Sukalday, harrera ona duen platera

Pozik daude Sukatalde elkarteko kideak Sukalday egitasmoa izaten ari den erantzuna dela eta. Arduradunek uste dute egitasmoa primerako tresna izaten ari dela goi sukaldaritza ezagutzera emateko, batez ere, bezeroen jakin-minari esker. Urrian jarri zuten abian, eta urteko lehen asteetan egindako hausnarketaren ondoren erabaki dute ostegunetako prezioen beherapenarekin aurrera jarraitzea eta “eskaintza gastronomikoa berritzea”.

Sukatalde elkarteko ostalarien jatetxeetan prezio berezietan afaltzean datza Sukalday egitasmoa. Hau da, Gipuzkoako hamar jatetxek goi sukaldaritzako menuak beherapenarekin eskaintzen dituzte astean behin, ostegunetan. Udazkenean abiatu zuten ekimena, eta ordutik oso harrera ona izan duela adierazi dute arduradunek, nahiz eta ez duten kopururik zehaztu nahi izan. Goi mailako gastronomian jarduten duten Gipuzkoako sukaldari gazteen elkartea da Sukatalde.

Hernanin dago Fagollaga jatetxea, eta haren buru Ixak Salaberria sukaldariak dioenez, egitasmoaren arrakastaren erakusgarri da Fagollaga bera ere. “Sukaldayk taldean funtzionatzen du, eta hemen ere [Fagollagan] oso ondo ari da”.

Egitasmoaren arrakasta ez da bakarrik zenbakietan islatzen. Sukalday aurkeztu zutenean, bezero berriak goi mailako sukaldaritza duten ostatuetara joatea lortu beharreko helburutzat jo zuten. Horretan ere asmatu dutela uste dute arduradunek, eta Salaberriak dio bere jatetxean ere hori gertatu dela. “Jende gazte asko hurbiltzen ari da; baina 30-40 urte inguruko jendea ere etortzen ari da. Zaharrenek, berriz, maizago etortzeko aukera dute; prezioak erakargarriak direlako”.

Jaki berriak dastatzeko prest azaltzen dira bezeroak, baina mota horretako ostatuek izutzen dute, maiz, afaltiar berria. “Mitoa hausteko balio du. Jendeak beldurra dio horrelako jatetxeetara etortzeari”. Sukaldariak “erreparo” hori deuseztatu nahi du, eta bezeroaren lagungarri izan daitezkeen zerbitzariak daudela ekartzen du gogora. “Zer jan edo nola portatu pentsatzean izutu egiten da jendea, baina jantokiko langileek laguntzen diote bezeroari eroso sentitzen, mahaian erlaxatuago egoten”.

Sukalday aurkeztu zutenean, parte hartzen duten hamar jatetxeak biltzen dituen txartela iragarri zuten. Paperean ostatu bakoitza bere zigilua jartzekoa zen, eta adierazi zuten guztietara joandakoek oparia eskuratuko zutela. Salaberriak berak sinatu ditu batzuk. “Egon da baten bat gehienetan ibili dena. Nik zigilatu dut mordoxka bat aurretik beste jatetxeetan egona dena; uste dut jendea mugitzen ari dela”.

Fagollagako buruak berak ez du egitasmoaz gozatzeko aukerarik izan, baina ez du galtzen jendea animatzeko parada. “Gastronomia gustukoa baduzu, izugarrizko aukera da gauza diferenteak probatzeko, gauza berriak ikusteko”. Zaletasunik ez dutenentzat ere badu aholkua. “Behin joanez gero, afizioa sortuko zaio, arrunt aukera ona da zaletasunari hasiera emateko”.

Era berean, jatetxeetako bisitariek platerean dutenaren inguruko jakin-mina azaltzen dute. “Nabari da jendeak gustuko duela galdetzea, eta platera azaltzen badiozu are eta hobeto ulertzen dute zer jaten ari diren”.

Donostiako Xarma, Mirador de Ulia, A Fuego Negro, Agorregi, Branka, Bera-Bera eta Kokotxa jatetxeek bat egin dute egitasmoarekin. Hamarrekoa osatzeko falta diren hirurak Arrasateko Hamalau, Tolosako Fronton eta Hernaniko Fagollaga dira.

Sukalday egitasmorako, hamar jatetxe horietako bakoitzak dastatze menu berezi bat prestatu du, 22 eta 50 euro artekoa. Taldearen arduradunek diotenez, “%30eko edo 40ko beherapena dauka”. Jarraitzeko asmoa dutenez, hilero aldatzen dituzte menuak, eskaintza sasoian sasoiko produktuetara egokituz.

mgoni@hitza.info