Unai Zubeldia
Izugarria izan da etxera itzultzea. Zoratzen nago”. Sergio Garciak (Donostia, 1983) erabaki garrantzitsu bat hartu zuen duela hamabi urte, artean gazte-gaztea zela. “Entrenatzaile gisa nire ibilbidea egiten saiatu nahi nuela sentitu nuen”. Eta asmo horrekin bete zuen maleta. Donostiako Altza auzotik aterata, Torrevellara (Herrialde Katalanak) joan zen lehenengo, eta Palentziara (Espainia) ondoren. Joko antolatzaile gisa saskibaloian jokatutakoa da Garcia bera, eta kantxatik aulkirako bidea eginda, Donostian bertan hasi zen entrenatzaile lanetan, Bera Beraren emakumezkoen taldean.
Garciak aitortu du “oso eroso” bizi zela etxe inguruan. “Eta ez da samurra kanpora joatea. Baina pausoa ematea erabaki nuen”. Urratsez urrats egin du gailurrera arteko bidea. “EBA ligan hasi nintzen, eta Brontzezko, Zilarrezko eta Urrezko LEB ligetan ibili naiz ondoren. Gogor lan egin beharra dago nahi duzun hori lortu ahal izateko, eta pentsamendu horrekin eman ditut orain arteko pauso guztiak”.
Kasualitatetik gutxi izaten dute erabakirik gehienek, eta Quesos Cerrato Palentziako taldean hasi zen gorpuzten Porfi Fisac eta Garciaren arteko harremana. Natxo Lezkano entrenatzailearen laguntzaile lanetan aritu zen donostiarra lehenengo, eta Fisacen konfiantzazko laguntzaile bihurtu zen orain bi urte. Garciari Fisacekin gertatu zaion moduan, entrenatzaileak Gipuzkoa Basketen urgentziazko deia jaso zuen orduan, eta baiezko hark Palentziako taldearen arduradun nagusi gisa utzi zuen donostiarra, 2015eko azaroan.
“Ordurako bederatzi urte eginda neuzkan Urrezko LEB ligan, oso ondo ezagutzen nuen maila hori, eta ardura guztia hartzea bakarrik falta zitzaidan”. Inondik ere kikildu gabe, entrenatzaile kargua hartzearekin batera jo zuen goia Garciak. Palentziako taldeak aukera eskaini, eta tituluekin erantzun zuen donostiarrak. “Zortea eduki nuen, kopa eta liga irabazi baikenituen. Gehigarri bat eman dit horrek”.
Ordura arteko lanak ondo eginda, udan telefono dei batek lagundu zion hurrengo pausoa ematen, Porfi Fisac Gipuzkoa Basketeko entrenatzailearen deiak. “Ez nuen izan zalantzarik”. Donostiarrak aitortu du oraindik ez zeukala halakorik buruan. “Baina ACB ligan eta etxean lan egiteko aukera eskaini zidan Porfik, eta horri ezin nion ezezkorik eman”. Fisac bera ez zen ibili itzulinguruka eskaintzarekin. “Elkar ezagutzen genuen ordurako, eta, etxera itzulita, oso gustura lan egingo genuela esan zidan. Bertan daukat familia, lagunak… Ederra izan da aldaketa”. Donostiarrak bi urterako kontratua sinatu du Gipuzkoa Basketekin.
Jaioterrira iritsita, “berriz ere hutsetik lanean hasi den talde bat” aurkitu du Garciak. “Gorabehera asko izan dituzte azken urteotan, eta pauso bat atzera eman nahi izan dute etorkizunerako oinarriak eraikitzen hasteko”. Nolako kluba da, ordea, GBC? “Umila eta langilea; gauzak ondo egin nahi dituena”. Guztientzat “beste hasiera bat” izaten ari da. “Eta kosta egingo zaigu gauza batzuk ondo egitea. Baina oso jarrera ona daukate klubeko ordezkari guztiek, eta lan egitea dagokigu orain. Pixkanaka-pixkanaka haziz joango da kluba”.
Fisacen itzalean aritzen dira lanean Garcia eta Francisco Javier Oyon Bully, eta donostiarrak berak azaldu du egunerokoa nolakoa izaten den: “08:00ak alderako etortzen gara Illunbeko bulegoetara, eta aurkarien bideoak ikusi, entrenamenduak prestatu… lan horietan aritzen gara goizean goizetik”. Gaska kiroldegian egiten dituzte entrenamenduak ondoren. “09:30-12:30 artean”. Eta Garciak azaldu duenez, Illunben aritzen dira lanean arratsaldean. “Easo taldeko jokalari gazteekin lan hitzarmena daukagu, eta gure taldeko gazteenak ere etortzen dira teknika hobetu ahal izateko lan pertsonalizatua egitera”. Aurkarien bideoak ikusiz amaitzen dute eguna.
Entrenamenduetan Fisacek eskatzen dion guztia egitea du arduretako bat. “Eta aurkariaren azterketa egitea ere badagokit”. Umetan ere “oso lasaia” zen Garcia, eta, izaerari dagokionez, beste muturrean dago Fisac. “Sekretua horixe dela uste dut. Energia handia dauka hark, oso aktiboa da, eta ni lasaiagoa naiz; osagarri onak gara elkarrentzat”.
Lehen hiru jardunaldietan bi garaipen lortuta, oso sentsazio onak eskaintzen ari da taldea. “Baina, bi partida irabazi ditugula-eta, hasterako ezin ditugu aldatu helburuak; mailari eustea da denboraldi honetako erronka; lurrean eduki behar ditugu oinak”. Entrenatzaileak “oso gustura” daude jokalariak egiten ari diren lanarekin. “Oso jarrera ona daukan jokalari multzoa osatu dugu; lanerako borondatea daukate, eta ACB ligan euren tokia egin nahi dute. Horri esker ari gara lortzen hain emaitza onak”.
Zaleei dei berezia
Talde guztia ari da oso ondo, baina Henk Norelek bi aldiz jaso du jada jardunaldiko jokalari onenaren saria. “Joventuten eta Zaragozan jokatutakoa da Norel, eta esperientzia handia du ACB ligan. Konfiantza handia dugu harengan; ardura hartu du, eta oso protagonista izaten ari da, taldekideen laguntzarekin”. Taldeak etzi izango du hurrengo koska, etxean, Murtziaren aurka (12:30), eta Garciak dei egin die zaleei. “Talde oldarkor eta ausarta izan nahi dugu, eta bide horretatik lortuko dugu jendea inguratzea. Zaleek Europako saskibaloirik onenarekin gozatu ahal izango dute Illunben”.
Leave a Reply