Buruntzaldeko hedabideek eta udalek agenda bateratua aurkeztu dute

Buruntzaldeko tokiko hedabideen eta udalen lankidetzaren fruitu asteon aurkeztu dute: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo kultur eskaintzaren berri ematen duen agenda bateratua. www.buruntzaldea.org webgunearen atal bat izango da agenda bateratua (http://euskara.buruntzaldea.org/euskara/agenda), eta euskaraz eskainiko da. Hain justu, aurkezpeneko agerraldian, besteak beste, agenda euskaraz izatea azpimarratu du Ainara Rodriguez Andoaingo alkateordeak. “Buruntzaldeko kultur eskaintzaren informaziorik osatuena eta eguneratuena, gaur egun, euskaraz ematen da”. Sei herrietako udal ordezkariek eta tokiko hedabideek 2009an ekin zioten agenda bateratua sortzeko egitasmoari.

Rodriguezek, udalen eta tokiko hedabideen elkarlana azpimarratzearekin batera, herritarrei ekarriko dizkien abantailak ere nabarmendu ditu: “Agenda honekin, gure herritarrek herriko mugetatik harago informazio hori helaraztea lortuko dugu”, adierazi zuen; “eta, gainera, euskaraz”.

Agenda horren elikaduraren ardura tokiko hedabideen gain egongo da. Hala, Noaua!-k Usurbilgo ekitaldiei buruzko informazioa sartuko du, Aiurri-k Andoain eta Urnietakoa, Txintxarri-k Lasarte-Oriakoa, eta Hernaniko Kronika-k Hernani eta Astigarragakoa. Agendak, ekitaldi motaren arabera, udalerriaren arabera zein dataren araberako bilaketa egiteko aukera eskaintzen du.

Buruntzaldeko udalek 2002an hasitako elkarlanaren bidearen jarraipena da honako hau. Ordutik, besteak beste, euskaltegien, euskarazko gidabaimenaren zein errenta aitorpenaren inguruan hainbat egitasmo egin dituzte. Guztiak, euskararen erabilera areagotzeko garatuak.