Leire Narbaiza
Umeak izan ginenean, gure herria ilun, zikin eta zaratatsua zen. Ez zegoen orain beste automobil, baina edonondik ibiltzen ziren. Adibidez, eskolarako bidean ez zegoen espaloirik, eta hantxe ibiltzen ginen ume eta gaztetxoak auto eta kamioi artean, aldapan gora.
Aldapan behera, ur-erretenetatik errekasto zuriak zihoazen, taladrina ildoak, euria egiten zuenean, asfaltoaren gainean ostarkuak sortzen zituzten, zazpi koloretan desegiten zelako olio hori uretan. Seguruenera zuetako askok ez du jakingo zer den taladrina: makinak koipetzeko erabiltzen den olioa da. Zikina. Kea isurtzen zuten tailerretako tximiniek eta fundizioetako galdarek. Gizonen buzoak ere lohiz beteta etortzen ziren etxeetara barixakuetan, umeek bezala ostiraletan amantalak etxera eroaten zituztelako.
Zikina eta zaratatsua zen gure herria. Asteburuetan burrundara eza sumatzen zen, isiltasuna entzun egiten zelako, zerbait falta balitzaigu bezala. Bai, makinen zarata falta zen. Astegunetan, ostera, Alfako sirenak hamabietan jotzen zuenean bazkalordua iragartzen zuen. Futbol kontuetarako baino ez da geratu turuta. Sasoiaren erakusgarri.
Hala ere, gure herriak segitzen du izaten zikin eta zaratatsu. Argiagoa da etxeen fatxadak pintatu ditugulako, eta gris/beltzaren ordez beste kolore batzuk ere agertu direlako. Baina zikina eta zaratatsua da, ez makinen burrunbagatik, trafiko etengabea eta obra amaigabeen erruz baizik. Zikina ez du taladrinak eragiten, txakur kakek eta aitatutako automobilen kutsadurak baino. Lehengo lantegiak hondakin industrial fantasma bihurtu zaizkigu, iragan behargin baten lekuko abandonatuak.
Gure herritik kanpora ere antzera gertatu da. Lan kontuengatik pasatu naiz berriro hamarkada luze batean itzuli ez naizen tokietara. Errepide zaharrak ibili ditut atzera ere. Toki ezagun haiek itxuraldatuta daude, normala den moduan. Baina han ere, hondakinak ikusi ditut: fabrika hutsak, lantegi zaharren hezurdura abailduak, orubeak hondakin birrinduez beteta. Iragan industrial baten gainbehera tristea.
Errepidetik jarraituta, eta hondakin hauen artean eraikin berriak antzeman ditut, hala moduz plantatuak, inongo zentzurik gabe, planifikazio barik. Ez dago errepide horren eskuma-ezker kilometro erdirik eraiki ez denik. Etengabean fabrika, biltegi, denda, hipermerkatu, errepideko jatetxe, putetxe, ermita, kontzesionarioak, ibilgailuak desegiteko guneak, gasolindegiak, etxe solteak, eskola entzutetsuak, gazteendako zentroak, AHTren lanak… Denetatik, eta guztia beteta. Desastre hutsa, lurraldearen antolakuntza existitzen ez den seinale, anabasa kaotikoa, txolopote galanta.
Hiriburuen erdigunea, aldiz, inoiz baino ordenatu eta txukunago. Dagoeneko ez dago hiriburu ilun eta zikinik (zaratatsuak ezinbestean dira hiri handiak). Titanioaren bris-brisak ezkutatzen du sasoi honetako opakotasuna, liluratu egin gaitu hogei urte hauetan. Eta itsutu, ikusi ezinda baikabiltza bide-bazterretan ditugun paisaia-hondamenak, eta errekak jotako iragan industrialaren hondakin mespretxatuak.
Modernitatearen bernizak hiriguneak makilatu ditu, eta denda-leiho bihurtu, garbitasun esteril eta orbangabe batez. Gatzgabe eta aseptikoak dira orain, klonikoak. Ilun, zikin eta zaratatsuak zirenean, baina, nortasuna zuten; eta horregatik maite genituen.
Leave a Reply