Aitor Biain
Norberaren barruko mundua ezagutzea” dute helburu Jesus Mari Matak (Antzuola, 1962) eskaintzen dituen barnekotasuna lantzeko tailerrek. Antzuolarrak hamaika urte daramatza “adimen espiritula” herritarren artean lantzen, haren hitzetan “gizakiaren parte” baita espiritualitatea; pertsona orok duen beharretako bat: “Denok ditugu behar espiritualak. Sentimenduetatik eta emozioetatik harago doan zerbait da, beste dimentsio bat da. Behar horiek zeintzuk diren jabetzea da kontua, ondoren lantzeko. Horrek ematen baitu bizi kalitatea”.
Ogibidez informatikaria da Mata, baina “betidanik” izan du gertuko “barnekotasunaren mundua”. Hala, hainbat ikastaro eta ikerketa egin ditu urteotan. “19 urte nituenetik ari naiz formakuntza jasotzen eta esperimentatzen”. Aita izan zenean landutako guztia praktikan jartzea erabaki zuen arte. “Nire semearekin probatu nuen aurrena, eta haren lagun talde batekin ondoren. Emaitza oso positiboa izan zen guztiontzat”. Hala, gazteen artean izandako arrakastaren ondoren, helduentzako saioak eskaintzen hasi zen: “Gazteek eurek esaten zieten gurasoei nire saioetan parte hartzeko. Harrituta geratu nintzen”.
Orduan hasi zen Nigan proiektua gorpuzten. Psikologo talde batekin batera hasi zen Mata herrian barnekotasuna lantzeko saioak ematen. Doan eskaintzen ditu tailerrak. “Herrigintza gisan ulertzen dut nik hau. Nire esperientzia pertsonaletik abiatuta, herriari eskaintzeko dudan zerbait da niretzat. Niri eta nire ingurukoei baliagarria izan bazaigu, besteentzako ere hala izango delakoan”. Urriaren 31n hasiko dira aurtengo saioak, eta apirilera arte iraungo dute. Hamabostean behin izango dira gazteei eskainitakoak, eta hilean behin nagusienak.
Hiru adar jorratzen dituzte tailerretan: pentsamenduak, emozioak eta intuizioak. Hiru alor horiek osatzen dute adimen espirituala. Azalpen batzuk ematen ditu aurrena Matak, eta “esperimentatu” egiten dute gero. “Esperimentatzean dago gakoa”. Adibideak jarri ditu: “Inoiz besarkatu duzu zuhaitz bat? Inoiz izan zara manifestazio baten erdian, isilik? Nola deskribatuko zenituzke egoera horiek? Zaila da hitz batekin definitzea, ezta? Ez da sentipen, emozio edo pentsamendu bat bakarrik. Hori baino gehiago da, eta hori ezagutzean datza espiritualtasuna”. Hainbat tresna ikasten dituzte horretarako: arnasketa, meditazioa, arreta…
Espiritualtasuna eta erlijioa eskutik helduta joan izan dira sarri, baina hitzak berak dituen erlijio konnotazioetatik ihes egin nahi izan du antzuolarrak. “Egia da, lotura hor dago. Askok budismoarekin ere lotzen dute hau. Baina hori baino gehiago da. Beste kontu asko bezala, atzean geratu da sinesmena; garrantzitsuena edo erakargarri zaiguna soilik geratu zaigu”. Mataren aburuz, barnekotasuna lantzeak ez baitu beti zerikusirik buruarekin edo pentsamenduekin.
Izan ere, garai batean adimen emozionala sinesmenaren esparruan landu izan bazen ere, gainontzeko beste eremuetara ere salto egin du egun. Besteak beste, lan mundura. “Adimen emozionala adimen kognitiboa besterik ez zen orain urte batzuk arte. Alegia, bakoitza zertarako gai zen: curriculuma da horren adibide garbiena. Gaur egun, aldiz, enpresa munduan oinarrizkoa da hori, bai, baina ez du pisu handirik. Enpresak konturatu dira produkziorako oso garrantzitsuak diren beste behar batzuk ere badituztela: arreta, jarrera, harremanak sortzeko gaitasuna, enpatia…”.
Buruaren pentsamenduak
Lan munduan ez ezik, aisian ere gero eta ezagunagoa da barnekotasunaren heziketa. Bada, meditazioa bezalako ariketak ohikoak bilakatu dira askorentzat. Mataren hitzetan, psikologiatik eratorritako “korronte berriak” ere ia “modako” ekintza bilakatu dira mendebaldeko gizartean; tartean, mindfullness bezalakoak. Buruari eta, bide batez, gorputzari dagokion kontrola itzultzeko tresnak, finean. “Ez da horren erraza, baina, ebolutiboki eta kulturalki jaso dugun zerbaiti buelta ematea”. Bada, horretarako bide ematen du meditazioak.
“Pentsatzen duguna garela uste izan dugu orain arte, baina ez da hala. Geure buruak pentsamenduak ditu, bihotzak taupadak dituen bezalaxe; ezin ditugu kontrolatu”. Hain zuzen, hori litzateke meditazioaren lehen pausoa Mataren arabera; pentsamendu horietatik “distantzia” hartzea, alegia. Bigarrena, berriz, pentsamendu horiek norberaren unean uneko nahietara bideratzea litzateke. “Egunean 60.000 pentsamendu sortzen dituen organo bat dugu. Ezinbestekoa da arreta lantzea”.
Arretaren lanketa edonorentzat da baliagarri, baina, batez ere, gazteengan jarri du mira Matak. Teknologia berriek arreta galera handiagoa eragin baitute haren esanetan. “Sare sozialek, esate baterako, arreta galera izugarriak eragiten dituzte. Finean, ez garelako gure arretaren jabe”. Hezkuntzaren alorrera ere zabaltzeko nahia azaldu du Matak, “nahiz eta leku askotan dagoeneko lantzen duten”. “Ez da gauza askorik behar lanketa egiteko. Gaztetxoentzat oso baliagarriak lirateke arnasketa ariketa batzuk edo isiltasun tarte batzuk soilik”.
Antzuolan ez ezik, Debagoiena bailarako zenbait herritan ere eskaini ditu saioak Matak, eta baita Zumarraga inguruan ere. Bada, oraindik probatu ez duenari, probatzeko gonbita egin dio Matak berak. “Probatzen duenak errepikatu egin nahiko du, seguru”.
Leave a Reply