Jon Miranda
Ikerketa lana egin zuen Hernandorena herriko elkarteak, eta bailara historikoen toponimia bildu, egokitu eta gaur egungo errealitatera moldatu zuen iaz. Udalbatzak onartu zuen gero elkarteak egindako proposamena, eta, horrenbestez, sei bailaratan banatuta dago Zizurkil: Mendibailara, Buztinbailara, Akezkobailara, Elbarrena, Ergoiena eta guztien ardatza, herrigunea. Hain zuzen, herritarren parte hartzearekin bideratu dute Zizurkilgo herrigunean dagoen Pedro Mari Otaño plaza berritzeko proiektua. 2017ko aurrekontuan 212.580 euro gorde dituzte horretarako. Plaza azpiko azpiegiturak egokitu, zoladura berritu eta plaza erdian zuhaitza landatuko dute otsailean. Herritarrek hala erabakita, haritza.
Ez da Zizurkilen herritarren parte hartzea sustatzen duten lehen aldia. 2012an hausnarketa prozesu bat hasi zuen Hernandorena elkarteak, eta talde eragilea sortu zuen herritarrekin batera. Armarri zaharra kendu eta berria sortzea erabaki zuten, taldean zehaztu zituzten balioen baitan. Naturako elementuak nagusi diren zirriborroa aukeratu zuten herriko artistek egindako lanen artean: “Herriaren alderdi industrialagoa irudikatzen du Zubimusuk, eta, historia jasotzeaz gain, bide berriak ere zabaltzen ditu. Zuhaitza dago erdi-erdian, eta, mendeetan zehar, haren bueltan bildu eta erabakiak hartu izan ditu herriak”, esan du Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkateak (Azpeitia, 1962).
Bi errealitate elkarren ondoan bizi dira herrian, eta, Luengoren esanetan, bikoizketak sortzen ditu horrek maiz. “Onartua daukagu horrela dela. Bikoiztu egin behar izaten dira zerbitzuak, eta ekonomikoki ahalegina eskatzen du horrek. Baina zerbitzua eskaini egin behar zaio herritarrari”. Datozen hilabeteetarako, goian bezala udal taldeak hainbat asmo dauzka beheko plazan ere: “Estalpea jarriko dugu, umeek babestuago dagoen toki bat izan dezaten jolasteko. Urtarrilean hasiko ditugu lanak, eta hurrengo urteko aurrekontuan 215.000 euro gordeko ditugu obrak egiteko”.
Herrian bizia sortzeko eta jendea herrian bertan gelditzeko ahalegina egiten ari da udala. “Estalpea egiten dugunean, asteroko azoka bat antolatu nahi genuke, baserritarrek bertan produktuak sal ditzaten”. Alkateak aitortu du herri giroa sortzeko ahalegina egin dutela azken urteotan, eta gaur egun Joxe Arregi plazaren inguruan izaten dela mugimendu pixka bat.
Besteak beste, bertan dago Aiztondoko Plazida Otaño liburutegia. Iazko apirilean zabaldu zuten, eta Aduna, Alkiza, Asteasu eta Larraulekin partekatutako proiektua da. Herri horietan egon badaude liburutegiak, baina zerbitzua osatzen laguntzen du Plazida Otañok. Emakumeen izenak ikusarazteko asmoz jarri zioten izen hori liburutegi berriari, Zizurkilgo bertsolaria gogoan hartuta. Ez da norabide horretan Zizurkilen egin duten urrats bakarra. Sexu eraso baten aurrean nola jokatu behar den erakusten duen protokoloa onartu dute berriki, eragileek eta udal ordezkariek elkarrekin gauzatutako prozesuaren ondoren.
Zizurkilen aspalditik dituzte gogoan emakumeak, emakume baserritarrak bereziki. 2002an, EBEL Emakume Baserritarren Elkartearen ekimenez jarri zuten Baserriko argia eskultura, emakume baserritarren aitorpen gisa. Urtero, urri hasieran egin ohi den azoka berezian presente egon izan dira emakume baserritarrak, herriko ekoizleak eta artisauak. Aurtengo urrian 20. urtea izan du azokak.
Urtean zehar hori izaten da Zizurkilgo hitzorduetako bat, baina badira beste asko. Urtero, kultur ekitaldiak antolatzen dituzte Maiatza Saltsan izenburupean, eta, besteak beste, Zizurkilek eta Aiztondoko gainerako udalerriek El Salvadorko Segundo Montes komunitatearekin duten senidetzea ospatzen dute. Azken urteotan, berriz, bestelako ekimenak ere egin izan dituzte herri giroa eta auzolana bultzatzeko. “Eta arrakastatsuak izan dira”. 2015ean, esaterako, herri antzerkia egin zuten Zizurkilen 400. urteurrena gogoratzeko, eta Herriola ekimena egin dute aurten, Erdi Aroan girotutako azoka berezia.
Karidadeko Benta
Azken urteotan, Zizurkilen indartzen ari da erraldoi eta buruhandien konpartsa. Pedro Mari Otaño da, hain zuzen, irudikatzen duten pertsonaietako bat, herrian bertsolaritzak duen indarraren seinale. Zizurkilen oso maitea dute Otaño; haren izena daukan plazaz gain, urtero, bertsopaper lehiaketa antolatzen dute haren omenez. Bestalde, haren bizileku izan zen Karidadeko Bentaren izena hartu du, aurten, Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketan Zizurkil eta Asteasu artean osatu eta txapeldun izan den taldeak.
Otañoren gisa berean ezagutu zuen erbestea, bestalde, Teodoro Hernandorena zizurkildarrak. Kultura sustatu zuen politika lana egitearekin batera, eta Martin Treku Mattin eta Fernando Aire Xalbador bertsolariak plazara ateratzen lagundu zuen 36ko gerraren ondoren Bidasoaz bestaldera erbesteratu zenean.
Leave a Reply