Unai Zubeldia
Adi! Hurrengo bost egunetarako abisua: jatea gustuko ez duena ez dadila etor Donostiara gaurtik hurrengo asteazkenera. Izan ere, Hondarribiko Ostalaritza Elkarteak antolatuta, merkatu gastronomikoa egingo dute lehenengo, gaurtik igandera, eta Euskal Herriko XII. Pintxo Txapelketa ondoren, datorren astelehenetik asteazkenera. Kursaal jauregian egongo da txapelketaren gune nagusia, eta Katalunia plazan merkatu gastronomikoa, Grosen.
Ez da sarrerarik ordaindu beharko txapelketa bertatik bertara ikusteko. “Baina 90 besaulki berezi egokituko ditugu hala nahi dutenek lehiaketa handik ikus dezaten”, zehaztu du Juancar Aierbe Hondarribiko Ostalaritza Elkarteko kudeatzaileak eta Euskal Herriko Pintxo Txapelketako zuzendari teknikoak (Irun, 1960). Karlos Argiñanoren Toldotxo pintxoa, Hondarribiko Sardara jatetxearen Barbalada, edo herri bereko Gran Sol jatetxearen Ahate lingotea laranja estiloan pintxoa eta garagardoa eskura izango dituzte horiek, hiru euro ordainduta. Iazko txapelketako lehen bi sailkatuak dira Sardara eta Gran Sol jatetxeak.
Astelehenean, egun osoz, eta asteartean, goizez, izango dira lehenengo kanporaketak, astearte arratsaldean finalerdiak, eta asteazken goizean finala, hamar pintxorik onenak lehian direla. Euskal Herriko 80 sukaldarik parte hartuko dute txapelketan, Araba, Gipuzkoa, Ipar Euskal Herria eta Nafarroako txapeldunek —Bizkaikoa ez dute jokatu oraindik—, eta izena eman duten beste 76k, tokian tokiko txapelketetan finaletara iritsi direnei lehentasuna emanda. “Txapeldunak finalerdietan hasiko dira lehian”, azaldu du Aierbek. “Eta final-laurdenetako kanporaketak igaro beharko dituzte gainerakoek”.
Zuzendari teknikoak onartu du 80 parte hartzaileen artean gizonezkoak direla gehienak. “Baina hainbat emakumezko ere ariko dira lehian: Veronica Montes etorriko da Garestik, Sonia Zarategi Tafallatik…”. Sukaldari bakoitzak pintxo berbera aurkeztu beharko du kanporaketa guztietan, eta kanporaketaz kanporaketa aldatuz joango da bost laguneko epaimahaia. Guztira, 25 lagun ariko dira epaia emateko lanean. “Sukaldaritza arloko profesionalak dira guztiak”.
Horrez gain, Kutxabank babeslearen ekimenez, herritarren epaimahaia ere izango du txapelketak, bost lagunek osatutakoa, eta sari berezia banatuko dute lehiaketaren amaieran. Sari nagusiei dagokienez, 3.000 euro, txapela eta Ramon Roteta sukaldari eta eskultoreak egindako garaikurra jasoko ditu irabazleak; 2.000 euro eta diploma bigarren sailkatuak; eta 1.000 euro eta diploma hirugarrenak.
Aierbek azaldu duenez, Hondarribian dauka oinarria Euskal Herriko Pintxo Txapelketak. “Hasieran ez geneukan argi nork parte har zezakeen horrelako lehiaketetan. Pintxoak eskaintzen zituzten tabernetako sukaldariek parte hartu behar zutela esaten genuen batzuek, eta jatetxerik onenetako sukaldariek parte hartu behar zutela beste batzuek”. Ondo hausnartu ondoren, egunero pintxoekin lanean aritzen direnen alde egin zuten, azkenean. “Ez delako gauza bera egun jakin baterako erreserba eginda daukan jatetxe batean hogei pintxo lasai-lasai prestatzea, edo 12:30-15:00 artean tabernan sar daitezkeen 200-300 bezeroentzat pintxoak prestatzea”. Hausnarketa horri tiraka ari da indartzen txapelketa.
Gertutik ezagutzeko aukera
“Berezko joerari segika”, azken urteotan “sukaldaritza tradizionalaren oinarrietara” itzultzen ari direla adierazi du Aierbek. “Garai batean indar handia hartu zuten xehetasun teknikoek, keak eta gainerakoek, baina gertuko produktuetara jotzeko joera nagusitzen ari da azkenaldian, sofistikazioari eutsiz, noski”.
Errealitate hori guztia gertutik ezagutzeko aukera eskainiko du merkatuak. “Gurean, ondare kulturala da pintxoa, eta herritarrekin partekatu nahi genuen egiten ari ginen hori. Horregatik erabaki genuen merkatua sortzea, gastronomia informal horrekin gozatzeko”. Besteak beste, hainbat sukaldari eta ospetsurekin sukaldaritza erakusketak eskainiko dituzte merkatu gastronomikoan. “Eta, noski, pintxoak probatzeko aukera ere izango da, elkarren artean harremana sortzeko tresna ere badelako, azken batean, pintxoa”. Herritar guztiei gonbita egin die Aierbek. “Euskal Herriko pintxo sukaldaririk onenekin gertuko harremana izateko aukera edukiko dutelako”.
Leave a Reply