Aimar Maiz
Azaroaren 29an 250 urte beteko dira Zaldibiako pertsonaia historiko ospetsuena jaio zenetik: Juan Inazio Iztueta. 1767an jaio zen idazle, euskararen apologista eta, batik bat, dantzen biltzaile eta erakuslea. Bereziki gogoratuko dute sorterrian, haren izena duen fundazioak antolatutako egitarauan.
Txamarretxe auzoan dago Iztuetaren jaiotetxea: Kanpandegi. Bisitatzea merezi dute kalexka estuek eta etxe zaharrek; zalantzarik gabe, garai baten lekukotasun berezia da toki hori. Aralarrerako sarbide da Zaldibia, eta, historikoki, populatutako azken gunea zen Txamarretxe: zamarrak uzteko eta hartzeko lekua zen gune hori, eta hortik hartu zuen izena.
Handik gertu munduratu zen Frantzisko Ignazio Lardizabal idazlea ere (Zaldibia, 18061855), Zubiaurre etxean. Gipuzkera klasikoaren autore nabarmenenetakoa da. Gaur egun, Iztuetaren deitura dauka Zaldibiako dantza taldeak, eta Lardizabalena herri eskolak.
Zaldibiak, gaur egun, proiektu handi bat du esku artean: udaletxe berria eraikitzea. Gaur egungo udaletxea eta aldameneko kultur etxe zaharra bota, eta azken horren orubean egingo dute herriko etxea. Aldi berean, plaza inguru guztiaren birmoldaketari ere helduko diote. Udalak bi agintaldi daramatza, dagoeneko, proiektua lantzen. Ideia lehiaketa batera deitu dute aurten, eta hiru proposamen onenak aukeratu dituzte, herritarren iritzia ere aintzat hartuta, gehiago garatzeko. “Ardura hartu genuen, eta gai hori aurreratzen ari gara”, azaldu du Joxan Etxabe herriko alkateak (Zaldibia, 1970).
Udal zerbitzuen eta herrian eskaintzen dituzten bestelako jarduera askoren antolaketa ere garatu dute berriki; Artxanberri kaleko lokalak egokituko dituzte; Karrerane etxean kultur etxea eta liburutegia dauzkate; eta herri antzoki handi bat ere badaukate. Bestetik, hondakinen kudeaketari ere arreta berezia ematen ari dira herrian. Atez ateko bilketa duen herri apurretakoa da gaur egun, eta “kontrol zehatza” egiten zaio kudeaketa egokiari. “Ahalegina egiten ari gara. Etengabe lanean ari gara sistema hobetzeko. Berez, ona daukagu jada, baina are gehiago hobetu nahi dugu. Eredu gisa hartzeko balio du”. Beste esparru batean, nekazaritzari eskainitako agroaldea proiektua duten herri gutxietako bat da Zaldibia. Lehen sektorean diharduten enpresak daude Goizane etxean eta inguruan.
Herri dinamika, baliotsu
Herritarren dinamika, hori aipatzen dute, behin eta berriz, Zaldibiako herritar, talde edo eragileek. Elkartasuna, eta lanerako eta ideiak botatzeko prestutasuna. “Herri bizia da. Gizartean, orokorrean, galtzen ari gara garai bateko espiritua; bere etxean eta bere zilborrari begira egoten da jendea. Zaldibian, hala ere, ezin daiteke esan hori. Bizi-bizirik dago dinamika hori”.
Alkateak, adinez bi ertzetan dauden eragileak aipatu ditu herri ekimenaren adibidetzat: gazteak, batetik, gazte asanbladaren eta gaztetxearen inguruan antolatuta. Eta Beti-Gazte jubilatu elkartea, bestetik. Horien bien artean dago guraso elkartea. “Berpiztu egin da Beti-Gazte elkartea, eta haiei zuzenean eragingo die udal eraikin berriak, han dagoelako euren egoitza. Erabat murgildu dira proiektuan; eurak izan dira lehenak iritzia ematen. Oso dinamiko ari dira funtzionatzen”.
Gazteek, euren aldetik, Gazte Festak ospatu ohi dituzte ekainean, eta 20. urtea bete dute aurten. Baina, jaien aldetik, urria ere ez da txantxetakoa Zaldibian. Atzo hasi zituzten Santa Fe festa nagusiak, eta igandera arte ospatuko dituzte —ondoren, baita hilaren 11n ere—.
Ekitaldiz jositako urtea
Ardiki Eguna ospatuko dute urriko azken igandean, mondeju zuriaren —herriaren ikur gastronomiko bereziena— eta Aralarko gaztaren inguruan. Saturdiko festak osatzen du urteko eskaintza, Pazko astelehenean. Jatorrizko eta lehenengo bizigunea izan zen Saturdi edo San Saturnino.
Irailean, berriz, Iztueta ikastolaren 50. urteurrena ospatu zuten. 1970eko hamarkada bukaeran aitzindari izan ziren ikastola eta eskola nazionala batzen, eta euskarazko irakaskuntza publikoa bermatuko zuen herri eskola sortu zuten: Lardizabal.
Kultur ekitaldiei dagokienez, urtero jokatzen da Osinberde bertsolari gazteen sariketa, eta, kirol arloan, indarra hartuta daude Herri Lasterketa krosa eta Zaldibiako Saria txirrindulari proba. Azken lorpen gisa, Oiduegin (Enirio-Aralar) mendizale txabola berreraiki dute zaldibiarrek. Oinak Zaldibian, baina burua Aralarren izaten segitzen duten seinale.
Leave a Reply