Eider Goenaga Lizaso
Goizeko 09:45 dira kazetariak Axular lizeoko LH6ko gelara sartu direnean. Miren Elgarresta Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria eta Idoia Luzuriaga aldundiko teknikaria ari dira 11 urteko umeei azalpenak ematen. Indarkeria matxista da gaia, eta DenokZu sentsibilizazio kanpainaren parte da LH3tik LH6ra arteko umeekin egiten ari diren lanketa. Axular lizeoan asteartean egin zuten saioa, eta irailaz geroztik bisitatu duten 40. ikastetxea da.
Umeek enpatiaren gaia landu dute lehenik, eta pixka bat kostatu zaie indarkeria sufritu duen emakumearen tokian jartzea; baina lortu dute. Biktima batek senti dezakeena azaltzen duten hitzen zerrenda luzea dago arbelean idatzita: beldurra, negargura, amorrua, inpotentzia, haserrea, mina… Mutil bat ari da horiek idazten, ikaskideek esan ahala. Isiltasuna sortu da kazetariak eta argazkilariak sartzean, lotsatuta daude umeak, baina berehala hasi dira berriro besoak altxatzen eta hitza eskatzen.
Horrelako egoera batean emakume bati nola lagundu dakiokeen galdetu die Luzuriagak umeei. “Adierazi behar zaio bera ez dela gutxiago”, esan du mutiko batek. “Autoestimua igotzen lagundu”, ondoren, neska batek. Zerrenda luzea kasu horretan ere: heldu baten laguntza eskatu, biktimarekin egon, kontsolatu, sentimenduak adierazten lagundu, entzun, babestu, animatu, bakardadea saihesten lagundu, defendatzeko indarra eman… Foru Aldundiko programaren barnean, bi kontzeptu landu dituzte ikastetxeetan: enpatia eta tratu onak. Bigarren arlo horren barne hartu ditu Luzuriagak biktimari laguntzeko umeek proposatutako hitz guztiak.
“Orain badakigu zer den”
Indarkeria matxistari buruz lehenago ere zer edo zer entzuna zuten LH6ko umeek. 11 urte dituzte, eta, diotenez, batez ere telebista eta egunkariak dira informazio iturri. “Baina indarkeria matxista zer den ikasi dugu gaur; lehen, agian, ez genekien oso ondo definitzen. Orain badakigu zer den, eta badakigu nola jokatu”, azaldu du Aitor Mendiluzek. “Niretzat, indarkeria matxista da mutilak neskei gauza itsusiak esatea eta molestatzea. Batzuetan botatzen dituzte piropo bezala, baina jarrera itsusiarekin, eta neskari ez zaio gustatzen. Beldurtuta senti daiteke, eta bakean uztea nahi du”, gehitu du Nerea Ugartek. Mendiluzek eta Ugartek kalean edo eskolan inoiz ez dute ikusi halakorik, baina uste dute, jasotako azalpenekin, gai izango liratekeela identifikatzeko. “Pertsona horri nola lagundu, hori da gaur ikasi dugun interesgarriena”, gehitu du Ugartek.
“Mutilek eta neskek eskubide berdinak ditugula”. Horixe Ander Alzugaraik aldundiko teknikariekin egindako saiotik ikasitakoa. “Neska izateagatik, ez dira ezberdinak, eta ez ditugu ezberdin tratatu behar. Eta niretzat indarkeria matxista da ezberdin tratatzea, neskek botere gutxiago dutela esan eta horregatik gutxiestea, soldata txikiagoa izatea… hori guztia”.
“Gure gelan, eta eskolan ere bai, neskak eta mutilak berdinak gara, eta berdin tratatzen dugu elkar. Ezberdinak gara, baina guztiak gara ezberdinak, eta horrek ez du esan nahi ezberdin tratatuak izan behar dugunik”. Ainhoa Lasterraren hitzak dira, eta, dioenez, inoiz ez du sentitu neska izateagatik gutxietsi dutenik edo okerrago tratatu dutenik. “Baina konturatzen naiz halakoak gertatzen direla, errealitatea direla; amorrarazi egiten nau telebistan-edo horrelako zerbait ikusteak”.
Mendiluzek, Ugartek, Alzugaraik eta Lasterrak berehala jaso dute besoa, kazetariak hitz egiteko prest dauden lau boluntario eskatu dituenean, eta berdin egin dute gainerako ikaskideek ere. DenokZu kanpainari lotutako trebakuntza saioaren ostean, guztiek dute zerbait esateko gogoa, antza. Miren Aranburu aldundiko teknikariak azaldu duenez, parte hartzeko gogoa eta naturaltasuna izan dira lan saioen ezaugarrietako bi. “Oso parte hartzaile agertu dira, eta hori oso garrantzitsua da, ez baita gai samurra, eta naturaltasun horrek asko laguntzen du”.
Beste ezaugarri bat ere nabarmendu du Elgarrestak. “Harritu gaitu nola barneratzen dituzten kontzeptuak, eta zein erraz identifikatzen duten indarkeria matxista; eta ez naiz ari indarkeria fisiko eta ageriko horretaz, baizik eta agerikoak ez diren indarkeria adierazpenei buruz; berehala identifikatzen dute zer den indarkeria matxista”, gehitu du Elgarrestak.
Aurpegia eman
Indarkeria matxista identifikatu, detektatu, biktimaren tokian jarri eta erantzun egokia emateko tresnak eskaintzea da ikastetxeetan egin dituzten saioen helburua; baina, Aranburuk azaldu duenez, hiru hilabeteotan ikusi dute ikasleek aurrez barneratuak zituztela hainbat balio. “Ikusten da hainbat kontzeptu jada landuak dituztela; esaterako, guk lantzen ditugun bi tresnak, enpatia eta tratu onak, aurrez landuta zeuzkaten bullying-aren kontrako Kiva programarekin, edota elkarbizitzarako beste proiektu batzuekin. Generoaren eta indarkeria matxistaren ikuspegia txertatu dugu guk; baina, funtsean, berdina da, biktimaren tokian jartzea eta biktimari laguntzea”.
DenokZu kanpainaren irudia emakume baten aurpegia duen maskara bat izan da orain arte —eskumuturreko bat banatuko dute aurrerantzean—, eta, maskara eskuan hartuta, Elgarrestak azaldu die umeei horren arrazoia. “Emakume hau Ane da; asmatutako izen bat da, baina indarkeria matxista sufritzen duten neska eta emakume guztiak ordezkatzen ditu. Maskara jartzen dugunean, emakume horiei adierazten diegu ikusten ditugula, gure atxikimendua dutela, jartzen garela beraien tokian eta beraien alde aurpegia emateko prest gaudela. Prest zaudete zuek ere?”. “Baiii”, erantzun dute ikasle guztiek, aho batez.
Lan saioa amaituta, ikastetxeetan egin duten sentsibilizazio kanpainaren balantzea egin du Berdintasun zuzendariak, eta aurrera begira jarri da. “LH3tik LH6ra arteko umeei tresna batzuk eskaintzea izan da kanpaina honen helburua. Horretarako, hezkidetza tresnekin egokitu ditugu DenokZu kanpainaren edukiak, eta adin tarte horretarako prestatu”. Berrogei ikastetxe eta bakoitzean, batez beste, 50 ume jarri dituzte indarkeria matxistari begira. “Guztira, Gipuzkoako 2.000 ume ingururekin egin ditugu lan saioak hiru hilabeteotan, eta jarraitzeko asmoa dugu. Espero dugu datorren urtean saio hauekin jarraitzea, eta saio horietan estereotipoak, gizon-emakumeen arteko berdintasunaren gaia eta bestelako gaiak lantzea”. Berez, azaroaren 25erako, indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko egunerako amaitu nahi zituzten lan saioak, baina, hainbat ikastetxek egin dute eskaera, eta zenbait saio gehiago egingo dituzte aurtengo jarduna amaitu aurretik.
8 eta 11 urtekoak dira umeak, gazteegiak oraindik indarkeria matxistaren adierazpen ezberdinak beraien azalean bizi izateko. Baina, teknikariek diotenez, lan saioetan ondo identifikatzen ez zekiten hainbat egoera erreal azaldu dizkiete umeek. “Neskato batek, adibidez, kontatu zigun lehengoan kalean ikusi zuela neska gazte bat, eta gizon batzuk ari zirela hari gauzak esaten. Ez zuen entzuten zer esaten zioten, baina neskaren jarrerak eman zion atentzioa. Gurekin egon ostean, esan zigun orain konturatzen zela zer hori indarkeria matxista mota bat zela; neska ez zegoela eroso, eta bere jarrerak erakusten zuela erasoa sentitu zela”.
“Beraiek telebistan ikusi eta prentsan irakurtzen duten errealitate horri genero ikuspegia txertatu eta izena jartzen lagundu diegu, ideiak ordenatzen. Gauzak beraiek ulertzeko moduan esplikatu dizkiegu, eta etorkizunera begirako tresnak eman”, azaldu du Luzuriagak. Ikasleei honela hitz egin die ikasgelan: “Zuek pentsatuko duzue, ni ume bat naiz-eta, zer egin dezaket nik horrelako egoera baten aurrean? Bueno, bada, jarrera irekia eduki, errespetuz jokatu eta begiratu, entzun eta bestearen tokian jarri. Eta, oraindik ez, baina laster kalean egongo zarete, santomasetan, parrandan, eta orduan gogoratu zaitezte gaur entzun eta ikasi duzuenaz, eta jokatu gaur ikasi duzuen bezala; pertsona hobeak izango zarete, eta gizarte hobea egiten lagunduko duzue”.
Hezkuntza sisteman eragin
Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariaren esanetan, hori da, hain zuzen ere, ikastetxeetan jardutearen arrazoia: etorkizuneko gizartean eragitea. “Badakigu aurrean daukagun arazoa oso handia dela, indarkeria matxista desagertzeko eta berdintasunera heltzeko urrats asko ditugula egiteko, eta ez dugula lortuko egun batetik bestera; horregatik, erabaki dugu hezkuntza zentroetara etortzea, hezkuntza sistema estrategikoa delako gure gizartea eraldatu nahi badugu”.
Luzuriagak azaldu duenez, aurten landu duten adin tarte horretan umeek, oraindik, berdintasunean bizi direla sinesten dute. “Ez dituzte ikusten ezberdintasunak, baina, adinean pixka bat aurrera eginez gero, nerabezarotik aurrera, kalte handia egiten du berdintasunaren itxura faltsu horrek, pentsatzen dutelako berdintasuna badagoela, egiaz ez dagoen arren”. Horregatik, ezeroso sentiarazi gabe eta hizkuntza eta adibide egokiak erabilita, errealitatearen beste aurpegi bat erakusten diete umeei. “Gaur umeak dira, baina laster gazteak izango dira, eta helduak gero; etorkizuneko gizartea osatuko dute beraiek, eta harremana sanoa eta errespetuzkoa izatea nahi badugu, lanketa egin behar da aurrez”.
Prebentzioa
Halako saioen garrantzia nabarmendu du Axular lizeoko zuzendari Aitor Uriondok. “Pertsonak heztea da gure erronka nagusia, eta pertsona horren heziketan sartzen dira bai konpetentziak eta bai balioak. Etorkizunean gizarte hobea eraikitzeko beharrari erantzungo dioten pertsonak nahi ditugu, eta horretan, dudarik gabe, ezinbestekoa da berdintasuna balio gisa txertatzea”. Ikastetxean edozein modutako gatazkak sortzen direnerako bitartekoak, estrategiak eta egiturak badituztela gaineratu du Uriondok. “Horrelako gauza bat gertatzen bada, denok, irakasle, ikasle eta familiek elkarrekin erantzun behar dugu”. Hala ere, halako arazoei aurre egiteko formula magiko bakarra ikusten du Axularreko zuzendariak, eta hor kokatu du aste honetan euren lizeoan egindako lan saioa: prebentzioa.
Leave a Reply