Donostiako Udalak hiriko autobus geltokiaren kokapenari buruz erabakitzen duena erabakitzen duela ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak kokapena “errespetatu” egingo du eta proiektu horretarako hitzemandako bost milioi euroak eraikuntza lanetara bideratuko ditu. Hala jakinarazi zuen Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko Azpiegitura diputatu eta bozeramaileak asteazkenean, udalak Loiolako Erriberan, Memoriaren Parkearen azpian gauzatu asmo duen proiektuaren nondik norakoen berri izateko Ricardo Burutaran Donostiako Hirigintza zinegotziarekin egindako bilerara sartu aurretik. “Aldundiak diru sail bat eta hitzarmen bat sinatuta dauzka, eta ateratzen den kokapena errespetatuko dugu. Kopuru ekonomikoa gauzatu egingo da”.
Udalak proposaturiko egitasmoa “printzipioz interesgarria” iruditzen zaiola adierazi du Ugartek, baina xehetasunak jakin beharra dutela, diputazioak bere momentuan oniritzia eman beharko duelako. “Aztertzen dugunean eta arretaz begiratzen dugunean esango dugu zein den diputazioaren proposamena”, azaldu du.
Donostiako autobus geltokiaren etorkizuna udalbatzaren eskuetan dago. Geltokia Loiolako Erriberan jartzearen aldekoa da Bildu, eta aurreko ostiralean aurkeztu zuen proiektua. Egitasmoa onartzeko udalbatzaren gehiengoa behar du, ordea, eta oraingoz Atotxan kokatzearen alde egin dute oposizioko alderdiek.