Europako urteko museo izateko bidean

Tolosako txotxongiloen nazioarteko zentroan, Topicen, orain dela bi aste inguru jaso zuten berria: 2012. urteko Europako museorik onenaren saria irabazteko izendatuen artean dago. Epaimahaiak datorren maiatzean jakinaraziko du erabakia, Penafielen (Portugal) ospatuko duten ekitaldi batean.

Topic zentroko arduradunak pozik daude, eta saria jasotzea egindako lana aitortzea izango litzatekeela dio Maria San Sebastian langileak: “Jendea Topicera etortzeko akuilua izatea nahiko genuke. Txotxongilo munduari dagokionez, berriz, sarri alde batera utzi izan den mundua ezagutaraztea ekarriko lukeela uste dugu. Izan ere, txotxongiloen museo bat lehian sartuko da arkeologia, arte eder, arte garaikide eta bestelako museoekin”.

European Museum Forum erakundeak banatzen du urteko Europako museorik onenaren saria, eta lehian sartzeko izena eman zuten 120 museoetatik, 46 pasatu dira azken fasera. Tolosako nazioarteko txotxongilo zentroarekin batera, besteak beste, Tallinngo NUKU museum (Estonia), Dublingo Glasnevin Museum (Irlanda), Londresko Museum of London (Erresuma Batua), Mojstranako Slovenski Planinski Muzej (Eslovenia) eta Burgosko Museo de la Evolucion Humana (Espainia) izendatu ditu aurten epaimahaiak.

2011. urtean, 14.000 bisitari jaso zituen Topic zentroak. Museoak berak duen ondarearekin osatutako erakusketa iraunkor bat baduten arren, Tolosako nazioarteko txotxongiloen zentroak hiru erakusketa berri eskaintzen ditu urtero.

San Sebastian arduradunak azaldu duenez, udako hilabeteetan ikusgai egoten den erakusketa izan ohi da arrakastatsuena. Bisitari mota ere aldakorra izaten da urte garaiaren arabera: “Udan, batik bat uztailean, bisitariak haur eta gazteak izaten dira gehienbat, edo turistak bestela. Ikasturtean, berriz, ikastetxeetako ikasleak nahiz bertako edo inguruko jendea etortzen da museora. Azkenik, Titirijai nazioarteko txotxongilo jaialdia azaro amaieratik abenduko lehen asteburura bitarte izaten denez, txotxongilo munduko jende asko etortzen da garai horretan”.

Hori abiapuntutzat hartuz, erakusketak aukeratzeko irizpideak zehazten dituzte zentroko arduradunek. Alde batetik, zentroak txotxongilo bilduma garrantzitsua duela nabarmendu du San Sebastianek, eta hori erakutsi eta ezagutarazi nahi dutela; hiru erakusketa egin dituzte jada euren ondarearekin. Bestalde, ordea, bisitaria ere oso kontuan hartzen dute erakusketak aukeratzerakoan. Esaterako, orain arte udako oporraldian ikusgai izan diren erakusketak haurrekin pentsatuta antolatu dituztela azaldu du San Sebastianek: “Lehenengoa Muñecos animados izan zen, telebistan agertzen diren pertsonaiekin. Joan den udan, berriz, Binefar titiriteroen erakusketa antolatu genuen; oso ezagunak dira, eta askotan etorri izan dira hona”.

Topic zentroko arduradunek, ordea, izaten dute bestelako helbururik erakusketak antolatzen dituztenean: Euskal Herrian edo beste leku batzuetan dauden zenbait bilduma berreskuratzea, jendeak ezagutzeko. Iazko lehenengo erakusketa, adibidez, Colorin pertsonaiaren ingurukoa izan zen: “Euskal Herrian ezaguna egin zen lehen txotxongiloa izan zela esango nuke. Erakusketa ireki genuenean, bisitari batzuek esan ziguten hunkitu egin zirela eta bazela garaia halako zerbait egiteko”. Colorinen erakusketaren kasuan, bildumaren jabeetako bat hil egin zen, eta bestea oso heldua da gaur egun; seme-alabarik izan ez dutenez, ondarea gal ez dadin, bilduma guztia eman dio Topic zentroari.

Museotik harago

Jendeak, oro har, txotxongilo mundua haurrekin lotzen duelako eta antzerkiaren ondoan bigarren mailan geratu izan delako erabat txotxongiloei eskainitako museo bat egitea “arraroa” suerta daitekeela dio San Sebastianek: “Baina hemen daukaguna zerbait berezia da. Hasteko, museografiaren aldetik oso ondo pentsatuta dago, eta jendea hona etorri arte ez da konturatzen. Bestalde, guk komunikabideetan esan arren, jendeak ez dauka zertan sinetsi, baina egia da mundu mailan ez dagoela horrelako zentro bat. Badaude antzekoak diren beste bi zentro: bata, Atlantan [AEB], eta bestea, Taipein (Taiwan)”.

Hiru zentro horiek, ordea, ez dira, soilik, txotxongilo museoak. “Topicen tailerrak ditugu, txotxongiloa manipulatzeko nahiz eraikitzeko. Antzoki bat ere badugu, 250 lagunentzat, eta bertan txotxongilo ikuskizunez gain bestelako jarduerak ere burutzen dira. Dokumentazio zentro garrantzitsu bat ere badugu. Ostatu txiki bat ere bada; bertan, txotxongilo munduko jendea, ikerlariak, ikasleak edo antzokian antzezlanen bat egin nahi duen edonor gera daiteke lotan. Aukera horiek guztiak biltzen dituen zentro bat aurkitzea ez da hain erraza. Europan txotxongilo museo asko daude, baina ez dira hain originalak”, adierazi du San Sebastianek.