Eider Goenaga Lizaso
Nire ahizpak ez zuen bizi nahi, eta askotan esaten zigun hori. Nire ustez, ahizpak ez zelako ausartu ez zuen bere buruaz beste egin, beldurragatik, eta agian guregatik ere bai. Baina horren beldur bizi ginen familia osoa”. Maddi Imazen ahizpak 26 urte ditu orain; 14-15 urte bete arte mutil gorputzean harrapatutako neska bat zen, eta adin horretan hasi zuen aldaketa prozesua. “Hori berez bada motxila bat, karga bat, baina nik oso argi daukat nire ahizpari min gehien egin ziona eta gaur dituen ondorioak utzi zizkiona gizartea izan zela, jazarpena, kalean sufritutako jipoiak, irainak, begiratu txarrak, komentarioak… Berak uste zuen prozesua amaitzean dena gaindituko zuela, baina ez dut uste inoiz gaindituko duenik. Pilulak hartzen ditu antsietatearentzat, lo egiteko… amesgaizto izugarriekin esnatzen da oraindik”.
Imazen ahizpak ez zuen pairatu gelakideen erasorik, baina bai beste umeena. “Irakasle batena ere bai. Andereño batek ez zion bere gelara sartzen uzten neskaz jantzita joaten zelako; pentsa horrek nolako mezua ematen zien beste ikasleei”.
Imazek hori eta gehiago kontatuko du gaur UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Azpeitiko Udalak bullying-ari buruz antolatutako jardunaldietan. Bera da partaideetako bat, eta jazarpenaren arlo ezberdinak ukitzen dituzten hainbat aditu eta Azpeitiko hiru ikastetxeetako ordezkariak izango dira harekin batera.
Gaia “pil-pilean” dagoela adierazi du Eli Moreno Bullying-aren mugak gainditzen jardunaldien antolatzaileak, kontzientzia eta kezka gero eta handiagoa dela bai eskoletan eta bai guraso eta ikasleen artean ere. “Baina oraindik zalantza handiak ditugu bullying-aren mugak zehazteko eta identifikatzeko. Lan handia ari da egiten, eta bidea egin ahala ari gara ikasten bai ikastetxeak, bai familiak, bai psikologoak eta bai bestelako adituak ere”. Halere, oraindik urrun ikusten du jazarpen egoerak desagertzea. “Baina, argi gera dadila, hori ez da soilik ikastetxe eta gurasoen ardura, gizarte osoarena baizik”.
“Duda egitea ona da”
Ikastetxeetan bullying kasuen inguruko zalantza handiak daudela dio Morenok. “Oraindik kosta egiten da kasuak ondo identifikatzea, detektatzea; askotan ez dakigu nola jokatu ere. Dudak dauzkagu, duda handiak, baina hori ona da, zalantza baldin badago kezka dagoen seinale baita”. Kezka horiei erantzuteko asmoz, eta elkarrekin hausnartzeko helburuarekin antolatu dituzte gaurko jardunaldiak.
Bi teoria aipatu ditu Morenok bullying-aren inguruan. “Eta, nik neuk, horien inguruan ere zalantza handiak ditut. Batzuek diote kasu gehiago azaleratzen eta salatzen direla, kontzientzia handiagoa eta kezka handiagoa delako; beste batzuek, berriz, esaten dute egungo gizarte ereduaren eta umeei ematen zaizkien balioen edo baliorik ezaren ondorioz kasu gehiago gertatzen direla”. Teoria bietan ikusten du Morenok arrazoi puntu bat.
Bullying-aren inguruan lanean ari direnak etengabe ikasten ari direla azaldu du Morenok; gaur egun ikastetxe guztietan daudela protokoloak, eta protokolo horiek ere ikasteko bidea direla, esperientziak erakusten baitu nola hobetu. Gainera, bullying-aren fenomenoa bera ere aldatuz joaten dela azpimarratu du, eta horri arreta berezia jarriko diote gaur. “Ziberbullying-ak bereziki kezkatzen gaitu; jazarpenerako tresna berri bat da, eta aztertu beharra dago, aurrea hartu nahi bazaio”.
‘Ziberbullying’-a
Umeek sakelakoarekin, tabletarekin eta, oro har, sare sozialetan egiten duten jazarpenak ezaugarri berezi batzuk dituela gaineratu du Morenok, eta Urko Fernandez da hori aztertuko duen adituetako bat, Pantallas Amigas egitasmoko arduraduna. “Ziberbullying-a ezkutuko fenomenoa da, eta ondorio larriak ditu. Oro har, behaketa tradizionalaren irismenetik kanpo geratzen da, baina, hala izan arren, ez du bullying tradizionalak baino kalte txikiagoa eragiten”, azaldu du Fernandezek. Batzuetan, Interneten egiten diren erasoen anonimotasunak, zabalpenak, edukiak ezin ezabatzeak, biktimaren babes faltak eta detektatzeko zailtasunak jazarpenaren eragina larriagotzen dutela gaineratu du. Horregatik, argi du, beste bullying kasuetan bezala, arreta jarri, salatu eta neurriak hartu behar direla.
Fernandezen aburuz, jazarpena testuinguru digitalean gertatzen denean, helduek eta, batez ere, gerta liteke gurasoek garrantzi bera ez ematea, eta horrekin kontuz ibili behar dela uste du. “Internetekoa bizitza digitala izan daiteke, baina ez birtuala: beste pertsonekin bizitzen ditugun esperientziak eta interakzioak errealak direlako, benetako ondorioekin”. Interneten gertatzen diren erasoak ingurukoentzat ikusezin edo ohartezin gerta ez daitezen, ezinbesteko jo du umeek sarean dituzten esperientziak partekatuak izatea eta gurasoek aholkuak eman eta irizpideak jartzea, baita umeei argi uztea ere bizitza fisikoan bezala bizitza digitalean ere balio, ardura eta errespetu berarekin jokatu behar dela.
Imazek bezala, hori eta gehiago kontatuko du Fernandezek gaurko jardunaldietan. “Niretzat garrantzitsua da bakoitzak bere arlotik bizipenak kontatzea eta partekatzea, emoziotik hitz egitea, kezkak azaltzea… eta ez bakarrik neurri eta protokoloez aritzea. Horretan saiatuko gara”, azaldu du Morenok.
Leave a Reply