Andoainen bizi da, eta bere nortasun agirian bertan jaioa dela dio, baina usurbildartzat dauka bere burua Amador Granadosek (Andoain, 1967). Herritarrek kalean zein tabernan agurtzen dute, eta azkeneko txapelketan lortutako emaitzaz galdetzen diote kirol egokituko txirrindulariari. Nazioarteko txapelketetan eta Olinpiar Jokoetan egindako ibilbideari amaiera emango dio aurten, lehiaketa uzteko garaia iristen ari zaiola uste baitu.
Ameriketako Estatu Batuetatik iritsi berri zara, Munduko Txapelketan brontzezko domina eskuratuta.
Hala ere, ez nago pozik. Taldekako brontzea izan da, eta nik ondoen prestatuta neramatzanak pertsekuzio lasterketa eta kilometroko proba ziren. Espainiako Txapelketan baino denbora kaxkarragoak egin ditut. Pertsekuzioan 28 segundo mantsoago eta kilometroan zazpi hamarren, eta dominatik lau hamarrenera gelditu naiz; markak ez dira onak izan.
Zuretzat emaitza txarra dena zeri egozten diozu?
Gauza bat baino gehiago gertatu zitzaizkidan. Batetik, lo egiteko arazoak izan nituen ia azkeneko egunera arte, eta ez nuen lortzen egunez ondo egotea. Nik uste dut horrek jet lag-arekin zerikusia duela. Bestetik, aho infekzio txiki bat izan nuen. Aitzakiak bilatzen ari naizela dirudi, baina inoiz ez dakizu horrelakoek kalte egiten duten edo ez. Gainera, horrelakoetan botikarik ezin duzu hartu, dopina dela eta.
Nolakoa da parte hartzea nazioarteko lehiaketetan?
Jendeak nik baino gehiago gozatzen dituela dirudi. Oso estresagarri gertatzen zait nazioarteko kirol probetan aritzea, lan asko dago tartean, gogo handia daukat eta ondo egin nahi duzu, eta ni oso zorrotza naiz neure buruarekin… Erlaxatzen ikasten ari naizen arren, neure buruari asko eskatzen diot, eta momentuan ez dut gozatzen, gerora baizik. Hala ere, txapelketa guztiak oso ezberdinak dira.
Badago alderik Paralinpiar Jokoen eta Munduko Txapelketaren artean?
Bai, zerikusirik ez daukate. Munduko txapelketan txirrindulariak besterik ez duzu ikusten; paralinpiarretan, berriz, gosaltzera zoaz, eta mota askotako kirolariak ikusten dituzu, eta normalean ikusten ez duzun jende askorekin egiten duzu elkarbizitza. Segurtasuna ere oso ezberdina da, askoz handiagoa da paralinpiarretan.
Zein nahiago duzu?
Esperientzia moduan, Olinpiar Jokoak nahiago, bi aldiz hartu dut parte Atenasen [Grezia, 2004] eta Pekinen [Txina, 2008]. Eta, horien artean, lehenengoekin gelditzen naiz, Atenasekoekin; garai horretan oso zaila zen domina irabaztea, eta nik banekien aukera gutxi nuela, eta gehiago gozatu nuen esperientzia. Txinan, berriz, helburu oso argia neraman, eta askoz kontzentratuago joan nintzen. Han, berriz, Los Angelesen (AEB) gertatu zaidan gauza bera gertatu zitzaidala uste dut, ordu aldaketak eragin handia izan zuen nigan.
Eta kirolari dagokionez ?
Olinpiar Jokoak baita ere. Teorian Munduko Txapelketan kirol maila altuagoa den arren, jokoak lau urtean behin dira, eta puntan ibili behar duzu lau urteetan, eta toki mugatuak dira, herrialde asko bertan azaltzen delako.
Aurtengo Londresko Paralinpiar Jokoetarako sailkatuz gero, parte hartuko duzun azkenekoak dira, ezta?
Bai, hala da. 44 urte ditut orain. Maila horretan entrenatzea kostatzen hasi zait, eta nik entrenatzen gozatzen dut. Agian beste urtebetez euts niezaioke, edo bi urtez; baina hurrengo jokoak lau urte barru izango dira. Hala ere, aurrekoan gauza bera esan nuen, baina, tira, horren ondoren entrenamenduetarako beste lan erosoago bat eskuratu nuen, eta errazagoa izan zen entrenatzea. Orain, esaterako, goizetan entrenatu, eta arratsaldetan lan egiten dut. Horrez gain, BAT Basque Teameko kidea naiz; beka bat eman didate, eta horrek ere laguntzen du.
Gasteizko Zuzenak taldeko kidea zara; ez al dago zuretzako talde egokirik Gipuzkoan?
Ni hasi nintzenean, ezer gutxi zegoen kirol egokituaren alorrean. Quebrantahuesos proba prestatzen ari nintzela, mediku azterketa batean galdetu egin nuen ea kirol egokituaren inguruan zerbait zekiten. “Lazkaon Espainiako txirrindularitza txapelduna den gizon bat dago”, erantzun zidaten. Horren ondoren, elkar aurkeztu gintuzten, eta berak eman zidan Gasteizko Zuzenak taldearen berri. Han, zera esan zidaten: “Guri berdin zaigu ona edo txarra izan, guk nahi duguna da ahalik eta kirolari gehienei laguntza ematea”. Taldea ez ezik, irabazi asmorik gabeko fundazioa ere bada.
Orain talderik ba al dago Gipuzkoan?
Orain bai. Integrazioa gertatu da; hau da, orain nik ez nuke Usurbilgo talde normalean izena emateko arazorik izango. Baina kirol emaitzak jasotzen hasi nintzenean Gasteizko taldea uztea ez zitzaidan ondo iruditzen.
Baina Gipuzkoan entrenatzen zara.
Tolosan ditut prestatzaileak. Ainhoa Artolazabal eta Emaitz Izagirre dira. Nire medikua, berriz, Gasteizkoa da, baina hemen entrenatzen naiz, Donostiako belodromoan zein hemengo errepideetan.
Nola hasi zinen bizikletan?
Urritasuna orkatilan daukat. Horren eraginez, gihar bikiak atrofiatuta gelditzen dira. Ebakuntza guztien ondoren, medikuek esan zidaten igeri egin edo bizikletan ibil nintekeela, eta orduan igerileku gutxi zegoenez… aitarekin bizikletan ibiltzen hasi nintzen. Hor zikloturista hasi, eta maila igotzen hasi nintzen, nahiz eta plater handia erabiltzeko urtebete baino gehiago behar izan nuen. Horren ondoren, Quebrantahuesos lasterketaz hitz egin zidaten; ordurako zikloturisten Donostiako Klasikoa egina nuen. Lehiaketetan hastea 1998an erabaki nuen.
Asko aldatu al da txirrindularitza egokitua urteotan?
Bai, ikaragarri; zerikusirik ez dauka. Hasieran zikloturisten maila geneukan, eta, orain, 23 urtez azpikoekin eta gazteekin batera ibiltzen gara. Kirol normalizatuko probetan aritzen gara maila igotzeko.