Uholdeetako laguntzak eskatzeko epea, zabaltzear

Iragan azaroaren lehenetan Gipuzkoan izandako eurite eta uholdeek kalte handiak sortu zituzten herrialdeko hainbat herri eta auzotan. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren astean irekiko du azaroko uholdeetan kalteak izan zituzten udalentzako eta baserritarrentzako diru laguntzak eskatzeko epea.

Asteon Garbiñe Errekondo Foru Administrazio eta Funtzio Publikoko diputatuak jakinarazi duenez, Diputatuen Kontseiluak laguntza horiek arautzen dituzten bi foru dekretuak onartuko ditu, eta, hurrengo egunean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu orduko, kaltetuek diru laguntzak eskatu ahal izango dituzte. Eskaera egiteko hilabeteko epea ezarriko du Gipuzkoako Aldundiak.

Bi laguntza ildo jarriko ditu abian aldundiak. Batetik, nekazari profesionalek izandako kalteetara 200.000 euro bideratuko ditu, horiek baratzeetan zein tresnetan izandako kalteak konpontzeko. Bestetik, 1,5 milioi euro bideratuko ditu kalte publikoetarako, alegia, “udalek herri bideetan, ur azpiegituretan, eraikinetan, hiri ekipamenduetan eta abarretan izandako galerak konpontzeko”.

Hurrengo ostegun eta ostiralean bi foru dekretu horiek balizko onuradunei aurkeztuko dizkie aldundiak: EHNE eta ENBA nekazari sindikatuei, batetik, eta udaletako ordezkariei, bestetik.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, modu honetara kaltetuak laguntzeko iragarritako konpromisoa “berretsi” du aldundiak. Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari ere zuzendu zaio aldundia. “Orain, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren txanda da. Uholdeek oso kalte larriak eragin zituzten Gipuzkoan, eta denok egin behar dugu ahalegina”, adierazi du Errekondok. Izan ere, Errekondoren arabera, bi erakunde horiekin hilabeteotan hainbat bilera izan badituzte ere, oraindik haien erabakien zain dago aldundia.

ENBAren haserrea

Hain justu, aste honetan bertan, ENBA sindikatuak “irtenbideak lantzeko koordinazio mahaia” osatzeko eta bertan kaltetuak izan diren baserritarrek parte hartzeko aukera izan dezaten exijitu du. Uholdeek eragindako kalteak konpontzeko baserritarrentzat dituzten diru partidak “aktibatzeko” eskatu die Iñaki Goenaga ENBAko presidenteak aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Hain justu kopuru horiek, hurrenez hurren, 200.000 eta 100.000 eurorenak direla adierazi dute. Gizarte segurantzako exentzioak onartzeko ere eskatu dio ENBAk Espainiako Gobernuari.

EAJ ere antzera mintzatu da asteon, eta Gipuzkoako Aldundiari exijitu dio 2012ko aurrekontuetan baserritarrek pairatutako kalteak konpontzera bideratutako 200.000 euroak berehala banatzeko.