Sarekadek harrapatuta

Espainiako Auzitegi Gorenak Segi gazte mugimendua “talde terroristatzat” jo zuenetik, nahikoa lan izan du Espainiako Auzitegi Nazionalak gazte independentistak auzipetzen: 2007tik, hiru sarekada zuzendu dituzte hango epaileek Gipuzkoan. Polizia operazio horien ondorioz, 50 gaztetik gora atxilotu eta 35 epaitu dituzte; gehienak kartzela zigorraren esperoan daude, eta beste hamar epaiketaren zain daude oraindik. Horiez gain, 2009ko azaroan eta 2010eko urrian Hego Euskal Herrian egindako sarekadetan ere gutxienez hemezortzi gazte gipuzkoar atxilotu zituzten; bi epaiketak egiteko daude oraindik.

Xabier Lujanbio (Errenteria, 1986) 2008ko apirilaren 18an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Oiartzualdeko beste bederatzi gazterekin batera. Handik bi egunera, beste bi gazte atxilotu zituzten, eta geroago beste hamarren etxeak miatu zituzten, baina ez zituzten topatu. Haietako zortzik zuzenean epailearen aurrean agertzeko eskaria egin zuten; hura ukatu egin zieten, ordea, eta epaitegiaren aurrean atxilotu zituzten.

Lujanbiok 21 urte zeuzkan atxilotu zutenean; bikotekidearekin bizi zen Errenterian. Aurretik jazarri egin ziotela salatu du: “Nik beti esaten nuen: ‘Edo egingo dute horrela [hatzarekin banaka aukeratuz], edo sarea botako dute eta herri osoa eraman’. Eta azkenean hori izan zen”. Atxiloketa bera “pertsonaren psikologiaren kontrakoa” izan zela azaldu du. “Ez da kasualitatea goizeko lauretan atxilotzea; egiten duten guztiaren helburua da zu psikologikoki txikitzea”.

Bost egunez eduki zituzten inkomunikatuta Madrilen. Lujanbioren hitzetan, “infernua” izan zen hura: “Neska-lagunarekin mehatxu egiten zidaten; nire aurrean biluzten eta jotzen zuten”. Beldurra pasa zuela azaldu du: “Bagenekien zertarako gai diren, lehendik ere aditua genuelako”. Espetxera eramatean, “lasaitua” hartu zuen: “Tristea den arren, lasaiago zaude; behintzat, badakizu ez zarela gehiago haien eskuetan egongo. Gainera, kideekin zaude; haien babesa duzu eta laguntzen dizute”.

Lujanbiok bi urte egin zituen espetxean, bermea ordainduta irteten utzi zioten arte. Uztailean egin zieten epaiketa berari eta Oiartzualdeko beste hamasei gazteri Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta duela hilabete jakin dute epaia: seiri seina urteko espetxe zigorra jarri diete, eta 11 absolbitu egin dituzte. Auzitegi Gorenean helegitea jarri dute, eta haren epaiaren zain daude orain: “Ez badute onartzen, hilabete pare batean sententzia behin betikoa izango da, eta kartzelara joango gara berriz, lau urte betetzera”.

Urko Labaka (Donostia, 1981), berriz, Donostian egindako sarekadak harrapatu zuen. Operazio hartan, 26 gazte atxilotu zituzten, hiru txandatan. Labaka eta beste hamalau gazteren bila 2007ko azaroaren 7an joan ziren lehenengoz, baina ez zeuden etxean. Abenduaren 15ean joan ziren Madrilera, zuzenean Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzeko asmoz. Ordura arteko egunetan gaizki pasa zutela oroitzen du Labakak: “Esperoan zaude, noiz etorriko diren zure bila. Badakizu deklaratzera joan behar duzula, baina ez dituzu bost egun inkomunikatuta pasatu nahi”. Haiei ere ez zieten utzi zuzenean epailearen aurretik pasatzen; atxilotu egin zituzten, baina ez zituzten inkomunikatu.

Sarekadotan atxilotutako gazteak, oso gazteak izaten dira sarri. Iñigo Alzelaik (Hernani, 1989) hogei urte bete berri zeuzkan 2009ko martxoan, Hernani eta Urnietako beste zazpi gazterekin batera atxilotu zutenean; tartean hemeretzi urteko hiru zeuden.

Baltasar Garzon epaileak zuzendu zuen operazio hura; torturaren aurkako protokoloa ezarri zien inkomunikazio aldian, baina ez zuten guztiz bete: “Hirugarren egunetik aurrera, konfiantzazko mediku batekin egon ginen, baina ezin zuen gurekin euskaraz hitz egin, eta beti hango auzitegiko medikuaren aurrean egon behar zuen gurekin”.

Zortzi atxilotuetatik, Alzelai izan zen espetxeratu ez zuten bakarra. Sentsazio “gazi-gozoz” irten zen: “Ezin handia sentitzen duzu: batzuk barrura doaz, eta ni kanpora, zortez. Libre nago, baina bizitza aldatu didate, goitik behera, eta, gainera, kuadrillako hiru barrura eraman zituzten, eta ezin haiek bisitatu”.

Aske utzi zutenean, tortura latzak jasan zituela salatu zuen Alzelaik: “Suntsiketa pertsonala da. Bost egun egon nintzen jan eta edan gabe; bederatzi kilo galdu nituen. Pixarekin arazoak izan nituen, eta ospitalean ere egon nintzen; oso urduri nengoen, burua oso galduta”.

Esperantzarik gabe, zain

Hernaniko sarekadan atxilotutako gazteek aurreko astean jakin zuten fiskaltzaren eskaera: zazpi eta bederatzi urte arteko zigorrak eskatu ditu haientzat. Donostiako sarekadako atxilotuei, berriz, 2010eko ekainean egin zieten epaiketa; bi absolbitu egin zituzten, eta gainontzeko hamabostei sei urteko espetxe zigorra jarri zieten. Oiartzualdekoak bezalaxe, Auzitegi Gorenean jarritako helegitearen zain daude, baina itxaropen handirik gabe; gehienek badakite espetxe zigorra betetzea egokituko zaiela, eta une horren zain egotea besterik ez zaie gelditzen.

Labakak lau urte daramatza horrela: “Kalean zaude, baina buruan beti daukazu zigor hori ailegatuko dela”. Alzelaik ere hiru urte daramatza baldintzapeko askatasunean. Espainiako Estatuaren mugetatik ezin du irten, eta hamabostean behin epaitegira joan behar du sinatzera. Egoera horrek etorkizuneko proiektu guztiak baldintzatzen dizkiola azaldu du: “Ematen du lasai zaudela, eta bizitza normala egiten duzula, baina iristen da momentua, aurreko astean komunikatu zigutena, eta etortzen dira berriz oroitzapen guztiak, eta berriz errealitatera erortzen zara: gogoratzen zara hor epaiketa bat daukazula, eta lotuta zaudela”.

Oiartzualdeko sarekadan auzipetutako beste gazte bat Oihana Mujika (Oiartzun, 1982) da; absolbitu berri dute, eta Eleak mugimenduko kidea da. Bere esanetan, “militantzia politikoa” da sarekada horietan guztietan zigortzen dena: “Kale borrokako erasoekin nahastu izan dituzte, eta hori da komunikabideetan saldu dutena. Baina abiapuntua eta ondorioa, azkenean epaiketara eramaten dena, Segiko militantzia hutsa da. Militantzia politikoa, gazte mugimenduaren barruan”. Sarekadak gazte guztientzako “abisuak” direla salatu du: “Hor jauzi nabarmena eman da; bere garaian, Jarrai-Haika-Segi epaiketa izan zenean, zuzendaritzako kide izatea leporatzen zitzaien. Orain, bere herrian lanean dabilen edozein gazteren aurka egiten dute”.

Azken urtebetean sarekadarik ez da gertatu, baina Mujikaren ustez, arazoa ez da oraindik konpondu: “Askotan esaten dugu momentu politiko berri batean gaudela, baina ilegalizaziotik eratorritako soka luze bat dago, oraindik bukatu ez dena: epaiketak, sententziak, kondenak betearazteko atxiloketak… Horiek ondorioak dira. Errotik dugun arazoa da milaka pertsonak ez dutela jardun politikorako eskubiderik”.

Elkarrizketatutako auzipetu guztiek bat egiten dute: aro politiko berriak lagundu behar luke epaiketak geldiarazten, baina ez dira gehiegi fio. “Badirudi aurrera doala”, esan du Alzelaik, “baina gero ikusten duzu gure kasuak oraindik hor daudela, fiskalaren eskaerak datozela eta jendeak kartzelan jarraitzen duela”.

Baikorrago mintzatu da Lujanbio: “Esperantza daukat euskal herritarren gehiengoa jarriko dela epaiketa politiko guztien kontra eta militantzia politiko bat normaltasunez garatzearen alde; hori izango da etor daitezkeen zigor guztiak eteteko modu bakarra”.

Atxiloketek prozesu demokratikoaren aurka egiten dutelakoan dago Mujika; aitzitik, gazte mugimenduak prozesu horri ekarpen handia egin diezaiokeela uste du. Iritzi berekoa da Alzelai: “Gazte mugimenduak asko dauka esateko; gehiago esan beharko luke, eta gehiago entzun beharko litzaioke”.