. “Lehenbailehen kaleratu nahi dute, Durangoko Azoka ere gerturatzen ari delako”.
Telefono dei bat dauka oinarrian L.A.A. lanak. “Duela urte dezente, artean umeak txikiak zirela, emakume batek deitu zidan telefonoz”. Zugasti Donostian zegoen orduan —bertan kokatu du istorioa—. “Eta senarrak jipoitu egin zuela eta hil egingo zuela esan ziola esan zidan; ea lagunduko nion”. Gogoan dauka Hernanira joan zela berehala. “Lagun batek esan zidan zer egin, eta medikuarengana, ertzainengana… lagundu nion”. Orduko aitorpenek “arrasto handia” utzi ziotela azaldu du tolosarrak. “Buelta asko eman nizkien gauzei, irakurtzen hasi nintzen, pentsatzen…”. Sentimendu horiei tiraka hasi zen gorpuzten L.A.A. lana. “Egunkarietan hala eman ohi dituzte ustezko erasotzaileen izenak, eta kasu honetan ere erasotzailearen izena da L.A.A.“.
Errealitate gordina dauka oinarrian Zugastiren eleberriak. “Baina telefonoz deitu zidan emakumearen aurpegiaren deskribapen bat salbu, fikzioa da gainerakoa”. Tolosarrak ezin izan dio izkin egin irudi horri. “Beste emakume batzuen kasuak ere ezagutu ditut gerora, eta oso gogorra da tratu txarrak jasan dituen emakume baten aurpegia ikustea; eta ez kolpeengatik bakarrik. Daukan tristura, mina…”. Emakume horiek nola bakartzen diren, horrek markatu du gehien Zugasti. “Baina, hain zuzen, babesa sentitu behar dute pauso batzuk emateko, oso bakarrik sentitzen direlako”.
Zugastik istorioa idazten amaitu ondoren kontatu zion telefono deia egin zion emakumeari bera oinarri hartuta idatzi zuela lan hura. “Eta oso ondo iruditzen zitzaiola esan zidan, baina bizitzaren atal hura itxita zeukala. Seme-alabak dauzka, senar ohia ere hor dago, eta erabat errespetatu nuen bere erabakia, noski”.
Martuteneko espetxean
Donostiarekin “maiteminduta” dagoelako kokatu du Zugastik istorioa Gipuzkoako hiriburuan. “Asko gustatzen zaidan inguru batean; ibaiak protagonismo handia dauka”. Emakume bat da narratzailea. “Psikologoa da Martuteneko espetxean. Norbait ezagutuko du han, maitemindu egingo da, eta hortik abiatuko da istorio guztia”. Egilearen hitzetan, ez da literatura soziala, ez da gaiari buruzko salaketa bat, istorio bat da. “Baina garrantzitsua da gai horiek ukitzea”.
Zugasti literatura irakaslea da Hernaniko eskola batean. “Asko maite dut lanbidea. Oso ikasle bereziak dauzkat, oso gertukoak”. Irakasle izatetik idazle izatera igaroko ote da bat-batean? “Ez dakit. Modu naturalean bizi dut hori; niretzat naturala da idaztea”. Horren erakusgarri, beste istorio bat esku artean duela harrapatu du Kutxa Irun Hiria sariak. “Haurrentzako ipuin bat ere badaukat, asko maite dudana; olerkiak ere badauzkat… Gustura erakutsiko nizkioke lan horiek guztiak jendeari, baina nire esku bakarrik ez dago hori. Ikusiko dugu zer gertatzen den”.
Izaeraz “bakartia eta lotsatia” dela azaldu du tolosarrak. “Eta kritikak direla eta ez direla, jendearen aurrean biluztearen parekoa izango da hau, nolabait esatearren”. Baina, sariak hauspotuta, barruak agintzen diona askatzen jarraitzeko prest dago idazlea. Irakurleen gozagarri.
Leave a Reply