Aitor Biain
Herri monumentala izateaz gain, miresgarria ere bilakatuko da asteburuan Bergara. Fantasiazko pertsonaiez, abestiz zein dantzaz jantziko baita herria Alizia musikalari esker. Bergarako Musika Eskolako ikasleek, ikasle ohiek zein irakasleek ondutako ikuskizuna taularatuko dute, bihar eta etzi, udal pilotalekuan. Atzerako kontua abiatuta, bi urte luzez egindako lana erakusteko ordua iritsi zaie dagoeneko. Estreinaldi orok sortzen duen urduritasunarekin, baina “lasai” daudela aitortu du Marije Ugalde Bergarako Musika Eskolako zuzendariak. “Egia esan, oso onak izan dira azken entseguak. Gogor lan egin dugu, eta nahiko lasai iritsi gara azken txanpara”.
Azken entsegu orokorrak burutu ostean, dekorazioa pilotalekura eramaten edota arropa eta osagarriei azken ukituak ematen igaro dituzte azken egunak. Etxeko lanak egin dituzten sentipenarekin, ardura uxatu nahi izan du Ugaldek: “Teknologiaren mende gaude orain: mikrofonoak, argiak… Kontu horiek guztiak probatu eta pilotalekuan nola geratzen diren ikustea soilik falta da. Eta hori ez dago gure esku”.
Lewis Carroll idazle ezagunaren Aliceren abenturak lurralde miresgarrian ipuin ezaguna du oinarri “Broadway estilora” egingo duten musikalak. Antzerkia, kantua eta dantza batuko ditu, baina ikuskizun “berritzailea” izango dela azpimarratu du Ugaldek. Obrak, batez ere, gidoian du berrikuntza. “Ipuin klasikoa da Alizia, oso ezaguna. Bada, zerbait falta zitzaiola ikusi genuen, eta gidoiari buelta bat ematea erabaki genuen. Gaurkotutako istorioa izango dugu”. Ikuskizunaren azpititulua da horren isla: Herrialde miresgarrian badago wifia.
Besteak beste, eskola jazarpena edota teknologia berriak izango ditu hizpide obrak, eta Valen Moñux eta Oihan Vega arduratu dira gidoiaren moldaketa egiteaz. “Gaur egungo errealitatean kokatuta dago istorioa, eta egungo neskato bat izango da protagonista”. Ainhoa du izena pertsonaiak, hain zuzen, eta Alaine Egizabalek interpretatuko du. “Urduri” dagoela aitortu arren, eguna iristeko “irrikan” dagoela esan du bergararrak. “Entsegu asko egin ditugu jada; gogorra izan da igandero biltzea, baina merezi izan du. Ziur naiz ongi aterako dela”.
Musika eskolako ikasleen artean egindako hautaproba baten bidez aukeratu zuten Egizabal protagonistaren papererako. “Kanta bat abestu behar izan genuen, eszena txiki bat antzeztu eta dantza bat asmatu ere bai. Ilusio berezia egiten zidan pertsonaia horrek, eta etxean prestatu nuen proba, nire kabuz”. Musika eskolako zuzendariak azpimarratu duenez, “sekulako lana” egin zuten aurkeztu ziren guztiek. Aukeraketa “oso zaila” izan zela aitortu du. “Helduen paperekin guztiz kontrakoa gertatu zaigu, ahotsaren arabera egin baitugu banaketa”.
Izan ere, adin guztietako jendea izango da agertokiaren bueltan. Helduei dagokienez, esaterako, kantuko ikasleak dira gehienak, baina zenbait irakaslek eta ikasle ohik ere hartuko dute parte musikalean. Kudeatzaile lanak egingo dituzte antzezten ari ez direnek, edota musikari lanetan ariko dira. Orkestra zuzenean ariko baita emanaldian; Jose Migel Laskurain arduratuko da zuzentzeaz. Koreografia sortzeari dagokionez,berriz, June Nogueiras ikasle ohia arduratu da Eneko Galdos eskolako dantza irakaslearekin batera. Orotara, ehun laguneko taldea osatu dute ikuskizuna gauzatu ahal izateko.
Bi urte pasako lana izan da: ikuskizunaren eskubideak eskuratu, materiala lortu, dagozkion moldaketak egin, hautaprobak egin, entseatu… “Prozesu luzea da, gogorra, eta denon laguntza beharrezkoa da horrelako proiektu bat aurrera eramateko”, azpimarratu du Ugaldek.
Musikalak, eskolaren ikur
Ez da Bergarako Musika Eskolako kideek horrelako proiektu bat egiten duten lehen aldia. Aurrez ere beste hainbat ikuskizun taularatutakoak dira. 1994an aurkeztu zuten jendaurrean lehen musikala: Miserableak. “Sekulako esperientzia izan zen; primeran atera zen eta orbain bat utzi zigun guztioi, garai hartan musikalak ez baitziren oso ezagunak hemen inguruan”, adierazi du Ugaldek. Atzetik iritsi ziren, besteak beste, Oliver Twist, Olentzero & Co! eta Peter Pan.
Orduz geroztik, Bergarako Musika Eskolaren “ikur” bilakatu dira musikalak, zuzendariaren hitzetan. “Haur askok ikusi dituzte gure ikuskizunak, eta horri esker etorri dira ondoren musika eskolara, haiek ere musikalak egin nahi dituztelako”. Hain zuzen, egun bestelako lanetan lagundu dute lehenengo musikal hartan parte hartu zuten ikasleek. “Hainbat diziplinatako ikasleak proiektu bakar baten bueltan biltzeko aukera ematen digute, gainera, musikalek. Musika eskola batentzat zoragarria da hori”.
Sarrera gutxi batzuk geratzen dira, oraindik, bi emanaldietarako www.ticket.kutxabank.es atarian eskura daitezke, edota emanaldia hasi baino ordubete lehenago, leihatilan. Jakin badakite herritarrak emanaldia ikusteko “irrikan” daudela, eta herria goitik behera apaindu dute asteburua girotzeko asmoz. “Herriarena ere bada musikal hau; asko lagundu digute. Horregatik, herria bera inplikatu nahi izan dugu”. Hainbat ekintza ere antolatu dituzte ikuskizunaren bueltan, xake erraldoia nahiz haurrentzako eskulan tailerrak. “Beste asteburu gogoangarri bat izango da, seguru!”.
Leave a Reply