Danel Agirre
Estatu Islamikoari aurre egiteko Borja Senper presidenteak soldadutza berrezarri zuenean, neurria guri eragitera zihoanik imajinatu ere ez genuen egin Olagarro anaiak eta biok. Iragarpena eman eta hilabete ez zen igaro, ordea, letter zoritxarrekoa jaso genuenerako. Armadak seme-alabarik ez izatea baliatu zuen aitzakiatzat, nazioarteko terrorismoari erronka botatzera gu bezalako bi traste zahar bidaltzeko. Bizarra aspaldi urdindua, aldaka torloju eta plakaz josia izan eta lunbago bana sufritzetik bagentozen ere, konturatzerako Yak hegazkin kalamastra horietako batean ikusi genuen geure burua.
Batailoiko kide eskuzabal baten pizgarriei esker, hegaldia uste baino atseginagoa suertatu zen. Arrasto batzuk margotzen zituen bitartean, errekrutak gure egitekoa Kazakhstanen, Kaspio itsasoaren bazterrean utzita zegoen zentral nuklear sobietar baten hondakinak zaintzea zela kontatu zigun. Estatu Islamikoak eraikina leherrarazi, ura kutsatu eta dozena erdi herrialderen nekazaritza deuseztatzea ekiditeko.
Basera iritsi, lurrean libre topatu genituen lehenbiziko bi koltxoietan petatea bota, eta misioa deskalabru galanta izango zela konturatu ginen. Alboko oheetako soldaduak zeintzuk izan behar, eta Gaizka Capitano, Jurdan eta Inaxio ziren. Ez naiz hemen biografiarik idazten hasiko, baina sinets iezadazu, lasaiago zeundeke gerra hasierako dona dona katonan hirukote hori etsaiari tokatuz gero. Capitano eta Jurdan karismatikoak dira, baina mingain puntan tonbolako eskopeta trukatu bana dute; Clint Eastwoodek ere ez luke asmatuko bi kontakatilu horiek gobernatzen. Inaxio ausarta, leiala, dezentez diskretuagoa… eta mando zahar itsua baino egoskorragoa da.
Arratoi-zulo batean suizidatzeko aparteko irrikarik izan ez, eta desertatzea erabaki genuen Olagarro eta biok. Gure kaka fardelen kiratsa urrunetik antzemango zen seguruenik, eta harrikoa egiten ari ginela bi miliziano kazakhstandar hurbildu zitzaizkigun. Aita-semeak ziruditen. Ahospezka, kilometro gutxira zegoen portu batetik txatarra zeraman kargaontzi bat Hanburgora abiatzera zihoala jakinarazi ziguten. Eta behin Europara iritsitakoan ezkutatzen laguntzearen baldintzapean, beraiekin ihes egitea proposatu.
Zentral nuklearraren kanpoaldean maniobrak programaturik zeuden. Kamioiak bete arte bainugelan ezkutatu, eta basea lasaitutakoan hanka egiteko moduren bat bilatzea adostu genuen. Komunak giltzarekin itxita aurkitu genituenez, dutxetako baten gortinaren atzean pilatu ginen laurok. Itxaronaldia aiene agoniazko batean eman genuen. Elkarri begiratu, eta irteteko unea iritsi zela zirudienean, urrats soinuak entzun ziren korridorean gora. Minutu erdi eternalaren ondoren, bota baten puntak kuku esan zigun gortinaren azpialdetik. Oihala apartatu zuen beso uniformatua Inaxiorena zen. Sumina baino, etsipena zerion bere aurpegiari.
Lagun mina errieta egitera zihoan, etxe azpitik dabilen tranbiaren txirrinak esnatu ninduenean. Gogoratzen nuen guztia idatzi nuen bizkor, ametsa lurrundu baino lehen. Guztia errepasatu dut behin eta berriz, eta huskeria batek martirizatzen nau. Kazakhstango kostan, Aktau hirian, bada utzitako zentral nuklear sobietar zahar bat. Baina Kaspioa ur gazizko laku hertsi bat da, eta ez itsaso bat. Txatarra zeraman kargaontziak ez zuen Hanburgora iristeko modurik.
Leave a Reply