Sukaldarigaien trebezia proban jartzeko aukera

Donostian hainbat aukera daude otordu merkea baina primeran prestaturikoa dastatzeko. Hiriburuan dauden sukaldaritza ikasteko zentroetako bik zerbitzatzen dituzte publikoarentzako bazkariak: Basque Culinary Center fakultateak (BCC) eta Cebanc eskolak, alegia.

Bietan ikasleen hezkuntza prozesuaren parte da jatetxeetan arituko balira bezala praktikak egitea. BCCren kasuan, lehenengo mailako ikasleek dute sukaldea gobernatzeko ardura, eta, hasiberriak izanik, etxeko platerak prestatzen dituzte. Mahaikide bakoitzak hamalau euro ordaintzen ditu, postrea eta kafea barne. Zerbitzua eguerdietan soilik eskaintzen dute, eta mahaia aldez aurretik eskatu behar da. Eskola egutegiaren araberakoa da jatetxearen egutegia ere, eta, ondorioz, datozen bi asteetan ezin izango da bertan bazkaldu, aste zuria ospatuko dutelako.

Berio auzoko Cebanc eskolan, berriz, astean hiru egunetan ematen dituzte bazkariak, asteazkenetik ostiralera. Ausartagoak dira eskola horretan. Besteak beste, otsaileko ostiraletan nazioarteko sukaldaritza menua eskaintzen ari dira. Hor ere aldez aurretik eskatu behar da tokia.