Unai Zubeldia
Etxeko epelean izaten du oinarria goi mailako ikuskizunik harrigarrienak ere. Oinez hasi behar izaten da ondoren korrika egin ahal izateko, eta duela hemezortzi urte horixe pentsatu zuten Ordizia inguruan ere. “1999an elkarte bat sortu zuten herriko musikariek, dinamika bat abiarazteko”. Hala hasi du azalpena Urko Ruiz de Apodakak, Ordiziarrock jaialdiko antolatzaileetako batek (Ordizia, 1982). “Musikagintzan beharrezkoa den tresna bat lortzea zen helburuetako bat: entseguetarako lokala”.
Edozein musika taldek nekez egiten du biderik kalitatezko entsegurik gabe, eta ordiziarrak aldarrikapen horri helduta bildu ziren elkarrengana. Goierri inguruko talde guztiekin maketa bat kaleratu zuten gero, aldarriari oihartzun handiagoa emateko. “Eta 2003an antolatu genuen, lehenengoz, Ordiziarrock jaialdia. Ordura arteko dinamikari oinarri bat ematea zen helburua”. Oso aurrekontu apal6a dauka jaialdiak. “Autogestioaren eredua da gurea ia erabat”, zehaztu du Ruiz de Apodakak. “Eta gauza txikiak eginez joan gara urteotan”. Baina, pausoka-pausoka, 2014an gauzatu zuten hasierako erronka: entseguetarako lokalak izatea. “Hori bai, mila bilera eta eskaera egin behar izan genituen aurretik”.
Hasierako helburua beteta, azken urteotan “are gehiago” indartu dute Ordiziarrock jaialdia bera, eta urte osoko dinamika. “Izan ere, hogei ekitaldi baino gehiago egiten ditugu urtean Ordiziarrock ekintzak izenarekin; egin, edo egiten lagundu”. Antolatzaileek badakite daukaten aurrekontuarekin eta izaerarekin ezin dutela egin jauzi handiegirik. “Baina hamalau urteren ondoren, gauza berriak egiteko irrika daukagu oraindik”. Oinarrian, berritasunetik dezente izan zuelako Ordiziarrock mugimenduak. “Gurea ez da ohiko kontzertu dinamika. Skatearen eta rockaren inguruan gorpuztu genuen lehenengo jaialdia, eta izaera horri eusten saiatu gara aurten ere”.
Skate tailerrak eta erakusketak egitekoak dira gaur, 16:00etan hasita, plaza nagusian, baina eguraldiari begira daude antolatzaileak. “Asko baldintzatuko duelako ekitaldia gauzatzeko modua”. D’elikatuz aretoan eskainiko duten skate bideo emanaldiaren ondoren, berriz, kontzertuen txanda iritsiko da. Sofa taldearekin gozatu ahal izango da lehenengo, 19:00etan, D’elikatuz aretoan bertan, eta 22:30ean hasita Batzuri, Thursday’s Pussy Dogs eta Holy Nuns taldeen emanaldiak izango dira gaztetxean.
Skatea eta rocka dauzka oinarrian jaialdiak. “Baina jazz kontzertu batekin hasi gara [Dani Pozo 4tet taldearen jazz kontzertua izan zuten atzo], eta punk, metal eta pop taldeak ere badaude jaialdian. Guztiei ateak zabaltzea da gure helburua”. Ruiz de Apodakaren hitzetan, 2011n irisgarritasun neurriak hartzen hasi ziren guztiak horri erantzun nahian. “Ahal izaten dugun neurrian pertsona gorrentzat egokitzen ditugu kontzertuetako batzuk”. Bukle magnetikoak ezartzen dituzte kasu horretan, eta protesia daukaten pertsona gorrek kontzertuez gozatu ahal izaten dute modu horretan. Eskaintza hori bazeukan atzoko kontzertuak; gaur ere izango du Sofa taldeak D’elikatuz aretoan emango duen kontzertuak; baita bihar, 20:00etan hasita, pilotalekuan izango diren kontzertuek ere. Seiurte, The Music Collectors, Hamlet eta Cobra eta Olarius & Brothers Rock DJ taldeen emanaldiak izango dira bertan.
Jazpanari lekukoa emanda
Ordiziarrei eta ordiziarrak ez direnei jaialdira inguratzeko gonbita egin diete antolatzaileek. “Erabat irekia baita gure ekitaldia; musika estilo asko nahi ditugun neurri berean, publikoa ere leku guztietakoa izatea nahi dugu”. D’elikatuz aretoa, gaztetxea, plaza nagusia, skate parkea eta pilotalekua zehaztu dituzte emanaldietarako gune gisa. “Baina herri guztira zabaldu nahiko genuke jaialdia”.
Herri batetik besterako jauzia eginda, 2009an Beasainen hainbat gaztek gorpuztutako kultur ekimena da Jazpana, eta gaur hasiko da jaialdi hori ere, Elena Setien eta Grande Days taldeen kontzertuekin. Hurrengo asteburuan izango dira emanaldi nagusiak, urriaren 27an eta 28an. Horietarako ez da sarrerarik ordaindu beharko.
Leave a Reply