Eider Goenaga Lizaso
Apirilaren 1ean ireki zituen ateak Errenteriako Jantziaren Zentroak. Zazpi hilabeteko ibilbidearekin gustura azaldu da Ainhoa Mendiburu zentroko komunikazio arduradun eta Iraultza dantza taldeko kidea (Errenteria, 1972). Izan ere, museoak gurasorik badu, Iraultza taldeko kideak ditu; eurek elikatu dute museoa, eurek egin dute jantzi guztien bilketa, eta eurek egiten dute kudeaketa ere, Errenteriako Udalak eraberritu eta utzitako Kapitain Etxean (XVIII. mendekoa). Urte askotako lana dago Jantziaren Zentroaren atzean, eta museoa irekitzea Iraultza taldeko kideentzat “egia bihurtutako ametsa” dela dio Mendiburuk.
Hogei urtetik gora egin behar da atzera proiektuaren abiapuntua bilatzeko. 1996an, dantza taldearen 25. urteurrenean, Ramon Garcia dantza taldeko buruak proposamen bat egin zien taldekideei. “Berak bazituen bere kontura lortu eta erositako jatorrizko hainbat arropa, eta proposatu zigun baserritar jantzien inguruko ikerketa egitea”. Artxiboetan-eta bilatzen hasi, eta argazki asko topatu zituzten; irudietan oinarrituta jantzien kopiak egin, eta hainbat erakusketa antolatu ere bai. “Eta, aldi berean, dantza talde gisa aurrezten genuen diru apurra inbertitzen genuen, urtero, jantziak erosteko”.
Erositakoarekin eta emandakoarekin joan dira ondarea osatuz, mila piezatik gorako bilduma egin arte. “Jende askok eman dizkigu jantziak; etxean topatutako arropa zaharra, eta zakarretara ez botatzeagatik, guri ekarritakoa”. Hala, Euskal Herriko jantzi gehienak emandakoak direla dio Mendiburuk. Erositakoa, batik bat, atzerriko arropa da. “Erakusketan dugun guztia jatorrizkoa da, bere garaian norbaitek erabilitakoa; guk egin duguna da jantziak dokumentatu, zein garaitakoa den datatzen saiatu, eta konpondu eta txukundu”.
Jantziak eskuratzeari buruz, nazioarteko jantziak lortzeko bigarren eskuko azokak izan dira iturri oparoena; Londresen, Bordelen, Madrilen… erosi zituzten asko. “Gerora, Internet bidez ere bai. Enkantean ateratako piezak dira, hainbat eta hainbat AEBetatik ekarriak”. Halakoetan, jantzien egiazkotasuna bermatzea izan da Iraultzakoek egin duten lan handienetakoa. “Argazkiak-eta ikusi, artxiboetan ditugun irudiekin konparatu, nola josita dagoen begiratu; hor, noski, asko lagundu du Ramon Garciak, jostuna baita bera, eta asko daki; izugarri erakutsi digu horri buruz”.
Sei hilabetean behin, aldatu
Bi ataletan banatuta dago Jantziaren Zentroko erakusketa iraunkorra: batetik, Euskal Herriko jantziak, eta, bestetik, nazioartekoak. 30 jantzi oso dituzte momentu honetan. Erakusketan, ordea, ezin dituzte aldi berean jarri bildumako jantzi guztiak, eta sei hilabetean behin erakusketa aldatzeko asmoa dute. Hilabete barru egingo dute lehen aldaketa.
Lehen solairuan dago herri jantzien atala. “1880-1920 arteko arropak daude erakusketan; Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik bostekoak daude oraintxe ikusgai”. Jendeak emandakoak dira arropen %90. “Baina ez dira soilik baserritar jantziak, badaude Donostian 1920-1930eko hamarkadetan erabiltzen zirenak, baita 1940ko ezkontza jantzi bat ere”.
Bigarren solairuan jantziaren bilakaera aztertzen dute. “Nazioartekoak dira jantzi gehienak, nahiz eta badauden Euskal Herrikoak ere, eta modaren bilakaera historikoa ikusten da bertan. 1770ekoa da jantzi zaharrena, eta 1930ean amaitzen da”. Emakumeenak dira jantzi gehienak, Mendiburuk azaldu duenez, horiek baitira gehien kontserbatu direnak.
Horrez gain, behin-behineko erakusketak egiten dituzte beheko solairuan, ehungintzarekin lotuta gehienetan. “Lehen erakusketan erraldoi eta buruhandien figuratxoak egon ziren ikusgai; ez dago zuzenean lotuta jantzigintzarekin, baina jantziek badute garrantzia, askotan horrela identifikatzen baitira erraldoiak”. Azaro-abenduan, berriz, Iraultza taldeak gordeta dauzkan baserritar jantzien kopiekin egingo dute erakusketa, eta hainbat hitzaldi eta tailer eskainiko dituzte gaiari buruz. Doakoa da solairu horretako bisita.
Bisitarien artean arrakasta handia izaten ari den atal bat dago erakusketaren amaieran. “‘Garai bateko emakumeek zer sentitzen zuten sentitu nahi duzu? Bada, ireki armairua’. Eta armairuan ditugu kortseak, miriñake, polisoi eta krinolina bana, eta gainetik janzteko gona bat ere bai: Scarlett O’Hara bezala. Ispilu handi bat dago, eta argazkiak nahi adina ateratzeko aukera. Jendeari asko gustatzen zaio, eta guk, batez ere, gizonak animatzen ditugu probatzera, garai bateko emakumeek sentitzen zuten hori sentitzeko”.
Leave a Reply